Sarrerak doan, Bilbao Live jaialditzarrerako!

Ikusten azpiko argazkia, Kobetamendiko belarra zapaltzen den jende uholdea? Bilbao BBK Live jaialditzarra da, aurreko urteren batean; aurten ere antzeko itxura izango ei du festa guneak, baina ez duzu bertan EH Bilduko zinegotziekin topo egingo. Antolatzaileen aldetik, bertaratzeko sarrera andana opari jaso badituzte ere, hauei muzin egin eta zozketatu egingo dituztela iragarri berri dute-eta.

Sarrerak doan, Bilbao Live jaialditzarrerako!

Aurtengo otsailean, “Opera eta zezenketak Bilbon, zuk ordaindu eta agintariak joan” izeneko sarreran, EH Bilduri jasotako salaketa ekarri genuen ZUZEU-ra, Bizkaiko hiriburuko udalak alkateak eta zinegotziek aisialdiaz goza zezaten sarrerak erosten 110.000 euro xahutzen zituztela eta.

EH Bilduren salaketak hautsak harrotu zituen antza, hilabete batzuk geroago, maiatzean eta hauteskundeen harira, zinegotzi abertzaleak Bilbao BBK Live-ra joateko gonbidapenak jaso zituztela ezagutarazi baitzigun El Correo egunkariak. EAJ-k, opera kontuekin minduta edo, pop jaialdirako sarrerak jaso izana leporatu zion orduan EH Bilduri, eta hauen bozeramaile Aitziber Ibaibarriagak doanekoak zirela eta zozketatu egingo zituztela ihardetsi; twitter bidez guztia.

Orain, Kobetamendiko jaialditzarra hastekotan dela, komunikatu bat plazaratu du Bilboko EH Bilduk -atzoko data du, uztailaren 7koa-:

BBK Live jaialdirako jaso ditugun 16 VIP bono eta 12 sarrerei uko egin diegu; Uriola eta Bilbo Hiria hedabideen esku utzi ditugu -sareko ataria bata eta irratia bestea, biak euskara hutsezkoak-, herritarren artean zozketa ditzaten”.

Udal talde abertzaleak zinegotzi bakoitzeko hiru eguneko lau bono VIP eta egun bakoitzeko sarrera arrunt bat jaso zuen opari, eta “beste udal taldeek ere jaso dituzte mota horretako gonbidapen eta sarrerak”.

Ibaibarriaga bozeramaileak gogoratu duenez, batzuetan Udalak sarrerak jasotzen ditu ekimen batzuk aurrez diruz lagundu dituelako. Eta EH Bilduk ez du begi onez ikusten sarrera horiek, nahiz eta Udalari gasturik ez eragin, ordezkari politikoen artean banatzea. “Herritar guztien artean zozkatzea planteatzen dugu –azaldu du Ibaibarriagak-. Ordezkari politikoen pribilegioekin amaitu behar dugu”.

Beraien aldetik, zozketa modu egokian eta berme guztiekin egiteko baliabide egokirik ez dutela eta, lehen izendatutako bi euskal komunikabideetara jo dute, leihatiletan jada agortuta dauden bonoak eta gainontzeko sarrerak biharko bana ditzaten.

Zer duzu buruan “Sarrerak doan, Bilbao Live jaialditzarrerako!”-ri buruz

  • Margaritxon 2015-07-09 03:57

    Norbaitek jaialdira (doan) joan nahiko balu:
    Uriola.eus-en oraindik badago aukera zozketarako izena emateko, eta bilbohiria.eus irratiak zozketa gaur eguerdian egingo duela iragarri du. Adi!