Sanmarko berriz Zero Zabor norabidean

zuzeu.eus-logo7Atzo, Sanmarko mankomunitateko batzar berria osatu zen. Maiatzeko udal hauteskundeen ondorengo aldaketa islatzen duen batzarra. Beñat Amenabar lehendakari berriak atzo irakurritako agiriak, itxaropenez ikusten dugun aro baten aurrean gaudela iradokitzen du.

Bertan, hondakinei su ematea baino gauza intelijenteagoak egiteko asmoa ikusten da. Joan den legealdiko zatirik handienean Sanmarko bertatik Zero Zabor norabidean hartutako ildoari eusteko asmoa agertu du, lehen adierazpenetan. Hauteskundeetan herritarrek bestelako kudeaketa eredu bati emandako babesari erantzuten dio horrek. Politika herritarrekin eta herritarrentzat egingo duten itxaropena daukagu, errausketa baztertuz, eta Zero Zabor eredua garatuz. Bide horretan laguntzaile izango gaituzte. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan Sanmarkok dituen hiru ordezkariak ere Bildukoak izango dira, atzoko bozketaren emaitzen arabera.  Orain, bide horri gainerako mankomunitate eta udaletan segitzea geratzen da.

Beñat Amenabar Sanmarko mankomunitateko lehendakari berriak irakurritako agiria

Aurreko agintaldian Sanmarko mankomunitatean eta hainbat udaletan hasitako  lanari jarraipena emateko asmoz gatoz.

Aurrekoan hiri hondakinen arazoari heldu eta urteetan emandako kudeaketa eredu okerra agerian jartzeaz gain, ingurumena eta herritarren osasuna errespetatzen duen  eredu alternatiboa bultzatu zuten.

Orain hasten dugun legealdi honetan, aurrekoan emandako urratsa sendotu eta zabaltzea izango da gure bete beharra. Oso argi daukagu hiri hondakinen arazoa  konpontzeko zer egin behar den: hauek gutxitzeko neurri zehatzak hartzea  lehendabizi eta sortutako hondakinak ahalik eta gehien birziklatzea hurrena. Badakigu hori lortzeko hondakinak atalka biltzea ezinbestekoa dela eta horrela egin ezean, ez dugula arazorik konponduko.

Argi dugu erabiltzen den bilketa ereduak ondorengo kudeaketa guztiz baldintzatzen duela. Hiri hondakinetan ia guztia birziklagarria bada (%90), gaikako bilketarik egokienak erabiltzea izango da gure helburua, birziklagarria ez den atal hori ahalik eta txikiena izan dadin. Argi dugu orain arte erabilitako bilketa ereduak arazoa geroz eta larriagoa bilakatzen duela.

Ez gatoz denbora alferrik galtzera, lanera gatoz. Maiatzeko hauteskundeetan herritarrek argi hitz egin zuten eta beraiekin dugun konpromisoa betetzera gatoz. Politika beste modu batera egin nahi dugu, herritarrekin batera. Hiri hondakinen arazoak, egundoko aukera ematen digu horretarako. Guztiok sortzen ditugu hondakinak, baina guztiok daukagu arazoaren konponbidea gure baitan, bakoitzaren etxetik hasita. Herriz herri, auzoz auzo joango gara arazoa zein den azaltzera eta jendearen konpromisoa eskatzera. Lehen munduan bizitzeak eta erosotasuna ordaintzeko aukera izateak, ez digu baimenik ematen birziklagarriak diren materialak alferrik galtzeko eta ingurumena kaltetzeko.  Aukera ederra daukagu politika jauregietatik eta erakundeetatik goitik bera egin ordez, herrietatik eta herritarrekin batera, betik gora egunero egunero egiteko. Orain dugu maiatzean pistutako ilusioa guztion arte betetzeko aukera.

 

www.gipuzkoazz.com

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.