Segurtasunaren izenean

Segurtasunaren izenean –

Igor Elordui Etxebarriak Bilboko azken gertakari bortitzez idatzi du Bizkaiko Hitzan (argazkia geuk erantsia da).

Gabonak ez dira izan aurten, preseski, Bilbon, telebistako iragarkiek, merkataritza-gune eta eguberrietako parafernalia horrek guztiak erakutsi gura izaten diguten ontasunaren eta alaitasunaren alegoria: gazte batek begia galdu zuen beste gazte-talde batek, hari lapurtu guran, eraso egin eta gero. Ibon Urrengoetxea hil zuten adin txikiko bik. Autodun batek bi oinezko harrapatu zituen, eta larriki zauritu. Gazte bati lau labankada eman zizkioten gazte-talde biren arteko borroka batean. Botila batez (botila-lepoa moztuta), beste gazte batek taberna batean sartu eta hiru pertsona zauritu zituen. Bilbon ez baina Barakaldon, adin txikiko neska bat bortxatu zuten adin txikiko lau mutikok.

Batere larritasunik kendu barik horiei gertakizun guztiei, nork uka: Bat: dramak drama, eta alarmismoak alarmismo (interesatuak, gehienetan), gertakari lazgarri bertsuak jazotzen direla, eta latzagoak ere bai, Bilbon ez ezen Europako zein mundu osoko herri eta hiririk populatuenetan; izan Mexikon, izan New Yorken, izan Dublinen edo izan Burgosen. Bi: latzenak, duda barik, adin txikikoak protagonista diren horiek direla; batetik, jazoeren euren garrantziagatik eta eragindako ondorioengatik (hilketa bat eta bortxaketa bat); eta bestetik, adin txikikoek, hain zuzen ere, parte hartzeagatik.

Bada, hori guztia dela-eta eman den eztabaida, eman da, batez ere, bi gairen gainean: adinez txikiak direlarik ezarri ahal zaien (edota ezin zaien) zigorrari buruz, eta Bilbo hiri segurua den ala ez den. Ostia! Egon badago, bada, zer hausnartu gehiago, ezta? Zerk edo nork bultzatzen ditu 13, 14, 15… urteko haurrak, haurrak baitira, halakoak egitera? Normala al da, ez egitea bera, baizik eta adin horrekin egitea? Erreza litzateke batzuentzat erantzuna, eta sobera entzungo genukeen hedabideetan, egileak izan balira, esaterako, marokoarrak. Izan zitezkeen, baina ez dira. Bilbo ez da Rioko Rocinha favela, argi dago; baina nago segurtasunaren izenean kasu isolatuak balira bezala tratatzeak mesede gutxi egiten diola egin beharko genukeen hausnarketa sakonagoari. Orokortzea arriskutsua izanik ere, ausartuko naiz galderak egitera: Zein egoeratan bizi dira ume eta gaztetxo asko? Zeintzuk dira, etxean zein kalean, beraien ereduak? Zer estimulu jasotzen dute telebistan, bideo-jokoetan, sare sozialetan…?

Eta zehar-begiratua politikakeriari; segurtasuna beste kezkarik erakutsi ez dutenei eta hiriaren irudiaz eta itxuraz hain kezkaturik azaltzen den Bilboko alkateari, zeinaren mezua horrela laburbildu daitekeen (eta gura duenak hemerotekara jotzea dauka): Bilbon egiten duenak ordaindu egiten du (Iñigo Cabacasekin ahaztuta, antza), ez da komeni ordu batzuetan kalean bakarrik ibiltzea, eta kontuz Bilbori ez dagokion irudia zabaltzearekin.

Mundu osoa Bilbao handiago bat dela esan zuen Unamunok, eta, entzundakoak entzunda, egia izango da, Bilbon Trump txikiago asko daude eta.

Segurtasunaren izenean

Segurtasunaren izenean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

10 pentsamendu “Segurtasunaren izenean”-ri buruz

  • Zein da iritzi emate honen helburua? Subjektu antisozial (nolabait deitzearren) potentzialen gaineko harrera sistema soziala indartzea? Mass mediek zabaldutako eredu sozialen gaineko eztabaida? Edo polemika dagoela aprobetxatuz jakinmin hutsagatik asko irakurriko den zerbait idaztea?

    Nik dakidala atzerritik datozen adin txikikoei mantenua (lotarako tokia+jana) eta 600-800€ko diru laguntza ematen diete diputazioek. Perfil hau betetzen dutenak dira aipatu dituzun desmasien erantzuleetako asko. Beste hainbat gure artean ehundaka urte batzuk daraman etnia bateko kide dira, soldatapeko lana eta edozein motatako erantzunkizun sozial sistematikoki ukatzen duena. Eredu sozialen gainean gutxi daukat esateko, 25 urtez azpikoa naiz eta erantzuleen erreferentzia kultural eta sozial berak jaso ditut, eta ez dut horregatik hauek bezala jarduten. Ez nik, eta ez gazteon gehiengoak ere. Erantzunkizuna egileen gain datza oso-osorik beraz. Eta arazo kolektiborik bada hori zenbait gutxiengoren jarrera sektarioa da, inongo dudarik gabe.

    Behingoz diskurtso paternalistak alde batera utzi behar dugu, bestela gure ontasunak galbidera eramango gaitu azkenean

  • Alferrik ari zara, Mikelats. Diskurtso buenista hain sartuta daukate batzuek, hain behar dute diskurtso hori sinestu eta besteoi sinestarazi, hamar mila hilketa eginda ere kaka jardun horrekin segiko dute. Errua ez da mutiko hiltzaileena, ez. Errua beste guztiona da: eskola, telebista, familia, gizartea ta el copón bendito. Baina heurena ez, jakina. Ze nazka.

  • Ze lotsa, ene jaungoikoa. 19:45 eta BERRIAren webean hitz bakar bat ere ez, ezta aipamenik nimiñoena ere, Bilboko aiton amona bikotearen hiltzaileak atxilotu dituztenaz. Madrileko periodiku fatxak irakurri behar 14 urteko bi ijito direla jakiteko. Eta bere lana ondo egin beharrean, irakurleari errespetua eduki ordez, “Berria lagun” egiteko eskatzen segitzen dute…

    • Gitxienez oraingoan, bai, informatzen dabiltza. BERRUAk baliabide gutxiago ditu, ados, baina albiste batzuk agertu edo ez erabaki ideologikoa da.

      Arrazoia duzu, dirua eskatzen ibili eta segituan, EHn gertatzen diren gauza garrantzitsuak, segun nor diren egileak, ezkutatu. Horretarako ez nago prest dirua emateko.

  • Hiltzaileak gaztetxo ijitoak izan direla esan duzu?
    Bururatzea ere! Hori ezin da esan! Ezin da idatzi!
    Akaso susmoak izan, eta horiek ere gutxi.
    Bilbo hiri segurua da eta ijitoak gure anaiak dira guztiak (arrebak ez, emakume ijito gaixoek, gehienek, nahikoa lan dute-eta euren taldeko gizonen tratuari eusten).

  • Beste foro batean DEIAko honako irudiak jarri dituzte.
    https://i.imgur.com/93e9vXB.png
    Geroago eguneratuta:
    https://i.imgur.com/DMRSjYe.png

    Eta nola ez iruzkinak egiteko aukera kendu dute.

  • ganbaratxotik 2018-01-22 15:43

    Bertako egunkari fatxak ere ez dute atera beraz. Baina Berria, euskerazko egunkari bakarra, okerrena. Txikiari egurra errez.

  • Zuri balioko dizu etengabeko “euskerazko egunkari bakarra” lelo horrek, baina neri jada ez. Egunkari batek, edozein hizkuntzatakoa dela, informazioa eman behar du, ez ezkutatu. Irakurleok tontotzat hartzeaz nazkatuta gaude jada.

  • ganbaratxotik 2018-01-23 10:55

    “Berria” da orduan informazioa ezkutatzen duen bakarra? Ez al zen ba euskera gure nortasunaren ikur nagusia? Ala ez? Edo beste “zera” horiek (gorroto, beldurrek,…?) pisu gehiago dute guregan?
    Zergatik ematen diegu sinesgarritasuna gutxiengoak (euskaldunonona barne) begi-puntuan jarri eta etengabe likidatzen saiatu/zen diren hedabide eta eragilei? Beraien mailan jarri gu ere? Mendeetan zehar zokoratu eta baztertuak izan garenok orain beste gutxiengo baztertzaile eta zokoratzaile?

  • Horixe, zuk idatzi duzun diskurtso horixe da BERRIArena. Errealitateari begiak itxi, desinformatu, mitin bat bestearen atzetik bota (edo hobeto esanda, meza, apaizak ematen dezue eta)… eta informatuta egon nahi dugun irakurleok beste periodiku batzuk irakurtzera behartu, azken batean. Euskak prentsa hondoratu, hitz batean.