Santa Lutzi eguneko azokarik gabeko bezpera

Santa Lutzi eguneko azokarik gabeko bezpera –

Gaur Santa Lutzi bezpera da, abenduak 12 ditu. Gaurko arratsaldean urduri eta ilusioz egon beharko nuke biharko gaztak eskuilaz garbitu, eta mantela, labana eta abarrak azoketako kutxan sartu, baita eskuak garbitzeko hidrogela ere. Baina ez. Gaur, Santa Lutziren bezperan, siesta egin ondoren, mendira joan naiz; eta ardi-lanak egin ditut, ordenagailuaren aurrean eseri baino lehen.

Bihar Santa Lutziko azoka egingo ez den bezala, beste asko ere bertan behera utzi dituzte udalek –eskuin ala ezkerreko ideologia izan– pandemiaren bilakaera dela eta. Gaur, atzo eta pasa den astean bezala –beti bezala, alegia–, ordea, jendea joan ahal da merkataritza-guneetara edota supermerkatu handietara erostera – aitortu behar dizuet biziki harritzen nauela birusak biktimak aurkitzeko egiten duen hautaketak–.

Santa Lutzi eguneko azokarik gabeko bezperaOrain dela lau urte idatzi nuen hartan, galdera bat egiten nuen: Baserritarrak azoketan: udalen jaietako atrezzoa? Nork esan behar zidan, lau urte beranduago birus batek, COVID-19ak, erantzun egingo zidala –edo behintzat egia mahai gainean jarri–: bai, baserritarrok jaietako atrezzoa zarete.

Izan ere, hala ez balitz, bihar Zumarragara joan egingo ginen. Eta San Andres egunean, Eibarrera. Eta Santomas egunean, Azpeitiara. Udal horiek, eta beste askok, erabaki dute halako azokak arriskutsuak direla birusaren hedapenean. Ez dira ausartu jartzera euren eskuetan dituzten baliabideak azokak egin ahal izateko. Erabaki dute azokak ez direla leku seguruak, eta horietara joaten garen baserritarrak ez garela fidagarriak, eta herritarrak arduragabeak.  Lehen aipatu ditudan supermerkatuak ez bezala; are gehiago, han ez da ezer kontrolatu behar, den-dena ongi dago. Gainera, jarduera pribatua da.

Udal batzuek asteroko azokari eutsi egin diote; beste batzuek Biolur elkarteak antolatu dituen udako azoka ekologikoak mantendu egin dituzte. Guztiek izan dute aukera ikusteko azoka horiek guztiak moldatu egin direla egoerara; udalek eta Biolurrek elkarrekin sortu dituztela protokoloak, Osasun sailarekin batera; baserritarrok ere egokitu egin garela, eta zailtasunen aurrean gai izan garela gure jakiak jendearengana gerturatzeko inor arriskuan jarri gabe. Beste hainbat herritan, jaietako azokak moldatu egin dituzte –postu kopuru txikiagoa, sarrera-irteerak kontrolatuak…– barneratuta dutelako zer garrantzi duten azokek janari ekoizleontzat eta herritarrentzat.

Gauzak horrela izanda, zur eta lur uzten naute negu bueltako erabaki politiko hauek. Urteetan errepikatutako erretolika hutsala dela argi geratu zait: jai egun horietan egiten diren azoka horiek helburu ludikoak dituzte, eta horretarako, ruralismoaren beharra dute, benetakotasunari arrastoa hartzeko. Euren buruan ez dago janaria lortzeko bide bat; herriari lotutako jarduera ekonomikoa ikusten ez duten neurri berean; horretarako guztirako supermerkatuak daude. Janaria linealetan dago, benetako janaria, egunerokoa; baserritarrari zuzenean erostea izan daiteke, kasik, egun berezi horietan, menuari gourmet kutsua emateko tresna. Herriari loturiko ekonomia, egiazkoa, kooperatiba itxurako multinazionalak dira eta gainontzeko putreak. Ekonomia txikia, zurea eta nirea, horiek hutsaren hurrengoak dira, inora ez doazenak.

Eguna borobiltzeko jakin dut Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro gastatuko dituela publizitate kanpaina batean, ‘Etxekoak’ du izena. Gabon hauetan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko. Antza, aurrekontu irekien prozesuan aukeratu zen bertako produktuen kontsumoa sustatzea.

Horren harira, galdera xaloa: non erosiko ditu jendeak bertako produktuak Gabon hauetan? Asteroko azokak daude, zalantzarik gabe. Baina agintariek, nik bezala, jakin badakite badagoela populazioaren zati bat baserritarra –baserritarra dela jakinda– urtean behin bakarrik duela parean, neguko azoka berezietan; hain zuzen ere, bertan behera geratu diren horietan.

Makina bat azoka txiki antola zitezkeen eskualde guztietan, segurtasun neurriak aintzat hartuta, 100.000 euro horiekin. Borondatea balego, baserriek funtzio garrantzitsuak –elikaduran, ekonomian, osasunean, ingurumenean…–betetzen dituztela sinetsiko balitz, baserritarrok populazioaren %1a izan arren, inork usteko balu bagarela jendarte honen parte, eta ez atrezzoa .

Santa Lutziren bezpera honetan bigarrenez entzun dut inguruko herrietan baserritar bat dabilela kalean, topatzen duen jendeari, bere produktua eskaintzen, non saldu ez duelako. Kapitalismoak hori du, esaten dizu ekoiztu gehiago, saldu egingo duzu eta! Baina saltzeko moduak urritzen direnean, saltzeke duzun ekoizpen horrentzat biderik ez. Bitartean, euroak banatzen dira baserritarron izenean –berriz ere–; eta kamerak, fokuak eta mikrofonoak martxan dira; eszenatik kanpo, ordea, geratzen da agintekeriak utzitako errealitate beltza.

Santa Lutzi eguneko azokarik gabeko bezpera

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude