Sarrionandiaren Hnuy illa… berriz kalean, idazleak berridatzita

Sarrionandiaren Hnuy illa … berriz kalean, idazleak berridatzita

Sarrionandiaren Hnuy illa … berriz kalean, idazleak berridatzitaHnuy illa nyha maja yahoo (Poemak 1985-1995), aspalditik agorturik zegoen Joseba Sarrionandiaren poesia-liburua, laster batean argitaratuko da ostera, idazleak goitik behera berrikusi eta neurri handi batean berridatzitako edizio batean.

Egilearen poema-bilduma zabalena eta ezagunena da Hnuy illa, eta azken 30 urteetako euskal literaturan eragin handiena izan duen poesiazko liburua seguru asko: horren erakusgarri dira, bai poeta-belaunaldi gazteagoengan utzitako arrasto sakona, eta baita liburu horretan oinarriturik sortu diren bestelako arte-lanak ere: antzerkiak, kantak, bideoak, dantza-ikuskizunak…

1995ean kaleratu zen lehenengoz liburua, azal gogorreko edizioan. Harrera beroa izan zuen lehenengo momentutik, eta berrinprimatze bat egin zen hurrengo urte hasieran. Aspaldi samar agortu zen bigarren argitaraldi hura ere, eta berri bat prestatzeko asmoa azaldu zuen egileak, aldaketa zenbait eginez; asmo hori luzatu egin da urtetan, besteak beste idazlea proiektu handitan sartuta ibili delako, baina azkenean iritsi zaio honi ere txanda, eta aurtengo abenduan izango dugu kalean.

Zer du berritik eta zer zaharretik edizio honek? Tamaina eta itxura arruntagoa eman nahi izan dio egileak oraingoari, orri gehiago hartzen baditu ere: 300. Obraren atalak apur bat aldatuta daude hurrenkeraz, ez asko. Poema berririk ez sartzea eta zaharrik ez kentzea erabaki du, baina denak daude aldatuta. Batetik ortografia gaurkotu du, euskara batuaren arauetara moldatuz (salbuespen pare batekin: herbeste eta haintzat). Bestetik, ia poema guztiak berridatzita daude: lerroketa itxuraldatuta, hitz eta esaldiak gehituta edo aldatuta, ahapaldi berriak erantsita… Aldaketen nolakoa edo zenbatekoa, iurretarraren zaleek ziurtatu ahalko dute, liburua eskuratuz gero.

Horrez gain, hitzaurrea ere paratu dio Sarrionandiak edizio berriari: bertan, liburu hau lehenengoz idatzi zueneko bere zirkunstantzia bereziak azaltzen ditu, poema batzuei egin zaizkien interpretazio bereziki okerrak argitu, eta errealitatearekin, hizkuntzarekin eta poesiarekin zerikusia duten bestelako kontsiderazio batzuk aletu.

Sarrionandiaren Hnuy illa … berriz kalean, idazleak berridatzita