Sokatira linguistiko betean

Sokatira linguistiko betean –

Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketa | EHK

Ez du ematen sokatira linguistiko betean dihardugula, baina gaude halaxe dela. Euskal Herri penintsularrera mugaturik, hemen, egunero, sokatiran ari gara gaztelaniaren ala euskararen alde. Baina bi taldeen artean desproportzio ikaragarria dago; gaztelaniaren alde tiratzen dutenek Espainiako estatua, haren legedia eta epaileak baitituzte berme, eta haien alde egiten duten indar autonomikoak, bai Nafarroan, bai EAEn ere. Erdararen aldean, hamar tiratzaile; eta, bestean, Nafarroa Garaian, tiratzaile bat, eta EAEn, tiratzaile bi. Ez dago igarle edo azti bizkorra izan beharrik deman irabazle alde handiz nor doan igartzeko.

Donostiako Miramongo parke teknologikoan adibidez, jende gaztea asko ikusten da. Salbuespenen bat kenduta, erdaraz entzuten dira hamarretik bederatzi. Parke teknologiko euskaldunena izango da. Lan, zer hizkuntzatan egingo dute nagusiki? gaztelaniaz… eta ingelesez? Entzuten da sarri: “enpresak irabazteko daude”, eta euskara ez da lan-hizkuntza interesgarria, salbuespenak salbuespen. Badakizue, enpresa pribatuetan…

Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak sustatzeko legez besteko proposamena. ELAk, LABek eta Kontseiluak adostu zuten proposamena eta EH Bilduk eraman zuen legebiltzarrera. Lanbide arteko itunetan patronalak edo langileek borondatea adieraziz gero, euskara planak negoziatzeko beharra jasotzen du proposamenak. Euskara planak malguak izan ohi dira, eta emaitzak ere, oro har, apalak; bada, halere, proposamenaren aurka; Hizkuntzen sokatira-deman bakoitza zein aldetan jartzen den erakusteko balio du gertatutakoak.

Orain aurrekoan, Irunen hamabi udaltzain hartzeko oposizioari jarri zion CCOOek helegitea, eta oraingoan, Bilboko ordezko udaltzainen lan-poltsari, euskarazko B2 eskatzeagatik. Jakina denez, B2 hizkuntza-eskakizuna izateak ez du bermatzen elkarrizketa bat euskaraz egiteko gai izatea. Oso ohikoa da B2 aspaldi aterea izatea eta dagoeneko gauza ez izatea elkarrizketa arrunt bat euskaraz egiteko. Berez, gaitasuna bermatzeko modu bakarra oposizioan proba bat jartzea da non lehiakideek, idatzizko azterketaz gainera, elkarrizketa arrunt bat euskaraz egin beharko luketen; hartara, euskaraz jakin arren B2 ez daukatenek ere arazorik ez izateko; hots, titulitisa baztertzeko, eta Madrilen edo Parisen antzera funtzionatzeko. Hor ere garbi dago sokatiran, bakoitza non paratzen den. Adibide faltarik ez dugu, horra bestela azkena (momentuz): Irungo udal osoko bilkurara, gobernukide den Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk eraman duen ”euskara eskakizuna lanpostu publikoetan malgutzea” eskatzen duen mozioa.

Eguneroko sokatira linguistikoan, Nafarroako Gobernua, meritu gisa alemana eta ingelesa balioetsiz eta euskara baztertuz, eta Eusko Legebiltzarra, euskara planen aldeko proposamena arbuiatuz, eta CCOO hizkuntza-eskakizunei helegiteak jarriz, eta epaileek helegiteak onartuz, euskararen aurka ari dira tiraka indar handiz. Nola iraungo dugu euskaldun sokatira desproportzionatu honetan? baldintza soziolinguistiko eta politiko hauekin?

Francoren diktadura garaian, eskubide zibil eta linguistikoen zapalkuntza gordin-ankerrak sortu zuen erreakzio miresgarria euskaldun sentitzen zirenen artean; baina, orain, Espainiako demokrazia autoritario eta autonomismo epel honetan erasoaren araberako erreakziorik apenas ageri den. Abertzalea zein den jakiteko neurgailu onena hizkuntzarena da, baina hizkuntza fenomeno soziala da, eta gizartean baldintza soziolinguistiko egokiak sortu ezean, norbanako abertzale-euskaltzaleenek ere jai dute, hariak meheenetik eteten jarraitzen baitu XXI. mende hasiera teknologiko-digital honetan ere, eta ez gutxiago baizik eta areago esango nuke, aurreko garaietan baino.

Frankismoan bezala, orain ere herri-ekimenak abiarazi behar luke, premiaz, erreakzioa. Alferrik gaude erakunde publikoen bultzadaren zain, Nafarroan indar uniformizatzaile espainiarren esku daudelako oro har, eta EAEn, uniformizatzaile espainiarren eta JELtzale epelen arteko koalizioaren esku. Sokatira-dema arras desorekatu honetan irabazteko, ahalik eta euskaltzale gehienen tiraldi bateratuaren behar gorria dugu. Garai ilunago hartan ere, jakin genuen batera jokatzen.
Oraintxe behar du, berandu baino lehen.

Pako Sudupe, Oskar Caballero eta JJ Agirre
Plazara! ekimeneko kideak

Sokatira linguistiko betean

8 pentsamendu “Sokatira linguistiko betean”-ri buruz

  • “Frankismoan bezala, orain ere herri-ekimenak abiarazi behar luke, premiaz, erreakzioa”. Azken paragrafoa ez da nirea; hori kentzen badiozue artikuluari tristea gelditzen da, ezta? Egoera halakoxea da nire ustean. Onartu dut azken paragrafoa nolabaiteko irtenbide bat proposatzen duelako. Baina, gauden egoeran egonda, benetan aukerarik badago herri-ekimen indartsu bat abian jartzeko zazpi euskal lurraldeetan?

    Gaur bertan irakurri dut Berria-n, Xabier Arregi Gordoaren “Normalkuntzarenak egin du” izenburuko artikulua. Izenburuak harako estatutua hilda dagoelakoa ekarri dit gogora –1997ko aldarri hura–, artikuluaren mamiaren funtsa honako hauxe baita: “Lehenik, euskara ekarri behar da berriro jokaleku politikora, eta legedi berria mamitu behar da”.

    Bai, biak behar dira: euskararen aldeko herri-ekimen indartsua eta politikari abertzaleen bultzada benetakoa eta indartsua, lege berri aurrerakoia mamitu eta aurrera eramaten joateko erabakimenez. Une honetan, ez da halakorik sumatzen.

    EAEko herri-ekimen eta instituzioen arteko elkarlanaren emaitza den “Euskaraldia” da irtenbidea? Ez, nire iritzian. Horren lelo nagusia norbanakoari zuzendua da: nahi al duzu euskara bultzatu? Bultza dezagun!; baina gure gizarte erdaldunduan, arlo gehienetan hauxe daukagu nagusitua: erdaraz egizu nahitaez, bestela gaizki ibiliko zara eta!

    Une honetan ez dut ikusten itxaropenerako zirrikitu handirik. Eskozian badirudi asko baino lehen egingo dela bigarren autodeterminazio edo independentzia erreferenduma. Horrek bere eragina izan dezake Katalunian, eta, menturaz, gure egoera politikoan ere. Eta Eskozian gaelikoarekin gertatu dena gerta dakiguke guri ere baina ez derrigor, ezta?

    Dudarik gabe, herri-ekimena eta politikarien eta instituzioen bultzada behar dira, eta herritarren atxikimendua. Noiz?, nola?

  • Egoera tristea dela baderitzogu, arrazoi dugu erratea. Euskalzaleentzat, danjerraren ukapena eta eragiten duen baikortasun zozoa hilgarriak dira azkenean ez gaituztelako akzio eraginkorrera bultzatzen.
    Nik ere interes handirekin so egin nion nuen azken paragrafori eta pentsatzen ari nintzan proposatzen duen herri-ekimenaren ideia behar zela berriro aztertu eta arraberritu iragan hurbilean egin dugun esperientzien argitan. Herri ekimena, gaurko egunari egokiturik ere, hastapenean tipia izanen da izatez eta bere erritmoan ingurumena endekatzen bada ere edo… batez ere.
    Bestetik pentsatzen ari nintzan ideia ona zela iruditeria fisikoak lan politikan erabiltzea. Guk baino pertsonaia hobe batzuek erabili dute kontzientzia kolektiboa hazteko eta akzioak inspiratzeko. Baina ez zaut iduritzen soka-tiraren irudia, nahiz herrikoia izan, bat doanik egoerarekin eta opa dugun herri ekimenarekin. Gurean ez behintzat. Soka tiran aurretik galdua dugu eta! indarren disproportzioa lehergarria da! Behar bada palankaren irudia egokiagoa litzateke gue indar mugatuentzat.
    Zer nahi dugu altxatu? nolaka palanka asmatu?nun pausatu berme-puntua? zer distantzian zapaldu? zer indarrekin?
    Herri ekimena irudi horrekin ongi loake. Ez ote?
    Joxemiri jada erran bezala bat nago plataforma honen kezkeekin. Ixiltasunean, intrusiorik ez egiteko, piskabat urrundik ikusten eta jujatzen baitut

  • Palankaren ideia ona duk, Beñat!
    Pisu handiak altxa daitezke palankaren laguntzaz… eta behar denean palankadaka bat edo beste banatu ere bai, krkrkr.

  • Frankismoan, euskara “debekatua” zegoelako “ustea” zabaldua zegoen, batzuk de facto hala zutelakoz, euskaldun-euskaltzale zirenak, alegia. Eta euskara galdu zutenetako askok eta askok beren utzikeria edo eta errua estaltzeko “uste” hori komeni zitzaielakoz. Denak ginen iritzi horretan ados.
    Orain, aldiz, euskaldun-euskatzaleok debekatua dugu euskaraz aritzea, Aadministrazioak eta botere politikoak bazterturik gauzkatelakoz.
    Gainera, beren propaganda pozoitsu horrekin sinestarazi nahi digute euskararen bizi iraunpena segurtaturik dagoela. Eta propaganda hori sinetsi egin du gizarte desestrukturatu honek.
    Euskaraz bizi nahi eta ahaleginak egiten ditugunok, egunero, orduoro dugu debeku hori nozitzen. Beraz, gezurra hori salatzez ez gaitezke gelditu, euskara inoiz egon den unerik larrienean baitago. Frankoren manupean orain baino askoz hobeki ginen arlo anitzetan, erabileran, kasurako.
    SALAKETA da lehen eginbeharra. Hortik abiatu eta aukerak sortzen hasiko gara.

  • Frankismoa garai kuriosoa da. Zapalkuntza gordinaren erdian,
    euskararen aldeko motibazioa handiagoa zen gaur egungoa baino.
    Erabilera handiagoa denik esatera ez naiz ausartuko. Orduan,
    euskaltzaleok argi geneukan zein zen gure “etsaia”… gaur egun,
    zeintzuk dira euskararen etsaiak? Diskurtsoei erreparatuz, inor ez.
    Denak daude euskararen alde, Vocento taldea, CCOO, ertzainak, Opuseko
    unibertsitatea, Españako erregeak eta abar. Hori bai, praxiak ez du
    hori erakusten…

  • Gaur egun, euskaltzaleok pixkat galdurik gaudela uste dut. Estatu
    zapaltzaileak omen dira euskararen etsaiak. Argi dago euskarak
    jasotzen duen egiturazko zapalketa estatu arrotzek eragindakoa dela.
    Baina frankismorako baliagarria zitzaiguna, gaur egun hankamotz
    geratzen zaigu… analisi oso sinplea da hori. Bilboko batzokietan eta
    herriko tabernetan espainolez egiten da gehien bat, estatu
    zapaltzaileen erruz? Deia, Gara eta EITBn espainola jaun eta jabe da
    estatuen opresioagatik? Izan gaitezen zintzoak, gaur egun euskararen
    etsairik handienak etxe barruan dauzkagu eta denok dakigu zeintzuk
    diren… Baskongadetako boterea alderdi aberlatzeen eskuetan egon da
    hainbat hamarkadetan. Nafarroan, gaur egungo gobernu euskarafoboak
    alderdi aberlatzeen babesa dauka. Euskara bizirik irauteko etxea
    garbitzen hasi beharko gara…

  • Ez naiz Zuzeura gaztelaniazko edukia ekartzearen zale, baina Eldiario.es egunkari espainiar ezkertiarrean argitaratu den iritzi artikulu hau argigarria da oso.

    https://www.eldiario.es/euskadi/blogs/viento-del-norte/lengua-supremacismo-privilegios-clase-abascal-otegi_132_8438992.html

  • Argigarria? Zergatik?
    Españako ezkerra, eskuina bezalakoa da, española. Beraiekin ez dago zereginik. Beno, bai, guri mendeetan egin digutena.
    Joxe Azurmendiren “PSOE eta euskal abertzaletasuna” irakurtzea gomendatuko nieke despistatuei…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude