Sautrela

Sautrela

Behin baino gehiagotan esan izan dut Sautrela dela inortxok ere ikusten ez duen saio bikain horietako bat, erranez bezala, jenderik gehienak saioa berez ona dela esango dizula inkestetan, nahiz eta gero ez ikusi. Hala ere, baieztapena ez da guztizko egia, audientzia neurketetan bere ingurukoen antzera ibilia baita Sautrela. Rikardo Arregi Saria ere eman ziguten halako batean…

Egin izan dudan beste baieztapeneteako bat, Euskal Telebistaren eraikin publikoan harri txiki-txiki bat baizik ez da Sautrela, baina kendu dagoen lekutik eta ikusiko duzu etxea goitik behera amiltzen. Esajeratu xamarra izango naiz, baina bere txikian Sautrelak telebistagintza publikoaren baitan duen benetako pisua baino leku handiagoa hartzen duela esango nuke, batez ere telebista-arduradunen diskurtsoetan, kultura emisioei buruz ari direnetan. Eta, gainera, zer arraio, literaturaren aldeko saio bakarra defendatu beharra dago, nolabait.

Egin litezke baieztapen gehiago ere, hamazazpi urteko ibilbidean denetarik izan baita. Egon izan dira antenatik kendu izan duten zuzendariak, eta saioa desagertuta egon izan da denboratan. Ez dakit nola, bizirik iraunaraztea lortu dugu azkenean eta oker ez banaiz hamazazpi urtetik gora daroa bizirik gure karramarroak. Funtsean, baina, Sautrelak ETBko gainerako saioek ezagutu duten bitartekoen murrizketa bera bizi behar izan du azkenean. Garai batean bizpahiru idazle-erredaktore zebilen lekuan, bakarrarekin egin behar izan du aurrera.

Milioi bat bider galdetu izan digute Sautrela izenaren esanahiaz eta oraindik bada nondik hartu genuen ez dakienik bazterretan.

benat-batDozenaka euskal idazle pasatu da bertatik langile moduan, baina esan dezagun, azken hiruzpalau urteko jardueretan egonkortu dela hobekien, batez ere Beñat Sarasolaren etorrerarekin. Alde batetik jakin dakielako zertaz ari den literaturaz diharduenean, bestetik lanerako eta ikasteko lankide ezin hobea gertatu delako ere bai gure donostiarra. Gehitu horri beste laubost bertute pertsonal, Juan Luis Zabalak saio bakoitzean egiten dakien ekarri partikularra eta, batez ere taldean ezkutuan lanean diharduten Koldo Gutierrez errealizadorea eta Yolanda Mendiola factotumaren zeregina…

Plazer ikaragarria izan da hainbeste denboratan Sautrela egin ahal izatea, profesionalki horretara emana egon ahal izatea, benetan uste baitut lagundu egin duela euskal literatura eta idazleen munduari ikusgarritasuna ematen. Batzuetan, ez zegoen tokian urrea bilatu beharra ere egokitu zaigu, baina, oro har, oker edo hobetoxeago, presentzia bat ukan dute euskal letrek ETBren pantailan. Ezin zuen izan beste modura, logika hutsezkoa da hori: euskarari laguntzeko sortu zen ETB, besteak beste, eta hizkuntza batek derrigorrezkoa du literaturari kasu egitea aurrera egingo badu.

Kontua da orain osasun arazoek apartatu egin nautela Sautrelatik eta nire lanetik. Supituan amaitu dela nire bizitza profesionala. Pena handia da hori niretzat, baina ezin denean ezin da. Taldeak segiko du, hala ere, Sarasolak nire lekua hartuta, nola zuzendaritzan, hala aurkezle lanetan ere.  Irabazten aterako da mundu guztia, esan bezala, gure aldean ederki prestatutako gizona baita bera. Grabatu dute lehen saioa, azaroaren 5ean  emitituko dena, betiko ezordutan: larunbat arratsaldeko 15etan, siestak bahitzen zaituen unean berean.

Zorionez, gure letrek lekua edukitzen jarraituko dute ETBn, idazleak eta liburuak plazaratuko dira usu, eta harri txiki eta guzti jarraituko du gure telebista nazional publikoaren eraikinak, oraingoz bederen zilipurdika amildu gabe inora.

Sautrela
Sautrela
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

7 pentsamendu “Sautrela”-ri buruz

  • Hor goian dauden aurpegi biribil horien bidez ezin da zurea irakurritakoan sentitzen dena adierazi, Hasier.
    Bat egiten dugu esaten duzun guztiarekin (eskuinaldeko aurpegia, beraz), baina izugarrizko aiurri gaiztoa ateratzen zaigu gauzak horrela gertatzen direla ikustearekin (ezkerreko aurpegia?).
    Ondo joan dakizula dena, lagun!

  • Aupa zu! Eta, bai, gehiagotan ikusi beharko dugu literaturari buruzko saio eder hau, nahiz eta siesta orduan izan! 😉

  • ganbaratxotik 2016-10-28 19:59

    Nik ikusten dut eta bai gozatu ere.
    Eskerri asko eta kuraia on!

  • Norastorgarlensiu 2016-12-03 17:26

    Nik Sautrela ikusi ez ezik, gustatu ere egiten xit. Bat bera ere ez huts egiten, behin ere ez, enregistratu egiten beitut. Hauta saioa ! Airosago behar likexi, baina.

  • Norastorgarlensiu 2016-12-03 17:34

    Bi poposamen. Biga, bida, bide, dui. Bata Xabier Olaso eta Aitor Arana bertzea. Margarita Tambourin izan dea ?

  • Hasier Etxeberria

    Tambourin izana da, bai, pare bat bider, oker ez banaiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude