Sarajevo eta Faruk

 sarajevo 5

Espero bezala jaso nau Bosniako hiriburuak. Besoak zabalik. Ondoren besarkada batez. Ezin ukatu beti izan dudan nahia hiri hau ezagutzeko, 90. hamarkadaren hasiera haietan 4 urtez serbiar armadak setiatua izan zuenetik. Badu bai, desio honek dramatik apur bat eta epikatik beste apurtxoa. Baita izen zehatz bat ere: Faruk.

Bosnian 1992an gerra hasi zenean, etxeko gizonezko guztiak eraman zituzten heinean, ama eta umeak ihesean joan behar izan zuten, gordeleku berrien bila. Edo atzerrira babes moduan. Baldin ere lehenago ez baziren sniper baten balaz erailak izaten. Horietako familia asko Kroazian errefuxiatu ziren, eskoletan edo kanpalekuetan.

Sarajevo 2 - Fernando Rojo
Sarajevo 2 – Fernando Rojo

Errefuxiatu eremu batean pasa nituen nik aste batzuk hauei laguntza ematen, Brac uharteko Supetar herrixkan, adriatiko itsasoan. Eta han ezagutu nuen Faruk, artean 15 urteko bosniar eta bosniako (1) gazte ilehori bat. Argala, altua eta begi urdinak zituen gazte honek irribarrea zuen beti aurpegian, gerrari buruz hitz egiten genuenean izan ezik.

Seme bakarra izanik Farukek egun osoa amarekin pasatzen zuen. Eremu hartan eman zitzaien gela batean. Aitaren arrastorik ez zuten, gerran borrokan, hilik edo preso zegoen. Gerra anker hark eraman baitzuen norabait.

Sarajevo 4 - Fernando Rojo
Sarajevo 4 – Fernando Rojo

Faruk zintzoa zen eta euren logelara bisitan joaten nintzen aldiro irribarre batez ematen zidan ongietorria. Baita bere amak ere. Bizitza gogor eta goibel hartan arnas pixkat nintzen beraientzat. Entretenitzeko astia. Amasemeak oso jator eta zintzoak ziren. Orduan ikasi nuen turkiar kafe garratz hura hartzen, turko-otomanoek Bosnia eta balkanetako herrialdeetan utzitako herentzia. bisita bakoitzeko 3 edo 4 kafe ateratzen zizkidan… edo zortzi arte egun batean. Gordeta dut, oraindik, etxean, Farukek opari gisa eman zidan Bosniako armarriaren pin handi bat. Ederki zainduta.

Faruk mutil lasaia zen abegikorra, baina orduan gorroto sentimendu batek jazten zuen. Serbiarren aurkako gorrotoa. Nik, bake erakunde baten bitartez joan izanik ere, guztiz ulertzen nuen bere jarrera. Gerra bat gerra bat da, eta norbait zure etxean sartzen bada eta zurea dena kentzen badizu eta zure lagun eta senideak eramaten baditu… gorrotoak hartzen zaitu. Ekidinezina.

Farukek 18 urte bete nahi zituen. Armijan izena eman nahi zuen (2), eta serbiarrak hiltzea joan. Hori zen nik ezagutu nuenean Farukek bizitzan zuen amets eta helburu bakarra: gerrara joatea.

Ez dakit lortu zuen edo ez. Kontaktua galdu genuen. Egia da berak 18 urte betetzerako Bosniako Gerra amaitu zela Daytoneko akordioekin, 1995ean. Estatu Batuek, beste behin, jarri zuten bere ordena, baina hori beste baterako gaia da.

Ez dakit zer izango den Faruk eta bere amataz. Nik ez ditut inoiz ahaztu. Ezta eman zidaten guztia ere. Sarajevokoak ziren. Horregatik, aurretik inoiz egon gabe banengoen ere, banekien hiriak nola jasoko ninduen. Jaso nauen bezala. Besoak zabalik.

(1) Bosnian hiru gizatalde etniko daude: bosniokroatak, serbobosniarrak eta bosniakoak (azken hauek Bosniacs edo bosniar musulmanak).

(2) Armija: Bosniako armada

Argazki gehiago:

 

ALDERRAIA

2 pentsamendu “Sarajevo eta Faruk”-ri buruz

  • Sarajevok eta Bosniak orokorrean badute halako kutsu berezia. Ez dakit bertan pasatako izugarrikeriengatik, 18-23 urteko hildakoz beteriko hilerriengatik, herrixka suntsitu eta abandonatuengatik, hirietan ikusten diren kanoikadek zulatutako fatxadengatik, kulturagatik, erlijioagatik ala guztiarengatik, baina nik ere oso presente dut 2009an bertara egindako bidaia. Paisaia ederrak, jende zoragarria eta Sarajevo, Istanbul txiki bat Europaren bihotzean. Oso gomendagarria, itzuliko nintzateke gustura!

    Bestalde, zer iritzi bertako etnien arteko elkarbizitzaz? Nik jende bakezalea topatu nuen, iragana atzean utzi nahi zuena. Hala ere, arreta deitu zidan Bosniako eskualde batzuetan etxe aurrean Kroazia edota Serbiako banderak ikusteak, 90. hamarkadan piztu zen suaren brasak bailiran. Eskuaira eta kartaboiarekin mugatutako eta bi zatitan (Bosniako Federazioa eta Srpskako Errepublika) banatutako herrialdea den heinean iruditzen zait badagoela berriz ere hautsak harrotzerik, inor horretan saiatzen bada bederen.

    Zorionak, polita eta hunkigarria artikulua.

  • Udaberrian lorak datoz bezala, udaran ere edonondik agertzen zaigu Fernando. Eskerrik asko zure bidaia berriz ere kopartitzeagatik. Ongi izan eta segi idazten mesedez.