Sekulako arrakasta: 297 book trailer

booktrailer1Galtzagorri Elkarteak antolau duen 2013-2014 Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketak sekulako arrakasta izan du. Guztira 297 book trailer jaso ditugu: 275 Ikastetxeen kategorian eta 22 Norbanakoenean. Iaz 167 eta 15 izan ziren, hurrenez hurren. Hortaz, parte hartze kopuruak gora egin du nabarmen. Kantitatean ez ezik, kalitatean ere gora egin dela esan genezake, izan ere, geroz eta book trailer originalagoak sortzen dituzte gazteek.

Gipuzkoako 19 ikastetxek hartu dute parte, baita Bizkaiko batek ere (Santurtziko San Jose de Calasanz), salbuespen moduan. Izan ere, lehiaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen du Galtzagorri Elkarteak eta Gipuzkoako gazteei eskaintzen zaie bertan parte hartzeko aukera. Hala ere, iaz Gasteizko Olabide ikastolak ere hartu zuen parte, eta aurten Santurtziko San Jose de Calasanz izan da salbuespena. Lehiaketa honek eta book trailerrek irakurle gazteen artean pizten duen motibazioaren adierazgarri dela esan genezake.

Lehiaketan parte hartzeko epea martxoaren 16an amaitu zen eta orain book trailer guztiak ikusgai daude Liburu Gaztearen web guneko Lehiaketa atalean.

Bozketa web gunetik

Martxoaren 24tik maiatzaren 16ra bitartean edonork bozkatu ahal izango du gehien gustatzen zaion book trailerraren alde. Horretarako Liburu Gaztearen web gunean  BOZKATU atala zabalduko da martxoaren 24an eta bertatik bozkatu beharko da. Bozkatzean helbide elektroniko bat eskatuko da eta helbide bakoitzarekin behin bakarrik bozkatu ahal izango da. Aldi horretan, nahi izanez gero, kategoria bakoitzeko boto bana eman ahal izango da.

Hemendik aurrera, beraz, book trailerrak ikusi, proposatzen diren liburuak irakurtzera animatu eta gehien gustatu zaizuna bozkatzeko aukera izango duzu. Botoa ematen duten guztien artean e-irakurgailu bat zozkatuko da.

GOZATU ETA PARTE HARTU!

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.