Sexu makina baino gehiago da

Sexu makina baino gehiago da –

Miren Lopez Torresek Hala Bedi irratiaren atarian.

Emakumeak eta gazteak garen aldetik, gure koadrilan beti egon da mugimendu feministarekiko zein LGBTIQ+ mugimenduarekiko sentsibilitate handia. Gauzak hala, iazko jaietako playback-a egiterako orduan zerbait aldarrikatzearen ideia bururatu zitzaigun, guretzat esanguratsua zen zerbait.

Urte bat baino gehiago generamatzan lehiaketa horretan Lady Marmalade kanta abestu eta kanta hori baliatuta dantza bat egitea planteatzen, modu horretan arreta deitzeko gure gizartean existitzen diren -eta, zoritxarrez, ontzat ematen diren- zantzu matxistekiko. Kasu zehatz horretan janzteko moduan jarri nahi genuen begi-puntuaren xedea. Janzteko moduek sententzia zentzugabeak justifikatu dituzte abusu eta bortxaketa kasuetan; gure gizartearen zati handi batek, zoritxarrez, txalotzen dituen bitartean. Argi genuen zein izango zen ekintzaren oinarri musikala: “Voulez vous coucher avec moi ce soir”. Eta argi genuen letrak planteatzen duen gonbidapena bezain erakargarria izan behar zela dantza. Gauzak hala, kabaret bat egitea bururatu zitzaigun.

Sexu makina baino gehiago daIdeia argi izan arren, ez ginen egitera animatu, beti jakin izan dugulako Artziniega herri txikia dela, zeinetan jende guztia elkar ezagutzen den. Kritiken beldur ginen, baina duela zenbait urte mutilak galtzontzilotan hankartea nabarmentzen zitzaiela igo ziren, eta inork ez zien ezer esan. Hori guztia buruan genuela eta emakumeak kalean geroz eta gehiago mobilizatzen zirela ikusita, “La manadaren” afera egunkarian zegoenez, pentsatu genuen bazela unea pauso bat aurrera eman eta horrenbeste aldiz pentsatu genuen ekintza egiteko.

Oholtzara igo ginen, ekintza egin genuen eta ondo pasatu genuen, horretarako geundelako jaietan, eta irabazi egin genuen gainera. Baina dibertsioak eta irabazi izanak ez gintuzten gure janzkera eta dantzatzeko moduarekiko kritiketatik salbuetsi. Hori bai, ez zen kritika bat bera ere ez egon galtzontzilotan hankartea markatzen berriz atera ziren mutilentzat.

Argi dago gure mezua ez zela pertsona guztietara iritsi. Alabaina, horrez gain, argi geratu zen kritikatu gintuztenek ez zutela ikuskizuna amaitzerakoan atera genuen pankartako esaldia irakurri, Los Chikos del Maiz taldearena: “No me visto así para provocar, me visto así porque me da la gana y ya está”.

Bide luzea geratzen zaigu oraindik egiteko, eta buru asko hezteke. Baina lan egiten jarraituko dugu gure gauza txikiekin, hau dena aldatu dadin.

Sexu makina baino gehiago da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.