Sofan etzanda, euskara bultzatzeko

Sofan etzanda, euskara bultzatzeko –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan argitaratu eta salabardoak Kalamuatik Txargainera blogetik arrantzatua.

Telebista aparatua aspalditik da egongela ia guztietako parte, ezinbestekoa esango nuke, gainera. Gurean, ni jaio eta gutxira sartu zen Helmotz markako gailua, Eibarren bertan egindakoa. Zuri-beltzeko trepeta hartan ikusi genituen luzaroan kanal bakarreko saioak. Hain zen gogorra tresna, ezen ez zen hondatzen, eta, hondatu ezean, telebista berririk ez. Beraz, ETB1 ikusten oso berandu hasi ginen, etxeko gazteenok irrikan egon arren.

Oraingo etxera bizitzera joan nintzenean, ez neukan telebistarik, eta lau urte eman nituen horrela. Erosi nuenean eta kateak sintonizatu, militantziaz-edo, ETB1 lehenengo postuan jarri nuen, orduan euskaraz ikus nezakeen telebista kate bakarra zelako. “Ikus nezakeen” esan dut, baina ez nuen ikusten. Askotan esan izan dut ETB1 ez zela niretako, saio gutxi interesatzen zitzaizkidalako, saio gutxiegi.

Beste alde batetik, esan beharra dago pasa den asteburuan Trio Medianocheren emanaldia izan zela Eibarko Untzaga plazan, San Juan jaien barruan. Honaino, dena normala, jakinekoa baita “hiri guziz eredugarrian” zaletasun handia dagoela halako musikarekin. Ondo eta egoki deritzot estilo guztietako musikak jartzeari festetako programan. Baina emanaldi honek lotuta daraman beste albisteak ernegatu nau: ETBkoak Trio Medianocherekin harremanetan jarri ziren sanjuanetako kontzertua grabatzeko proposamena egiteko. Beraz, badakizue, larunbat gau batean, Oholtzan saioan, prime time-an izango dugu emanaldi osoa! Bravo! Beste saio interesbako bat!

Hau da ETBk eskaintzen diguna euskaldunoi, euskal hiztunoi. Herrietako jaietako emanaldiak grabatu eta eman, edozein telebista lokalek egingo lukeen bezala. Penagarria, benetan! Izan ere, horrelakoez osatzen dute programazioa. Oso ohituta gaude mariatxiak ikustera, eta dantza txapelketak, jota lehiaketak, kantu afariak, kantuzale topaketak… Eta ez zait txarto begitantzen halakoak ematea; eman behar dira, baina ez beti audientzia altuenaren lekuetan, eta ez hain gordin, azalpen eta testuinguru barik, alegia. Horri guztiari betelan usain itzela dario!

Bitartean, ETB2n filmak ematen dituzte, edo eztabaida saioak. Pilotaz eta futbolez betetzen dute, ostera, asteburuko euskarazko kanalaren parrila. Horrela, euskal hiztunoi telebista euskaraz ikusteko aukera lapurtzen digute, eta erdaretakoetan zapping egitera bultzatu. Euskararen proselitismo hutsa!

Baina ezin gintezke harritu. Izan ere, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak adierazpen hauek egin zituen pasa den astean: “Telebista, agian, ez da tresnarik egokiena kultura zabaltzeko. Kultur eskaintzan sakondu ahal izateko, Internet izan daiteke bitartekorik egokiena”. Horrela doaz gauzak gure euskal erdian!

Sofan etzanda, euskara bultzatzekoEgia da telebista kontsumoa aldatu egin dela, baina oraindik ere betiko telebista formatuak funtzionatzen du. Horregatik —eta berandu baino lehen— euskaradunok ganorazko telebista bat behar dugu, gure informazio gosea aseko duena, dibertituko gaituena, denbora-pasa emango diguna. Era berean, argota sorrarazten lagunduko diguna, esaldi eginak eta errepikakorrak bultzatuko dituelako. Gainera, euskal iruditeria zabaldu eta indartuko duena, bertako erreferenteak sortu eta bultzatuko dituena. Herria mamituko duena, berba baten esanda.

Sofan etzanda, euskara bultzatzeko
ETB1, euskara, telebista
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

11 pentsamendu “Sofan etzanda, euskara bultzatzeko”-ri buruz

  • Juanma Sarasola

    ETBri, oro har, bost ajola zaizkio euskara eta euskal kultura. Hamarkada hauetan salbuespentzat jo daitezkeen saioak urriak dira, irla bat dira utzikeriazko politikaz eta ETB2ren bitartez gaztelaniari eta iruditeria espainolari eskainitako ozeanoaz inguratuta.

  • Euskaldunok filmak, serieak eta bideojokoak euskerara bikoiztuta eta azpititulatutak behar ditugu!!!!
    Hortelakoak egongo balira, gainerako euskal kultura, sorkuntzak gehiago kontsumituko lirateke. Ekosistema bat sortuko zen.
    Nire uste apalean, beti ere.

    Ongi izan.

  • Euskalduna (norbanakoa) izan behar da hori guztia sortu behar duena, ezin dugu euskararen zama guztia administrazioan kokatu. Dena den, hori egiten duten taldeak badaude (azpitituluak.com edo gamerauntsia.eus) baina oraindik asko dago egiteko.

  • Euskaldun soilak sortu behar du hori guztia?
    Eta nola, nola lortu itzal pittin bat egitea erderari?
    Bi web orri horiek denok ezagutzen ditugu.Txalogarria da beraien lana. Baina ez da nahikoa.
    Bide batez, aipatuko zenidake, hiztun komunitate bat, non, hiztun arruntek itzultzen, bikoizten eta azpititulatzen duten produktu audiobisualak? Eta sasoian dagoena mesedez.

    Nire ustez, erakundeek, administrazioek, eta estatuek, babesten eta inposatzen dituzte hizkuntzak, eta komunidadeak, bideak sortu eta presionatu behar du.

    Ongi izan.

  • Euskaldun soilaren esku ez bada, noren esku dago ba? Españaren esku? Frantziaren esku?

  • Euskalduna da bere kabuz edukiak euskaratu (eta kontsumitu) dezakeen norbanako bakarra, beraz bai, euskaldunaren lana da hori. Adibidez, interneten soilik ingelesez edo japonieraz eskuragarri dauden bideojokoak gaztelerara inolako laguntza ofizial barik itzultzen duten komunitate asko daude.

    Eta tira, ETB1k duen programazioa nahiko kaskarra izango da baina jada ikusi dugu zer nolako “arrakasta” izan duten ETB1-ek telebistatu dituen euskarazko azpitituluekin edo itzulitako filmak, hutsaren hurrena. Arazoa ez dago eskaintzan, eskaeran baizik (batez ere nagusien artean).

  • Bai, egia, arrakasta ez da handia izan Hego. Eta nik uste, hor inertziak, ohiturak eta bisualizazio faltak asko eragiten du.
    Azpitituluekin adibidez, (itzulpena edo bikoizketa izan zitezkeen), ohartu gauza batez, nahiz ta azpitituluak jeistea legala izan, filma jeistea ez da legala, eta birusak jeisten dituzuela ere bai. Horrek jende asko atzera botatzen du.

    Beste aldetik, azpitituluak eta audio bikoizketak, gaur egungo teknologiarekin, ez dira zertan eman behar soilik etb1ean. Posible da, adibidez, euskadiko liburutegi digitalean sartu, sal-erosten diren dvd-tan, pagoko telebista plataformatan, gainerako telebista kate arruntetan…
    Eta hori guztia promozionatu ohiturak aldatzeko.

    Ongi izan!

  • Denok gaude ados euskarazko telebista-kate erakargarri eta kalitatezko bat edukitze horren ideiarekin, hori ez da gauza berria. Zentzu horretan, artikuluak ez du ekarpen berririk egiten, are gehiago, betiko gaia errepikatzera mugatzen da. Hala, originaltasuna eta kalitatea nahi dugu telebistan, baina ez dugu kalitatezko eduki originalak pentsatzeko ahalegina egiten 400 hitz eskaseko artikulu batean. Imaginatzen dut eguneroko zutabea bete eta pagatxoa jasotzeko prozedimentu burokratiko errutinalaren ondorio dela artikulu honen edukigabetasuna eta originaltasun falta. Bada, ETB1ekin berdina gertatzen dela pentsatzen dut: aurrekontua, diru-laguntza eta soldatak justifikatzeko prozedimentu errutinal burokratiko hutsaren ondorio da bere edukiaren freskura eta ahalegin-falta (Salbuespenak salbu). Funtzionario eta burokrata tipikoaren psikologia endekatua.

    Horrek adierazten digu ez dutela gobernuaren aurrekontuek ez eta administrazioaren ekimenek ekarriko euskara eta euskal kulturaren berpizkundea . Estatu-apartuak bere logika eta interes propioak ditu, baita erkidego kolonialak eta bere administrazioak ere. Ez da jaio eta ez da bizi nazio baten nortasuna defendatu eta indartzeko, ez da hori bere helburua, eta are gutxiago ideologia posmoderno globalista Estatu eta administrazio-ideologia ofiziala bihurtu den egunotan.

    Beraz, beste behin ere, esan beharra dago herritar euskaldunon komunitate antolatu eta kohesionatu baten ahaleginak ekarriko duela soilik euskalduntasunaren biziraupena. Erraza da esatea, zaila berau burutzea, baina ez dago dena horren ilun: onerako edo txarrerako, telebista jada iraganeko mass-media bihurtu da internet, sare sozial, youtube eta online prentsari tokia utziaz. Nik urteak daramatzat telebistari jaramonik egin gabe, sarea delarik nire informazio iturri nagusiena. Eta, momentuz behintzat, sareko edukia herri jabetzari dagokio hein handi batean, hau da, ez da Estatu, administrazio edo multinazionalen monopolioa. Zerk eragozten gaitu euskaldunoi euskarazko azpitituluak internetera igotzera, euskal multimedia edukiak (musika, animazioak, memeak) interneten bitartez zabaltzera, youtubeko kanalak sortzera gai ezberdinen inguruan, euskarazko eztabaida-foroak ireki eta bertan parte hartzera, liburu edo testuak euskarara itzuli eta bertan txertatzera… ez da esfortzu handirik egin behar euskarazko online edukia sortzeko, ez da parlamentu baten baimenik behar ez eta araudirik bete behar ere. Uste dut badela garaia estatulatria hori alde batera utzi eta iniziatiba guk geuk banako zein herritar gisa hartzeko

  • Estatulatria hitzak ageri digu egungo egoera. Eskalez osaturiko gizateria osatzen dugu. Inozokerietan denbora galduz gabiltza..Euskaldunok ere, telebista eta txorakeriaz herdaldundu egin gara. Euskera trakesten ari zaigu.
    Morrontza honetatik banaka esnatuz

  • .Morrontza honetatik banaka esnatuz eta jabetuz sortuko da, sortu litekeen aldaketa. Zerbait berria. Ilunenean gaude, betirako gaua ala egunsentia. Geu gara izpiak!!!

  • TB ez da iraganeko massmedia inondik ere, lehen massmedia baozik, irratiaren eta interneten aurretik.
    Denak daude ellarloturik gainera. Ez dira hedabide independenteak, estu lotutakoak baizik.
    Interneteko euskarazko kontsumoa ere urria da, euskarazko telebistarena bezain pobrea ez bada ere. Eta bai, geronek sortu eta antolatu behar gorria daukagu, alderdi eta sindikatu abertzaleen zain egon gabe. Horiek oso lanpetuta baitaude “Euskal” He?ria españolez eraikitzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude