Si no sabes euskera, aprende!

Si no sabes euskera, aprende! –

Ruben Sanchez Bakaikoak Argia aldizkariko Paradisutik.

Si no sabes euskera, aprende!Rosa Martínezen euskara mailagatik sortu den polemika dela eta, gogoratu naiz duela ia hogei urte Gasteizko hainbat lagun holako pegatinak itsasten ibiltzen ginela parranda gauetan. Pegatinak, gainera, bazuen hatz erakuslea ikusleari zuzendurik. Artean, Unidad Alavesak euskera voluntario kanpainak bazuen oihartzuna Gasteizen. Gaur egun ez nuke holako pegatinarik jarriko. Eta arrazoia ez da Unidad Alavesarenak egin zuenik: Gasteizko jende gehienarentzat pegatina hori, bere hutsean, ez zen oso justua.

Era guztietako ikasleak izan nituen euskaltegian. Jendea matrikula-saria (gu ahalik eta merkeena jartzen saiatu, eta, hala ere, garesti) ordainduta etortzen zen. Orduan, ordutegi ugariena gaueko 20:00etatik 22:00etara zen, astelehenetik ostiralera. Egun ia hutsik dago ordutegi hori. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Neuri ere nagi infinitua emango lidake asteko 5 egun, ordutegi horretan, eguna ostendu, eta gorputza Aski da! oihuka ari zigularik, euskara maiteari emateak.

IVAPera, berriz, goizez joaten ginen, han funtzionario eta funtzionario-gaiei ematen genien eskola, beren lan-orduetan. Autobusez eramaten zituzten. Aukeran ere bazuten barnetegietara joatea, hori ere administrazioaren kontura eta beren lan-egunetan. Bertan, IVAPen, entzuten genituen euskararen kontrako kexa gehien. Normalean, nik, euskara debalde eta laneko denboran ikasteagatik beste batzuen aldean zorionekoak zirela aho txikiarekin gogorarazi arren, arrazoia ematen nien: Zuri ez dizute euskara irakatsi eskolan eta arrazoi duzu horrekin kexu izatea. Ez da bakarrik euskara irakatsi ez izana, ez ziguten (nik neuk ikasi nuen eskolan kasu) ez euskara, ez euskal kultura, ez eus deusik erakutsi. Beraz, normala zen eus hasten zen edozer gauzari, gutxienez arrotz iritzi edo errezeloa izatea.

A ereduan ikasi duen pertsona batentzat zer da normalagoa, euskara maitatu eta bi-hiru urtez ikasi nahi izatea (gehienetan norbere poltsikotik ordainduta) ala euskara (herrialde txiki bateko hizkuntza gutxitu eta garesti hori) ez hainbeste maitatu eta ez ikastea?

Euskararen ifrentzu gaztelania. Aurrekoan Gasteizko EPAn helduei gaztelania eskolak ematen dituen lagun bati galdetu nion zenbat ikasle dituzten. Hiru-lau mila lagun. Gasteizen gaztelania debalde ikasten.

Euskarazko murgiltze-eredu publiko eta bakarra ezarri, eta pertsona gazte-heldu guztiek euskara guztiz debalde (ez diruz lagundua) izateko eskubidea ez duten bitartean, zer ari gara pertsonei euskara ez dakitela leporatzen eta arbuiatzen?

Pertsona batek euskara ikasi ez izanagatik egin dugun kritika bakoitzeko euskararen doakotasuna eta unibertsaltasuna borrokatzeko erabili bagenu, euskararen herri zabalago batean biziko ginateke.

Si no sabes euskera, aprende!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

20 pentsamendu “Si no sabes euskera, aprende!”-ri buruz

  • Kontraesana du artikuluak. Alde batetik:
    “Pertsona batek euskara ikasi ez izanagatik egin dugun kritika bakoitzeko euskararen doakotasuna eta unibertsaltasuna borrokatzeko erabili bagenu, euskararen herri zabalago batean biziko ginateke.”
    Bestetik:
    “IVAPera, berriz, goizez joaten ginen, han funtzionario eta funtzionario-gaiei ematen genien eskola, beren lan-orduetan. Autobusez eramaten zituzten. Aukeran ere bazuten barnetegietara joatea, hori ere administrazioaren kontura eta beren lan-egunetan. Bertan, IVAPen, entzuten genituen euskararen kontrako kexa gehien.”
    Hau da, euskara ikastea dohain zutenek (ordaindutako orduak ez direnean) kexa gehiago zituzten. Doakotasunak, beraz, ez du euskararen aldeko jarrera bermatzen, ez euskararen herria zabaltzen.
    Derrigortasuna da klabea, eta horretara ez gara ausartzen. Barneratuegi dugu zapalduaren konplejua.

  • Zein da gaztelaniaren arrakastaren sekretua? Bai horixe, derrigortasuna. Beste guztia kaka nahasten ibiltzeko gogoa da.

  • ruben sánchez bakaikoa 2020-02-11 17:53

    Tira, derrigortasuna (demagun Frantziak eta Espainiak frantsesa/gaztelania ezarri duten bezain derrigorrezko) gaur-gaurkoz ezin da izan, estatu-subirautzarik ezean behintzat. Beste artikulu bat(zueta)rako emango liguke nolako estatua nahiko genukeen euskarari dagokionez. Hori letorkeen bitartean ez zait pausu makala iruditzen doakotasuna.

    Doakotasunak ez du aldeko jarrerarik ekartzen per se. Ados. Ordaindu behar izateak are kontrako jarrera handiagoa dakar, eta behintzat: Euskara ikasi nahi duten horiek debalde izango lukete. Bakarrik haiengatik merezi du.

    Suposatzen dut derrigorrez eta ordainduta ez duela inork proposatzen ezta? 😉

  • Benat Castorene 2020-02-11 17:57

    Zer da Gazteizko EPA hura nun hiru-lau mila helduk gaztelania ikasten baitute?
    Imigranteentzako eskola bat?

  • Ados, Ruben, euskara ikasteak dohain behar luke, zalantzarik gabe. Eta berandu gabiltza.
    Baina derrigortasuna sustatu daiteke marko autonomikoan ere (ez estatu batean bezain beste, hori zalantzan jarri gabe). Hara zer dion Katalunyako legeak:
    1. El català és la llengua pròpia de Catalunya i la singularitza com a poble.
    2. El català, com a llengua pròpia, és:
    a) La llengua de totes les institucions de Catalunya, i en especial de l’Administració de la Generalitat, de l’Administració local, de les corporacions públiques, de les empreses i els serveis públics, dels mitjans de comunicació institucionals, de l’ensenyament i de la toponímia.
    b) La llengua preferentment emprada per l’Administració de l’Estat a Catalunya en la forma que aquesta mateixa determini, per les altres institucions i, en general, per les empreses i les entitats que ofereixen serveis al públic.
    3. El que disposa l’apartat 2 implica un compromís especial de les institucions per a promocionar-ne el coneixement i fomentar-ne l’ús entre els ciutadans i ciutadanes, amb independència del caràcter oficial del català i del castellà.

    Hara zer dion EAEko euskararen legeak:

    2. artikulua. Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa.
    3. artikulua. Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.
    4. artikulua. Herri-aginteek Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin zainduko dute eta neurri egokiak hartuko dituzte.
    5. artikulua.
    1.- Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.
    2.- Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:
    a) Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.

    Diferentziak ikusten dira, edo? Hemen lotsatuta gaude bertako hizkuntza euskara, eta euskara soilik, dela esateko. Lotsatuta gaude administrazioak euskara lehenetsi behar duela esateko. Eta hori hezurren muinetaraino barneratua dugun inferioritate konplexua da. Eta lege markoa eta abar, aitzakia merkeak.

  • Beñat, EPAk “Educación de Personas Adultas” dira, oinarrizko hezkuntzarik ez duten helduentzako eskolak, gutxienez oinarrizko hezkuntza titulua lor dezaten. Eta atzerritarrentzako hizkuntza klaseak ere eskaintzen dituzte.

  • Independentziaren zain gelditzen bagara derrigortasunaren alde borrokatzeko, gureak egin du. Nik uste dut erreibindikazioetan maximalistak izan behar dugula, eta hiltegira doazen bildotsen zuzentasun politikoa alde batera utzi kontu tabu batzuei dagokienez (derrigortasuna, kasu).

  • Baina derrigortasuna non edo ze arlotan?

  • Gaur gaurkoz, Gernikako Estatutuak hau dio:
    6. artikulua:
    1.-Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
    Gaztelaniarentzat, hau dio Espainiako Konstituzioak:
    Artículo 3:
    1. El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla.
    Nahikoa litzateke Gernikako Estatutuan “ezagutzeko” horren atzean “betebeharra” hitza gehitzea, gaztelania bezala euskara ere derrigortzeko. Horrek derrigortuko lituzke administrazio publiko guztiak, enpresa publiko eta pribatuak eta, noski, herritarrak.
    Derrigortasuna ze arlotan? Arlo guztietan.
    Baina hori eskatzeko lotsatuta gaude. Ez dugu merezi, antza.

    Eta horren atzetik etorriko dira gainontzeko guztiak. Euskara ezagutzea eskubidea den bitartean, boluntarismoaren menpe gaude.

  • Nafarroan gaitzagoa da egoera. Hau dio Amejoremenduak:
    Artículo 9
    1. El castellano es la lengua oficial de Navarra.
    2. El vascuence tendrá también carácter de lengua oficial en las zonas vascoparlantes de Navarra.
    Una ley foral determinará dichas zonas, regulará el uso oficial del vascuence y, en el marco de la legislación general del Estado, ordenará la enseñanza de esta lengua.
    Hortik dator zonifikazioa eta abar. Derrigortasunik batere ez, eta are, zailtasunak ugari.
    Euskal Herri kontinentalean euskarak ez du ofizialtasunik batere.

  • Peru_Gabiriko 2020-02-12 14:44

    “Eta horren atzetik etorriko dira gainontzeko guztiak…”

    Baina zu ze mundutan bizi zara mutil?

    “Eta horren atzetik etorriko dira gainontzeko guztiak…”

    Bai, horixe, dekretuz. Paper guztietan “betebehar” ipiniko dugu eta…listo!

    “Eta horren atzetik etorriko dira gainontzeko guztiak…”

    Bejondeizula, Ba Ote! Horrelako argi-iturriak behar ditugu gure herrian. Bota, bota gehiago. Denak irakurriko dizkizut eta.

  • Ez noski, Peru. Pixka bat es mucho-tik etorriko da normalizazioa. Bideoklip polit bat, gazte batzuk dantzan eta kitto.
    Edo legez indartzen da, edo galbidera goaz. Ikusi nahi ez baduzu, ez ezazu ikusi.
    Penagarria euskaldunok gure buruari trabak jartzea (eztabaida bera tabu bihurtu dugu). Hau zer inferioritate konplexua duguna.

  • Eta bai, dekretuz. Nola sartu zen gaztelania gurean? Dekretuz. Nola indartu dute hebreera Israelen? Dekretuz. Nola egin dute finlandierarekin? Dekretuz.
    Eztabaidak sortuko direla, noski. Komunitate vascofoboak trabak jarriko dituela, bai. baina gutxienez eztabaida sortuko dugu, mahiaginean jarri zein den egoera. Zu bezala, hemen bizi naiz ni.
    Eta eskertuko nizuke “mutil”, “argi-iturri” eta antzeko mezpretxuak aurreztuko bazenitu. Ez nuke beste Nagore bat nahi Zuzeun. Bakarra nahikoa dugu, edo?

  • Peru_Gabiriko 2020-02-12 16:43

    Bai, arrazoi duzu Bakarrarekin nahikoa eta sobera dugu

    Ikusten duzu, lagun, ez naizela ni optimista handi horietakoa gure hizkuntza xume eta apal honi dagokionez. Zuek bezala, nik ere nahi nuke, baina…
    Nire seme-alabei begira (bi seme eta alaba bat ditut) zalantza etortzen zait
    Dekretuz hemen ez da ezer aldatuko, bide horretatik jai duzu.
    Luzeegi joko luke orain hemen hori azaltzeak.

    Hara, gaur eguerdian bertan eman dute telebistan B2 mailara arteko euskara ikastea doainik izango dela hemendik aurrera.

    Ez dakit horrekin aski izango ote dugun mintzoaren biziraupenerako. Baina neurri honek ezer aldatzen laguntzen ez badu, zuk iragartzen duzun dekretuzko betebehar horrek….

    Gaizki esanak barkatu eta ondo izan

  • Derrigortasunaren inguruko 3 ideia:

    – Derrigorrezko hezkuntza amaitzean, haur guztiek euskara jakin behar dute (gurasoek horretan ez dute zer erabakirik).
    – Administrazioan lan egiteko, postu guztietan, euskara jakin behar da.
    – Komunikabide orokor guztietan, euskararen presentzia duina bermatuko da.

    Zerrenda askoz luzeagoa izan daiteke, baina hiru puntu horiek funtsezkoak dira hizkuntza batek bizirik irauteko.

    Horiekin zalantzak dauzkanak, edo gehiegizkoak direla deritzonak, “gaztelania” jar dezala “euskara” agertzen den tokietan. Bai, horrela egiten da.

  • Benat Castorene 2020-02-12 19:08

    Erabat ados dekretuak euskararentzat ezinbestekoak izanen dira, frantsesarentzat eta gaztelarentzat izan ziren bezala.
    Lehenik kapaz izan behar gara dekretu beharrezkoak egiteko
    Gero dekretuek ez dute dena soluzionatuko batez ere nolanahika dekretatuak badira.
    Izan ere, denbora berean, euskara egiazko kultura hizkuntza bilakarazi behar ginuke, bide horretan hasi behintzat, bestenaz derrigorrezko hezkuntzatik landa denak erdaraz ariko gara.
    Kultura hizkuntza bilakatu gabe ezdakit hizkuntza bate erek luzara iraunen duenik.

  • Dekretuak ez ezik, gizartearen pisua ere izan behar da euskalduntzearen oinarri. Dekretuz ezin izango da enpresa pribatuen hizkuntza aldatzea, baina gizartearen eskaera euskararen alde egiten badu, gauzak aldatuko lirateke.

    Negozioetan/negozioekin ere lehen hitza beti euskaraz eta euskaraz ez badakite, ba agur.

  • Ba ote eta Gilentxorekin guztiz ados. Baita Beñatek egindako azken oharrarekin ere. Derrigortasuna eta kultura-hizkuntza, biak ala biak zaizkigu ezinbestekoak. Hortaz, legeak aldatzeaz batera, beste gauza asko aldatu beharko ditugu, alderdi eta sindikatu abertzaleen jarreratik eta jardunetik hasita.
    Bestalde, Jaurlaritzak euskara ikastea doakoa izango dela iragarri du (EHBilduren ekimena zena, EAJrena balitz bezala salduz, kopeta latza), baina GEZURRA dio. Doakotasun (oso) MUGATUA da onartu dena.
    Batetik B2 mailara artekoa delako.
    Bestetik, AURRERATUTAKO dirua berreskuratzeko, B2 maila GAINDITU beharko delako.
    Ez dut uste espainiera ikasteko baldintzak horiek direnik…
    Nazkatu samar nago EAJ-k egiten duen euskararen erabilera lotsabakoaz.

  • Eta beste muga bat ere badu doakotasun ustezkoak: klaseen %75era azaldu beharra dago. Hau da, aprobatu arren, klaseen %60ra bakarrik azaldu denari ez zaio dirua itzuliko. Baina, prentsa “afin”ean (EAJren komunikazio organoak dirudite) ez duzu horrelakorik aurkituko titularretan. Ez, prentsa “afin” horrentzat jada doan da euskaraz ikastea, eta hainbatek sinistu dute jada.
    EAJ espezialista da besteren neurriak bereak balira bezala saltzen. Zaharrak berri.

  • Ados nago, gaztelania ikastea (berriz diot: bakarrik Gasteizen 4.000tik gora lagun ari da ikasten gaztelania) doakoa da. Euskara ez.

    Eskerrik asko denoi eztabaidaren tonoagatik.