San Isidro eguneko menu mingotsa

San Isidro eguneko menu mingotsa –

San Isidro eguneko menu mingotsa

Egunotan itzuli naiz ume zapuztua izatera. Bere garaian amestutakoa jaso ez zuen ume zapuztua bizi da nire baitan, eta tarteka azaltzen zait, bixi-bixi. Ametsa –adi, irakurle, ametsaz ari naiz; ametsaz, eta ez apetaz– desagertu eta haserrean kiskali ondoren, itsasoan itotzen den trapuzko panpina maiztua naiz. Etsipenak erreskatatu nau. Tira, eta zu hor izateak.

Iaz izandako amets bera aipatzera natorkizu, irakurle. Ametsak bazuen data jakin bat: maiatzaren 15a. Ametsak bazuen izen jakin bat, santu izena izan ere: San Ixidro –aldatu egingo nioke eta Ixidra bataiatu–. Amets horrek bazituen protagonistak: baserritarrak.

Iaz amestu nuen San Ixidro eguneko ospakizunean baserritarrok izango ginela protagonistak herrian. Ametsa ez zen gorpuztu, ordea; eta etorkizunak pizten duen esperantzari egin nion lekutxo bat, ea hurrengoan urtebeteko goxotasunaz eta eskarmentuaz ernaltzen zen. Jaiotzeko garaia heldu da, eta bere horretan geratu da, mugitu egin da zertxobait, baina ez nik espero nuen mailara. Sustraiak ez dira nahiko indartsuak, axalekoak direla ematen du.

Bi mugimendu izan dira aurtengo ospakizunean: beganoek ere euren menua izango dutela eta 0km produktuetan oinarritutako menua izango dela herri-bazkarian. Bada aldaketa.

Bi mugimendu txiki, ordea, nik nuen ametserako: herriko produktuekin osatutako menuak izatea San Ixidro egunean.

San Isidro eguneko menu mingotsaMingarria da oso entzutea katering enpresek esan dutela ezetz, ez dutela herriko baserritarron produkturik nahi –dirudienez, hiruri galdetu zaie–. Mingarria egiten zait, aldi berean, onartu behar izatea horietako batekin Udalak itxi egin duela tratua, eta gure produktuak nahi ez dituen horrentzat izango dela bazkaltiarren dirua. Mingarria da aukerak planteatu zaizkiolako, beste modu batean lan egiten duten katering enpresa txikien kontaktuak ere eskura izan dituelako, gure produktuak onartuko lituzketenak. Eta ez, erabaki da ezetz, saiakera bertan behera uztea.

Gogorra da hori guztia kontatzea maite duzun herriaz, baina hala da, gordin. Saiatuko dira menua samurtzen esanez egin ahal zuten guztia egin dutela, zailtasunak izan direla… Bai, baina zailtasunak aurreikusiz gero, estrategia pentsatu eta denboraz ekin egin behar zaio bideari. Orain dela urtebete jakina zen 2019ko maiatzaren 15a helduko zela, eta oraindik ere gordin samar dago menua.

Sentitzen dut, baina ez dit balio 0km produktuetan oinarritutako menua izatea. Ez, ez dit balio. Horrek zer esan nahi du? 0 km produktuak, kasu honetan, itzulpen bakarra izan beharko luke: herriko baserritarron produktuak. Puntu. Eta ez du. Webgunean ikusi dut gure herrian lau etxe daudela, izango da euren okelik platerean? Haragia baino ez dela eskaintzen ere ikusi dut, eta menuaren gainontzeko produktuak, zenbat zero dituzte?

Inkoherentziak deseroso sentiarazten nau, ez-lekuan. Ez naiz gai ulertzeko Udalak azken urteotan baserri mundua berpizteko egindako inbertsioa –ekonomikoa eta pertsonala– azken pausu hori eman gabe. Ez dut ulertzen nola eskatu ahal zaien bertako ostalariei eta dendariei bertako produktuaren aldeko apustua egiteko, eta Udalak berak antolatutako ekintza batean eredua ez izatea. Onartzea, besterik ez dut; ulertu ez, baina.

Aitortu behar dut lotsa punttu bat ere sentitzen dudala, herrikideei eta herrira etorriko diren horiei ezin esan: gaur herriko menua duzu, bertako elikagaiekin osatua, bertako baserritarren lana zuretzat.

Egun tristea izango da San Ixidro eguna, mingotsa ospakizuna.

San Isidro eguneko menu mingotsa San Isidro eguneko menu mingotsa
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Zer duzu buruan “San Isidro eguneko menu mingotsa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-05-15 07:33

    Hori gure aurrekoekin ez zen gertatuko, beraiek prestatuko zuten eta bazkaria bertako produktuekin. Haiek “Km 0” eta “auzolana” hitz gutxi ahoan baina asko praktikan. Gaur egun hitz asko, baina praktika gutxi. Eta gustora egon zaitezke bazkaria Deliveroo edo horrelako enpresa batek ekartzen ez dizuen bitartean. Gaur egungo belaunaldiak zerbait ematen badit nazka da. Udaletxea… egun guztia ordenagailuko pantailatik burua atera nahi ez duten teknikariz betetako ONUko agentziak ematen dute udaletxeek. Txosten asko, ezer gutxi gehiago. Gazteak berriz, elikadura burujabetza, auzolana eta iraultza asko baina soinean daramaten iraultzaile itxuran amaitzen da guztia: eguna joan eta eguna etorri lan isilean gure aurrekoek bezala irauteko kemen gutxi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude