Saltzaile ondradua

Saltzaile ondradua –

Patxo Telleriak Bizkaiko Hitzan.

Zintzoegia da gizajendea, eta hori ez da ona negoziorako. Goizean alkandora janzten ari nintzela, botoi bat askatu, eta zoruan galdu dut. Nire alkandora bakarra. Joder! Mertzeriara joan naiz. Nire aurretik bi bezero. Lehenengoa, gona baterako kremailera aukeratzen. Mostradorean dozenaka kremailera, denak berdinak, akaso batzuk zabaltxoagoak, besteak luzexeagoak. Bezeroa kremailerak banaka aztertzen, bizia horretan joango balitzaio bezala. Dendaria gehiago ateratzen, salmahaia bete arte. Ordu erdia kostatu zaio aukeratzea. Dendariak kremailera paperean dotore bildu, eta kontua pasatu dio. 25 zentimo.

Saltzaile ondraduaHurrengo bezeroa. Haria. Eszena bera. Ehunka hari tutu, dozenaka kaxoi. Azkarrago aukeratu du, egiari zor, hogei minutu. 60 zentimo. Eta bezeroari garestia iruditu. Ea zergatik aguantatu dudan hor? Nire ehiztari senak harrapakin interesgarri baten aurrean nengoela esan dit. Baina ziurtatu behar nuen, tiroa bota baino lehen.

Nire txanda. Dendariak alkandorako botoiei begiratu, eta hasperen egin du. Botoi horiek deskatalogatuta daudela, baina ahaleginduko zela antzekoren bat bilatzen. 25 minutu, 60 kaxoi eta 110 botoi-katalogo aztertu ondoren, antzeko batekin asmatu dugu. Dendariak botoia paperean harro bildu, eta “hamar zentimo” esanez eskaini dit, irribarrez.

Irribarre berdinarekin galdetu diot nik ea trikimailua non dagoen. Dendariak inozo plantak egin ditu. “Ia bi ordu daramazu lanean”, esan diot. “Irabazi gordina, 95 zentimo. Ken salgaien kostua, ken lokalaren amortizazioa, ken zergak, ken argia eta ura… Denda hau estalki bat da, joder, ez nintzen atzo jaio. Dendaostean drogak, lapurtutako bitxiak ala giza organoak saltzen dituzu. Ez dago beste azalpenik”.

Dendaria, ahozabalik. Gero, beldurrez, lapurtzera banator, eramateko nahi dudana, baina minik ez egiteko. Lasaitu egin dut, ez naizela lapurra, are gutxiago polizia, bost axola legez kanpoko negozioren batean dagoen. Kontrara, nigatik hainbat hobe. Pertsonaiak ehizatzen ditudala eta bera bezalako delinkuente bat, itxuraz mertzeria apal bat daraman andere itxuraz koitadu baten ezkutuko nortasun iluna interesgarria dela nire bildumarako.

Andereak dendaostean sartzeko gonbita egin dit. Telebista txiki bat, ilobarentzako josten ari den jertse bat jostorratz eta guzti, patata tortilla puska bat eta ogi mutur bat. Ez droga, ez harribitxi eta ez giza organorik. Andereak bere zintzotasuna aldarrikatu du: bizitza grisa da berea, tristea akaso, baina komuneko ispiluan bere burua ikusten duenean, ez daukala ezeren lotsarik esan dit sumin puntu batekin. Buru zikina eduki behar duela norberak, hurkoarengan gaiztakeria aurkitu behar hori izateko. Pena ematen diodala. Barkamena eskatuta, irten egin naiz.

Denda ondoko banku batean eseri naiz istorioa idazten. Delinkuente zirraragarri bat eskaini nahi nizuen. Trukean, andere zintzo gatzik gabeko bat dakarkizuet. Garai puta hauek.

Bukatu dudanerako, gaua da. Mertzeria aspaldi itxita. Abiatzera noanean, itxura iluneko gizon bat hurbildu da dendara. Pertsianan kolpe batzuk eman ditu, erritmo jakin batean. Gutxira kolpe sekuentzia errepikatu du. Hirugarren aldiz ere. Pertsianak gora egin du. Dendariak burua agertu, alboetara mesfidati begiratu, gizonari sartzen utzi, eta pertsiana jaitsi du gizona sartu orduko. Andere kabroia! Orain kronika hutsetik berridatzi beharko nuke, baina nagia. Ordaintzen didatenerako… Halere, pozik noa etxera. Oraindik esperantza izpi bat geratzen zaigu pertsonaia ehiztarioi.

Saltzaile ondradua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.