Sevillan zubereraz

Sevillan zubereraz –

Jose Mari Pastorrek Berria egunkarian.

Gaur zortzi izango da eguna. Egun historikoa. Horixe esaten ari zaizkigu hainbat zaletu eta jende; horixe saltzen zenbait hedabide. Bizkaian eta Gipuzkoan gehien zabaltzen diren bi egunkariak horretan ari dira, jo eta fuego, batzuetan probintziakeria itsusiena bultzatzen. Eta gutako asko, porrua irensten, gustura irentsi ere.

Sevillan zubererazEgun historikoa. Zeren arabera ikusten dugun. Espainiako futbolaren historian data anekdotikoa da: bi euskal taldek elkarren aurka jokatuko dute Kopako finala. Garrantzitsua? Garrantzia geuk eman diogu. Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta, egun historikoa beste bat izan zen, nire ustez: Kortabarriak eta Iribarrek ikurrina atera zutenean Atotxan. Ikurrina artean debekatuta zegoenean. Vocento taldeak beste argazki historiko bat nahi luke, bere ildo ideologikoak sustatzen duena: noizbait bi taldeetako kapitainak bandera espainiarra eskuetan dutela zelairatzea. Horixe da haien ametsa: ikurrina bai, baina, funtsean, bandera eta nazio bakarrak. Badakizue zeintzuk.

Ez dut esango partida ikusiko ez dudanik edo talde baten alde egingo ez dudanik, baina burua galdu barik. Bizitzan badira gauza askoz eder, gozagarri eta garrantzitsuagoak 22 lagun baloi baten atzean korrika ikustea baino. Jokalariek beraiek ere badakite: 2015eko Superkopako finalean hauxe galdetu zion kazetari gazte batek Aritz Adurizi —gola sartu zuen Camp Nou-n—: «Gaur zure bizitzako egunik inportanteena da, ezta?». Eta Adurizek, harriturik: «Nire bizitzako egunik inportanteena nire alaba jaio zen eguna da».

Halakoxeak dira batzuk. Futbola, futbola eta futbola. Besterik ez buruan. Eta horrekin batera, estereotipoak: giputxis eta bizcochos, donostiar uzkurrak eta bilbotar harroputzak. Gero eta gesaldu, urtuago gaude autonomismoan. Iparra galduta. «Para pasar de Euskal Herria a Iparralde…», entzun genuen urtarrileko igande batean telebistako albistegian. Ez dakit, bada, Kazetaritzako ikasleei El País Vasco, Pío Baroja nazionalismoaren kontrakoaren liburua, irakurrarazi egin beharko litzaiekeen Euskal Herria zer den ikas dezaten.

Hala ere, dena ondo doa, ez kezkatu. Athleticeko jokalariek euskaraz egiten ei dute zelaian, talde aurkariek ez ulertzeko. Horixe esan zuen kazetari espainiar batek, luze ez dela. Eta gu asaldatu egin ginen, «fatxa horrek ez du euskara maite». Hala ere, badakigu komunikazioa erdaraz dela, eta jokalariek euskara arma moduan erabiltzen dutela partidan, besterik ez. Argiako Beranduegi umorezko atalak zorrotz azaldu zuen, ironiaz: Iker Muniain: «Athleticen beti euskaraz egiten dugu, eta Realaren kontra, zubereraz».

Baina tira, logikoa da. Gizartean bezala, kirolaren arloan ere agertzen ditu euskarak bere gabeziak. Ez esan buenos días basko autonomista erdaldun bati, urkatu egingo zaitu eta. Egun on esan behar da, nahiz eta gero erdaraz segitu. Gure euskarakada folkloriko horietan ere diferentzia: Bilboko erdaldunak espainierazko moldean esaten du aita —mi áita—. Donostiako erdaldunaren ahoan nabarmenagoa da euskararen arrastoa: el aitá. Gure talde bateko kapitainetako batek hori ere ez: papá idatzi du semearen kamisetako dortsalean. Erdaraz. Eredugarria izan behar omen du, eta hara! Behintzat, ez da plantak egiten ibili.

Zuberera entzungo dute Sevillan. Pentsa! Eraman borthala artino, Iñaki! Tziauste fitexka gibel, Iker! Goiti bürüz urthuk, Unai!, hedatuko da, ozen, Andaluziako hiriko estadioan —eskerrik asko, Allande, hitzok zure euskaran jartzeagatik—. Realeko jokalariek ez dute deus ulertuko zelaian, eta gure zapaltzaileek are gutxiago palkoan. «Zer hizkuntza arraio da hori?». «Frantsesa, errege jauna, frantsesa». Eta halaxe da haientzat: bizkaiera eta gipuzkera, espainiarrak; zuberera, frantsesa.

Egun historikoa gaur zortzi. Biharamuna ere, gaur bederatzi, egun berezia izango da, eta guk bezperan bezain zapaldurik segituko dugu. Baina horrek zer ardura digu? Egun historikoa Espainiako futbolak ezartzen digu euskaldunoi.

Sevillan zubereraz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Sevillan zubereraz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude