Sherlock Holmes

http://alteretaego.wordpress.com

 

37_euskal herriko itzulia
Argazkia: Euskal Herriko Itzulia
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: 120mm-ko filma
Neurria: 2456×2456 px (1:1)
Sortze data: 2012/10/09
Latitudea: 43º 04,810´ N
Longitudea: 2º 06,865´ W
Kamera: Holga 120 CFN
Objektiboa: Holga 60 mm F8-11
Distantzia fokala: 60mm
Irekidura: f8
Esposizio denbora: 1/125?
Sentikortasun eskala: 400 ASA
Flasha:

Alter dixit.

Sarri nabil, aspaldi honetan, murrizketen aurkako pankarten atzean baina, egia aitortzen hasita, pagotxa da Estatuarentzat lan egitea: arratsalde asko uzten dizkizu libre. Eta arratsaldez du gizakiak, antza, bere buruarekin zer egin hausnartzeko beta egokiena.

Hala nenbilen ni ere, esku artean nituen zenbait proiektu bukatu zirenetik, joan den astean erabaki bat hartu nuen arte: ingelesa ikasi behar dut. Edo, zehatzago esanda, ikasita nuenari herdoila kendu. Jaitsi dut internetetik Proficiency prestatzeko behar adina material eta gehiago eta ea, eguraldia lagun, aste honetan ekiten diodan.

Jaitsi ditut, bide batez, domeinu publikokoak diren zenbait irakurketa ere, eta aspaldiko lagun batekin egin dut topo. Gazteagook, agian, nik ere gustura ikusten ditudan Sherlock edo Elementary telesailetatik soilik ezagutuko duzue. Zinera ere eraman dute oraintsu baina, egia esan, gehiago gustatzen zait Iron Man aurreko Robert Downey, Jr.

Bitxia da oso lehengo Sherlock, liburuetakoa, eta gaur egungoak erkatzea. 125 urte inguruko aldea dute batak eta besteek eta, Dylan-ek esango zukeen bezala, denborak asko aldatu dira. Gaur egun, kontsumo azkarreko produktuak dira hobesten direnak eta horrek, nahitaez, beharrezko egiten ditu zenbait aldaketa.

Baina estetika edo bestelako kontuak alde batera utzita, erritmo narratiboan eman dira aldaketarik nabarmenenak: denboraren eta akzioaren kudeaketan. Sir Arthur Conan Doyle-en liburuak, bikainak izanik ere, astunak eta geldoak dira. Gauza bat kontatzeko ematen diren kontaezinezko birak, alde batetik, eta pasartea bukatutakoan geratzen zaizun azkenean, ze gauza gutxi gertatu diren! sentsazioa, bestetik, galdu egin dira.

Bakarren batentzat, beharbada, ezaugarri negatiboak dira aipatu berri ditudan biak baina, niretzat, plazera da egunero bizi dugunaren kontrako sentimenduak berreskuratzea, lantzean behin. Benetako Sherlock deduktiboa zen eta horrek, ezinbestean, patxada eta denborarekin jolastea dakartza berekin. XXI. mendeko Sherlock askoz ere aktiboagoa da zentzu horretan: gertakaria egosten ari den lekura joan nahi du, azkar, eta egin beharrekoak egin, beste zerbaiti ekiteko.

Bizitzaren aurrean hartu beharreko jarrerez ari garela, joan den astean institutu bateko maisu bati irakurritakoaz gogoratu naiz. Egunkarietan zein telebistan ugaltzen ari diren pertsonaiak ikusita, niri ere alabari erakutsi beharreko baloreen inguruko dudak sortzen zaizkit, azkenean. Asko ikasi, gero lan duin bat izateko edo sartu Gran Hermanon, eta gero egin Interviú bat?

Hautua ezagunagoa egiten zaidan esparrura ekarriz, Mr. Chopski eta Mr. Kaplan datozkit gogora. Testu hau aberasten duen argazkiari erreparatuz gero, txirrinduan doan gizona une eta leku konkretu horretatik igarotakoan aterakoa da. Baina izan zitekeen, zergatik ez, gizon horri aurrez adostutako une eta leku konkretu horretatik igaroarazterakoan ateratakoa ere.

Argazkia, kasu bietan, bera izango zen, baina argazkiak adierazi nahi duena oso bestelakoa.

Ea aste honetan ingelesari ekiten diodan.

Ego dixi.