Sexu lana, kriminalizazioa edo aitortza?

Sexu lana, kriminalizazioa edo aitortza? –

Kristina Alvarezek

Pasa den urriaren 24an, LAB Sindikatuaren eta Ipar Hegoa fundazioaren eskutik hainbat ahots entzuteko pribilegioa izan genuen; sexu-lanaren errealitatea eta langile-kolektibo horren beharrak beste ikuspegi batetik ikusten lagundu ziguten ahotsak, alegia.

Sexu lana, kriminalizazioa edo aitortza?

Lehenengo ariketa, ezinbestekoa, langileak direla onartzea, hori ziurtatzen duen dokumentu bat erakutsi beharrik gabe. Bigarren ariketa, hedabideetan ofizialki erabiltzen diren terminoen esanahia bereiztea, sistema hetero-patriarkalak gure ikuspegia nola manipulatzen duen ulertzeko.

Hortik aurrera, guztiontzat oso aberasgarria izan zen solasaldiaz gozatzea.Hiru hizlari, diskurtso argi eta zehatzarekin, bakoitza bere jarduera-esparrutik. Bikaina izan zen Clarisa Veloccik, Genera kolektiboko kideak, emakumeen “trafikoari” eta “tratari” buruz emandako azalpena. Bi termino horien nahasketak mugen kontrolari erantzuten diola esan zuen, eta immigrazioaren kriminalizazio xenofobo eta arrazista eragiten duten politikak sortzeko erabiltzen dela. Era berean, “trata” eta “prostituzioaren” arteko nahasmena indarkeria matxistatzat jo zuen eta sexu-langile guztien jazarpenean oinarritzen dela azaldu zuen.

Bigarren zatian, Paula Sanchez eta Paula Ezkerra izan ziren hizlari. Paula Sanchezek estigmak adierazten duena definituz hasi zuen bere hitzaldia: etiketatua izatea, “desberdina” izateagatik baztertua, botere falta duen kolektibo bateko kide izatea. Azken hori, botere falta alegia, funtsezko osagaitzat hartzen zuen estigmaz hitz egiteko.

Prostituzioaren eredu juridiko ezberdinak ere aztertu zituen: reglamentarismoa, abolizionismoa, debekatzea eta erregulazioa, neoabolizioa edo despenalizazioa. Azken horrek izan ezik, eta bakoitzaren definizioan sartu gabe, garrantzitsua da jakitea beste eredu batek ere, ez dituela babesten emakumeen eskubideak eta interesak. Jarraian, Paula Ezkerrak hartu zuen hitza, sexu-langilea eta IAC-eko ordezkari sindikala da. Esan zuenez, arestian aipatutako eredu juridikoen ondorioa emakume horien babesgabetasun handiagoa eta eskubideen galera da, besteak beste, lanerako eskubidea. Ondorioz, lan-esplotazioa handiagoa da,  ez baitiete ez alternatibarik ezta aukerarik eskaintzen jarduera hori bertan behera uzteko.

Ezkerraren arabera, prostituzioa betidanik jarduera mespretxatua izan da, oro har, emakumeek egin izan dutelako. Emakumeon gorputzen gaineko kontrol soziala dago, baita emakume ona edo emakume gaiztoaren arteko bereizketa ere. Hori guztia, gainera, lanbidearekin oso lotuta dagoela azaldu zuen. Bizi-sostengu gisa prostituzioan aritzen direnen ahotsak entzutea eta plazaratzea ezinbestekoa da. Ezkerrak oso ondo azaldu zuen nola ez zaien gustatzen sexu-langileak izatea, baina bide hori aukeratzen dutela eskaintzen diren lan eta esplotazio aukeren aurrean.

Langile pobreez ari gara, esplotazioaz eta lan-baldintza negargarriez… Beste hainbat enplegutan ere gauza bera gertatzen da egun, baina prostituzioak ez bezala, bere gain estigmarik ez dutenez, jendarteak onartuta ditu.

Aurreiritziak hautsi behar dira eta prisma moralista batetik epaitzeari utzi behar zaio. Seinalatuak izateko beldurra galdu duen eta bere eskubideak aldarrikatzeko antolatu den kolektibo horri lagundu behar zaio.

Emakume gisa, langile gisa eta feminista gisa!

Sexu lana, kriminalizazioa edo aitortza?

Sexu lana, kriminalizazioa edo aitortza?

Zer duzu buruan “Sexu lana, kriminalizazioa edo aitortza?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2019-11-19 14:40

    Ekitaldia iragarri zelarik, Twiterren hainbat kritika gogor irakurri nituen abolizionisten aldetik: “Bo, ba orain LABetik borratuko naiz” eta horrelakoak. Pozten naiz Ipar Hegoak bereari eutsi eta presioei ez dielako men egin.

    Ba ote daude hitzaldiak grabatuta? Bilatuko dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude