Semaforoak barraskiloarekin berba egiten duenean

Martitzetik etorriko balitz aste honetan norbait planeta honetara, etxean bezala sentituko litzateke. Bere kide ugari zebiltzan atzo Bilboko kaleetan, nahiz eta oso-oso ziurra ez izan gaur-gaurkoz berdeak direla, baina hala dira hemengo martiztarrak. Eta Obelixen lagunak dira, eskutik helduta ikusi nituen Zabalburun pasian. Monster familia ere atera zen, eta Teo batu zitzaien, bat gehiago balitz bezala. Txitak botoien lagunak dira, eta Spiderman ek hippyak ditu gustuko.

Besteren bizian sartzeko aukera dugu aratusteetan. Ederra! Norbere arazoak lagatzekoa, sexuz, generoz, ideologiaz, hizkuntzaz, fisikoz… aldatzekoa. Beste bat izateko aukera.

Freddie Mercury bihurtu naiz ni egun baterako, eta lagunak Michael Jackson,John Lennon,  Elton John… eta handia da hain handi izatea. Gero, baina semaforo bat, harriketar bi eta te taza bat elkartu zaizkigu, eta taldea pluralizatu dugu.

Eta bat-batean indio bat ikusi dugu Andoni Ortuzarrez mozorrotua. Bi totemen erdian ikusi dugu Sabin Etxearen aurrealdean, beste hainbat indiarrekin batera. Benetan zalantza egitera ere iritsi gara, ea ez ote den Ortuzar bera, baina ez, mintzairan fijatu eta indiarra dela ohartu gara, erreserba batetik Bilbora etorria. Bakearen pipa eskaintzen ari da batari eta besteari. Psoesonei buruz ari da, “Ajuria Eneko erreserba kendu digute” esan du, eta euren intxixua lagako dietela, Psoesonetako batek ei duen harri txarretik sendatzeko. Ondoren, Neguri gainean dabilen kaio bati buruz mintzatu da, Athleticekoa dela eta pipatzen lagako diola esan du indiarrak. Sortux, Aralorkeak, Ezkermantxeak, Hamaikabajoiak eta Nabaiowasak ere izan ditu hizpide.

Kantari, semaforo, harriketar  eta te-tazaren koadrilari krokodilo bat batu zaio, eta bota du gipuzkera  itxian “Dauzkun politikok baiño indiok izango bagiñuzte, hobeto eongo giñeke!!!”. Denok baiezkoa egin dugu. Aste honetan dena da posible.

Indiar bat Andoni Ortuzarrena egiten

Irudia | Indiar bat Andoni Ortuzarrena egiten | EAJ | LGPL