San Joan sua, joana

San Juanes 2010

Bart kalera irten nintzen Lazkaoko San Joan sua ikustera. Tristuraz onartu behar izan nuen nire aurrean nuen su kaxkarra oso bestelakoa zela 80ko hamarkadan jaio ginenok ezagutu eta gozatu genituen suekin alderatuz. Pena handiz ohartu nintzen geure belaunaldia izan dela benetako San Joan sua ezagutu eta gozatu duen azkena.

Duela 10 urte baino gehiago, sua plaza ondoko futbol zelaian izan ohi; “zelai zuria” deitzen genion, are gris-zuriz estalia baitzegoen. Astean zehar, herriko haur eta gazteok etxeko trasteak, apunteak, begi-bistatik kendu nahi genuena edota suak ederki irentsiko zuen guztia  zelai zurian pilatzen joaten ginen. Ikaragarrizko tontorra osatzen genuen. San Joan bezperako gauean, azken eguzki izpiek ihes egin baino lehentxeago, udaltzainak gasolina frankoz bustitzen zuen tontorra eta su ematen zion. Erdi ezkutuan baino harro, haur ausartenek beren su txiki eta ez hain txikiak osatzen zituzten zelai zuriaren izkinetan. Luze aritzen ginen suaren inguruan jolasean, su txikien gainetik saltoka nork bere ausardia erakutsiz, inguruan topatzen genituen paper eta kartoiak sutara botatzen… Gau polita izan ohi zen. Basatiak ginen. Libre. Eta, hala ere, inork ez zuen minik hartzen.

Baina orain, zelai zuria zegoen tokian autoz lepo dagoen aparkalekua dago, eta sua plazan pizten. Orain, San Joan bezperako arratsaldean osatzen dute tontorra, made in China tontor prefabrikatua dirudi, kontrolatuagoa, badaezpada ere; eta herritarrek beren ekarpenak egiteko aukera gutxi daude perimetroa aldez aurretik zehaztuta baitago hesien bidez, badaezpada ere. Orain, sua gasolina tanta gutxi batzuez bustitzen dute eta azken zur zatiak su hartu baino lehen itzaltzen dute, badaezpada ere. Noski, haurrek ez dute beren su txikiak egiteko aukerarik udaltzainek berehala errieta egiten baitiete, badaezpada ere, eta suaren gainetik salto egiteko ohitura seme-alabei kontatuko dizkiegun istorioetan berpiztuko da soilik.

Segurtasun neurriek haur eta gazteen askatasuna hesitu dute. Arauek libre eta basati hazteko aukerak giltzapetu dizkiete. Badaezpada ere.

Argazkia: Daniel Aguilar López ©

Lazkao, San Joan sua

UDAZKEN KOLOREAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude