Semea negarrez utzi dut

Semea negarrez utzi dut

Bea Salaberri idazleak “:arr(hotz)” izeneko sarrera argitaratu zuen bart “Han eta Hemen” blogean, besteak beste identitateaz eta heziketaz mintzo dena, Frantzian futbol Eurokopa jokatzen ari diren honetan.

Semea negarrez utzi dut

Semea negarrez utzi dut, futbol eurokoparen karietara bazter guztietan banatzen dituzten frantses bandera horietarik bat etxera eramateko hartzea galarazi diodalarik.

Eskainiak dira, dohain, irribarre inozente batekin. Eta nik ukatu.

Tematu denean, errebelde jarri zaidanean, ez dut ideia hobeagorik ukan “bakarra ikusten badut ene ataria pasatzen, erreko dut” erraiteko baino. Plof. Trinko, idor eta hotz. Hainbeste maitasun herriarekiko eta ez jakin espresatzen, horretara heldu behar…

Negarrez joan da eta porrot egin dut.

Malko batean, mundu bat, malko garratz bat, zer gertatu zaigu, ez dut deus pasatzen uzten, ene fedea desesperatua da, jokamoldea fineziarik gabekoa, noraino lezake uler. Bi malko. Etsipena. Nüla naiz.

Halere, nago arazoa ez dela ene pazientziaren muga hertsia gai batzuekiko, ez pedagogiaren groundzerora heldu izana, ez haurra gazteegia izatea gauza batzuen neurria hartzeko.

Nor izan naiz ni pentsatzeko salbatuko nintzela azalpen neketsuak ematetik? Nor izan naiz sinesteko aski zela, asoziala izan gabe, sozialki selektiboa izatea harreman eta aktibitate orotan? Nolaz uste ahal izan dut etxetik urrun geldituko zirela patriotismo oldar biderkatuak eta banintzela identitatea, nazio bipiatsu batetiko identifikazioa oztopatzeko gai?

Azken hilabeteetan inarrosten diren mamu guztiak ikusirik, nolaz zitekeen bestela?

Semeak futbola egiten du eta azken asteetan hazi zaio pasioa ikusirik, beste kide guztiek talde bat edo beste sustengatzen dutelarik, zer egin beharko luke ba berak?

Gainera, egia, zaila da ulertzea zertan den bekatua frantses bandera bat lotzea etxean: denetan dira. Supermerkatuetako kutxetan, auzokoen balkoietan, baita ere, sinesgaitza, Baiona Tipiko karriketan, duela zenbait urte bi orenez ere iraunen ez zuten karrika horietan beretan. Frantzia hain da eder. Euskal Herria hain da aspergarri eta ikusezina: ez du ez eta Euroko talderik!

Sare sozialetan gaindi azken elegantziakoa da Parisen gertakari izan orduko profil hirukoloreztatuak agertzeko lotsagabe eta amnesikoki, gauza normal, arrunt eta inkoerentziarik gabekoa balitz bezala.

Badator belaunaldi bat, gaitza, aurrekoek ezagutu edo dakitena ez dutenak sekulan entzunen, ez sinetsiko, ez ulertuko. Badator belaunaldi bat erregionalismoak kulunkaturik, aldarrikapen diluituen artean hazia, pataskaren zantzurik begi bistan agerian ukanen ez duena, asimilazioa uhinak irentsiko duena, urdin-xuri-gorri bandera berea jo lezakeena sekulan.

Eta kexu naiz, kexu kexu kexu ene buruarekin. Hori ez baitut heltzen ikusi, non eta hemen, norekin eta haurrekin. Eta neurriak galarazi dizkidalako, posizionamendu egokitik urrundu, beste behin.

Eta nola debru uler lezake umeak hori dena, zortzi urtetan?

Beste talde bat hautatuko omen du. Eriak kurutzatu ditut ez dadin España izan.

Zaila da izatea     :arr(hotz).

Semea negarrez utzi dut
Frantzia, futbola, heziketa, identitatea
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude