Saltoki txikiak Euskal Herrian

Euskal Herrian, txikizkako merkataritzan diharduten 17.000 saltoki inguru ditugu, handiak zein txikiak kontuan hartuta. Dena dela, hamar langiletik beherakoak dira saltoki horien %98 inguru. Horien guztien artean, arropa dendak dira jaun eta jabe, eta altzari nahiz janari dendek ere presentzia handia dute.

Saltoki txikiak Euskal Herrian

Interesgarria da, baina, saltokien kokapenari erreparatzea. Mapan ikus daitekeen bezala, Lapurdiko kostaldean dago saltokien dentsitate handiena, nabarmen: Euskal Kostaldea – Aturri hirigunean, mila biztanleko 11,5 denda daude. Kontuan izan behar da, Baionako Merkataritza Ganberaren arabera, inguru horrek Frantziako Estatuko merkataritza guneen kontzentrazio handiena duela. Gainontzeko hiriburuetan ere, saltokien kontzentrazioa batez bestekotik nabarmen gora dago. Hala ere, esaterako Baztanaldeak eta Bortziriek Donostialdeak baino saltoki metaketa handiagoa dute: mugaren efektua oso kontuan hartzekoa da horietan, ipar euskal herritar askok Nafarroa Garaiko bi eskualde horietara jotzen baitu, produktu merkeagoen bila.

Kasu horietan guztietan, ez gara tokiko merkataritza tradizionalaz ari, baina badira halako kasu positiboak ere. Esaterako, Garazi-Baigorrin saltokien kontzentrazioa Bilbo Handiaren parekoa da, eta kasu horretan, herriko denden bizitasun handiari zor zaio zifra hori.

Paisaia desorekatua

Gainerakoan, Euskal Herriko paisaia oso gorabeheratsua da saltokien dentsitateari dagokionez. Izan ere, hiriburuetan eta beste zenbait gunetan kontzentrazioa handia den hein berean, beste batzuetan isolamendua da nagusi; bereziki, Nafarroa Garaiko Pirinio betean eta Araba hegoaldean. Hain zuzen, Euskal Herriko 174 udalerrik ez dute txikizkako merkataritza zerbitzurik tokian bertan, eta gertuenerako batez besteko distantzia bost kilometrokoa da horietan.

Denda txikiak eta handiak bereizita, Hego Euskal Herrian, lau urte eskasean (2010-14), ia %10 jaitsi da hamar langile baino gutxiagoko saltokien kopurua. Krisiak merkataritza gune handiei ere egin die kalte, baina denda txikien beheranzko joera aspalditik dator, eta bereziki, merkataritza gune handien hedapenaren ondorioz. Hala, Euskal Herriko saltoki txikiek gero eta oztopo gehiagori egin behar diote aurre bizirauteko.

Horren erakusle, azalera handiko guneak gertu dituzten eskualdeetan izan dira gainbehera larrienetako batzuk azken urteotan. Adibidez, Gorbeia Inguruetan saltoki txikiek %17,6 egin dute behera 2008tik 2014ra, eta Zigoitian merkataritza gune handi bat dagoela izan behar da kontuan. Bidasoa Beherean ere %17,2ko beherakada izan da denda txikien kopuruan, eta Irunen bi merkataritza gune daude. Hiriburuetan ere, merkataritza txikien gainbehera batez bestekoa baino handiagoa izan da.

Merkataritza gune handien mapa eta saltoki moten grafikoa: gaindegia.eus