Sarajevo eta Gavrilo Princip

gavrilo

Bada bigarren motibo bat hiri hau ezagutzera ekarri nauena. Ezagutzen nauen jendeak soberan daki fetitxista eta mitomano hutsa naizela. Eta fetitxe eta mito horiek historiarekin zerikusirik badute burua galtzeko gai naizela.

Exajerazioak alde batera utzita bidaia aukeratzeko orduan gertaera historikoak garrantzitsuak dira niretzat. Kontuan hartzen ditut, ezen, zer ekarpen egingo didan, zer ikasiko dudan edo ikasi dudan hura non eta nola gertatu zen bertatik bertara ikustea gustatzen baitzait, une haren lekuko izango banintza bezala.

1914ko ekainaren 28an Habsburgoko Franz Ferdinand artxidukea, Autria-Hungaria Inperioaren oinordekoa, eta Sophia Chotek bere emaztea Sarajevora etorri ziren bisita ofizialean. Bosnia, orduan, aipatutako inperioaren menpe zegoen, urte gutxi batzuk lehenago Turkiako Otomanoei kendu zienez geroztik. Bisitaldi hura, ordea, bat gehiago izan behar zuena eta inperioaren indarrak Balkanetan erakustea helburu zuena, fatidikoa izan zen. Zoritxarrekoa izan zen bikotearentzat, Habsburgo dinastiarentzat, Austria-Hungariarentzat eta, oro har, Europa eta munduarentzat. Egun horretan Mlada Bosna (Bosnia Gaztea) izeneko erakunde armatu baten ekintzaz Franz Ferdinand eta Sophia erail zituzten. Atentatuak Lehen Mundu Gerrari eman zion hasiera. Hori izan zen behintzat Austria-Hungaria eta Alemaniak aitzakia bezala erabili zutena Serbia, Errusia eta bere aliatuak erasotzeko.

Bosnian, baina, bazeuden bere burua bi inperioetatik urrun ikusten zutenak. Serbobosniar hauen helburua Bosnia Serbiarekin bat egitea zen. Horien artean zegoen Gavrilo Princip. Nekazari familia batean jaiotako gazte honek hil zituen Sarajevon Austria-Hungariako oinordekoak. Mlada Bosna taldeko beste sei kideekin bat atentatua prestatu zuten, Serbiako Crna Ruka (Esku Beltza) erakunde sekretuaren laguntzaz. Hasiera batean ekintza okertu egin bazitzaien ere, eta dena bertan behera uztekotan etsiturik zeudenean, Gavrilok bat-batean bikotea parez pare, bere aurrean, topatu zituen kotxe ofiazialean zihoazela. Ez zuen bi aldiz pentsatu, 19 urteko gazteak pistola atera eta bi tiro egin zituen. Minutu gutxitan biak hilik zeuden; nahiz eta bere asmoa artxidukea eta bizkarzaina hiltzea izan, emaztearentzat izan zen bigarren bala.

Gavrilo Princip, historia ofizialean terrorista eta Lehen Mundu Gerraren eragile nagusi bezala ikusi izan da, eta oraindik horrela azaltzen da historiako liburu askotan. Baina Gavrilok, ondorengo epaiketan berak esan zuen bezala, bere herria inperioaren uztarritik libre ikusi nahi zuen. Gerra ez zuen berak piztu. Gerra inperialista bat izan zen, lehergaiak aurretik jarrita zeuden, soilik metxa piztea falta zen. Hori izan zen inperioek erabili zuten aitzakia gerran sartzeko. Gavrilo erruduntzat jo zuen Austriako epaitegi batek eta 1918an tuberkulosiak jota hil zen, Austriako espetxe batean. Baina Gavrilo Princip errugabea zen.

David James Smith historialariaren „One morning in Sarajevo“ irakurri nuenetik gogoa nuen bertan egoteko. Gertakaria jazo zen tokian plaka batek gogorarazten du ekintza hura eta egun hauetan han egon naiz bisitan, hain fetitxista eta mitomano izanik. Eta saiatu naiz neure baitan gertaeren berritze bat egiten. Gero arratsaldean Gavrilo eta bere kideen mausoleoa ikustera joan naiz, Sarajevoko hilerri ortodoxoan.

bidaia, cronica, Fernando Rojo, gavrilo princip, kronika, sarajevo, viajes

ALDERRAIA

5 pentsamendu “Sarajevo eta Gavrilo Princip”-ri buruz

  • Hire ikasle bat 2013-07-18 15:04

    Earra Fer! Gizarten nota ona ateako hukeen, ikusiko gaituk!!

  • Draza Mihailovitx 2013-07-18 15:04

    Mlada Bosna ez zen elkarte armatu bat, baizik eta elkarte abertzale serbiar-jugoslaviar bat (kontutan izan behar dugu garai horretan Bosniako biztanleen gehiena serbobosniarrak zirela; eta baita ere kroaziar eta musulman anti-inperialista askorentzat Serbia garai horretan erreferentzia zela Estatu aske bezala; horrek ematen du garai hartan serbiartasuna eta jugoslaviartasuna askotan nahasi egiten zirela proiektu politiko gisa). Mlada Bosnako kideak bai serbiarrak, zein musulmanak (tartean konspiratzaileetako bat, Muhamed Mehmedbasic), zein koraziarrak ziren. Crna Ruka bai, talde armatua (baina ez hainbeste gerrilla bat, baizik eta talde konspiratzaile bat) zen, serbiarrek populatutako lurrak batu nahi zituena.

    Askotan ezartzen dira Crna Ruka eta Mlada Bosna sinonimo bezala ezartzen dira (ez dakit ezjakintasuna edo beste gauza batzuk medio). Ez da egia. Egia da kospiratzaileetako asko (tartean Princip bera) Mlada Bosnako kideak zirela, eta egia da Crna Rukak entrenatu zituela eta prestatu zuela hilketa, baina horrek ez du esan nahi bata eta bestea gauza bera zirenik. Eta ezta ere (askotan esaten den bezala) Crna Rukaren atzean Serbair Gobernua zegoela (egia da serbair funtzionari batzuk inplikatuta zeudela, baian ez gobernuaren babesaz).

    Bestalde Austriaren gudarako planak aspaldidanik zeuden ezarrita, eta atentatutak horretarako parada eman zien. Alde batetik Serbia egin zuten errudun, hala ez zenean: hiltzailea ez zen Serbiar Estatuko hiritarra, baizik eta Austriar Estatuko hiritarra, atentatua Sarajevon egin zen, orduan Austriar Inperioaren parte zena, beraz Austriar polizia zen egun horretan segurtasunaren arduraduna, ez serbiar polizia eta Serbiako Gobernuak ez zuen atentatua antolatu (hau da ETAk Iparraldean egiten duen ekintza baten errudun EAEko lehendakaria hartzearen pare). Bestetik, Serbia etsai geopolitikotzat hartzen zuen, urteak zebiltzan Serbiaren kontrako aitzakia bila.

    Ultimatuma (tartean serbiar lurretik austriar polizia pasatzen uztea eta serbair historia testukliburuak austriar gobernuak onestea eskatzen zuena) onartezina zen (independentziari uko egitea zen) eta ezin zen onartu. Eta Serbiak puntu gehienak onartu zituen (atentatuari buruzkoak), bere subirautzaren kontra zihoazenak izan ezik (eta Crna Rukako kideak epaitu zituen 1917an). Eta atentatuaren ostean (atentatutik ultimatumera hilabete joan zen, hain zuzen Austriak Alemaniaren babesa ziurtatzen eta Europako egoera kalibratzen tardatu zuena) berehala hasi zen hilketa ikertzen. Baina austriarrei berdin zitzaien. Euren politikari batek esan zuen bezala “serbiarrak faktore geopolitiko bezala desagerrarazi behar ditugu”.

    Lehen Mundu Guda ez zen Sarajevon hasi. Gavrilo Princip (eta are gutxiago Serbia) ez zen Lehen Mundu Guda hastearen erruduna.

    Informazioa gehiago hemen: http://ivoandricelkartea.wordpress.com/2013/07/10/433/ Lan bikaina ari da elkarte hau (Ivo Andric Elkartea) egiten Balkanak ezagutarazteko, ezagutzera animatzen zaituztet.

  • Halaxe da, ondo kontatua, bereziki hori eta gehigao kontatu daiteke, aurretikoak, epaiketa, heriotzera zigortu zituztenak, besteekin zer gertatu zen…, baina ez da nire helburua zuzeuko post-etan historia guztia zehaztea, bisitatzen ari naizen tokietatik pasatzean, aldiro, sentitzen ari naizena eta ikusten ari naizena eta aurretiko oroitzapenak kontatzea baina. Ederki dakizu Draza, eta ni Balkanetako hainbat herrrialdeetatik pasako naiz, eta badakizu lurraldeok historian zeinen aberatsak diren eta ezin hasi naiteke den-dena kontatzen, ez ninudke inork jarraituko, beraz, eskerrik asko ekarpenagatik.
    Lehen Mundu Gerra, Austria-HUngaria Inperioa, Gavrilo Princip eta bestelako historiako txapak, bestela ere, sartzen dizkiet ikasleei urtero-urtero, jejeje.
    MIla esker parte hartzeagatik.

  • Draza Mihailovitx 2013-07-19 12:40

    Zure posten zain gelditzen naiz ba, Fernando!!

  • Interesgarrie zinez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude