Sabin Intxaurragaren heriotzean

Gararen arabera, Zeanurikoa historiak keinu bat egiten zion unean hil da, “bere azken garaietako desio handienetakoa egia bihurtzear zegoela hil da: independentista eta ezkertiarren benetako ekintza-batasuna”.

61 urte betetzear zela atzo zendu zen Eusko Alkartasunako militante historikoa. Lehenik EAJn hasi, Carlos Garaikoietxearen idazkari bihurtu, EA fundatu ondoren, alderdiarekin Zeanuriko alkatetza lortu, eta gero Jaurlaritzako sailburu izan zen bi bider Juan Jose Ibarretxerekin. 

Garan Iñaki Iriondok artikulua hasten duen bezalaxe bukatzen du berea Koldo Aldabek Berrian. “[Intxaurraga] Politikan hasi zenetik amets zuen ezkerreko indar abertzaleen metaketa egikaritzen hasi den unean hil da. Ametsa errealitate egin gabe dagoen baina errealitate bilakatzear den unean. Ez du ikusiko, baina lortzen bada Intxaurragak jarritako alearengatik ere izango da”. Berriak “ezkertiarra eta abertzalea” zelal gogoratu du titularretik. “Abertzalea bai, baina ezkertiartzat jo al daiteke ibilbide politikoa EAJn hasi zuen bat? Sabin Intxaurragak (Zeanuri 1949-2010) askotan eman zituen azalpenak gai honi buruz. Gaztetatik izan zuela garbi ezkerrekoa eta abertzalea zela, orduko Herri Gaztedi zeritzan mugimenduko kide zenetik. Garbi zuen beste ideia bat zen bere pentsamendu horrek ezin zuela bat egin indarkeriaren erabilerarekin”. 

Berriak dion abertzale eta ezkertiarraz gain, El Diario Vascok “garaikoetxista” gisa definitzen du EAko buruzagia. Egunkari horrek ere Intxaurragak “polo soberanistaren alde” egindako lana nabarmendu du.

Deiak euskal politikako aktore garrantzitsuentzat jotzen du Intxaurraga, eta bere ibilibide politikoa errepasatu ostean, bere euskaltzaletasuna eta mendizaletasuna dakartza gogora. Iñaki Anasagasti lagunarekin eta Begoña Errazti alderdikidearekin mintzatu da Deia.

Azken elkarrizketa zabalenetako bat Argiarako egin zion Sustrai Colinak Intxaurragari, 2009ko maiatzean. Ondoren gaurkotasuna galdu ez duten hainbat galdera-erantzun, eta hemen elkarrizketa osoa.

ETA da ezkerreko abertzaleen erreferente indartsu hori sortzeko oztopo nagusia?

ETAk ez du batere laguntzen, are gutxiago ezker abertzale konbentzionaleko erreferente politiko bezala agertzen denean. Hanka sartze larria iruditzen zait ETAk ezker abertzalearen izenean hitz egitea, erreferente politiko bat izateko hauteskundeetan kontrastatuta egon behar duzulako, eta nik dakidala, ETA ez da sekula hauteskunde batzuetara aurkeztu. IRAk Ipar Irlandan egin duen bezala, bere munduko erreferente politikoari pasa behar lioke lekukoa, eta politikoki bere jokabidea antzua dela ohartu. ETA ez zen sortu besterik gabe indarkeria ekintzak burutzeko, helburu politiko batzuk lortzeko baizik, eta xede horiek erdiesten ez dituen heinean eraginkortasunaren izenean ez dauka zentzurik. Hori gutxi balitz, estrategikoki espainiar immobilismoak daukan aliatu gorena ETA da. Hortaz jabetzen ez den bitartean, sekulako kaltea egiten dio bai ezker abertzaleari, bai proposatzen ari garen ezkerreko erreferente indartsu horri. Zorionez, kartzelatik atera berritan bere izenean euskal gatazkaren konponbide gisan bide zibila eta elkarrizketa aldarrikatzen zuen Arnaldo Otegi, ezker abertzale osoaren izenean mintzo da orain, eta badirudi, ETAk salbu ezker abertzale osoak horrekin bat egiten duela. Hori hala bada, ETAk desagertu edo albo batera geratu behar du, eta bestela ezker abertzaleak aldendu beharko du ETAren estrategietatik.  

Posible ikusten duzu azken aukera hori?

Mundu horri beste aukerarik geratzen ez bazaio bai. Garbi dago Espainiako Estatuak ezker abertzaleari neurria hartu diola. Orain hiru urte Cándido Conde Pumpidok argi eta garbi esan zidan ezker abertzaleak ez zuela instituzioetan presente egon eta hauteskundeetara aurkezteko inolako aukerarik izango ETAri nolabaiteko babesa ematen zion bitartean. Zoritxarrez, profezia hitzez hitz betetzen ari da, ez baita fiskal nagusi edo alderdi batek diseinatutako estrategia, estatu mailako organo guztiek zehaztutako eta gauzatutako asmoa baizik. Orain arte bezala jarraituz gero ezker abertzaleak badaki zer daukan. Gainera, nik uste dut jendeak aldaketa bat eskertuko lukeela. Ikusi besterik ez dago 1998ko su-etenaren ostean Euskal Herritarrok-ek lortu zituen emaitzak.  

EAri ez al zaio garesti ateratzen ari bloke soberanista horren aldeko apustua?

EAk askoz lehenago egin behar zuen apustu hori. Egia da Ibarretxeren hautagaitzarekin EAJk EAren boto-emaileen kopurua husteko ahalegin betea egin duela, baina tira, koalizioa betiko zela pentsatzetik erabat baztertzera pasa gara, eta ez da gutxi. Egia da, EAren apustu estrategikoa epe laburrera gaizki atera dela, baina epe ertainerako inbertsio on bat izango dela uste dut. Herri honek independentziarako motor bat behar du, eta hori abertzaletasunetik eta ezkerretik baizik ez daiteke etorri. EAJ ez da sekula independentziaren motorra izango. Hori bai, ezkerretik eskaintza indartsua osatzen ari dela ikusteak bere anbiguotasun enblematikoa argitzera behartuko du, eta ziur egon EAJ ere mugituko dela. Hemen denak mugitzen gara albokoa mugitzen denean. Horregatik diot, aurrera begira ez dela EAJ baztertu behar.

Sabin Intxaurraga 60 urterekin zendu da

Irudia | Sabin Intxaurraga 60 urterekin zendu da | eusko alkartasuna | LGPL

Zer duzu buruan “Sabin Intxaurragaren heriotzean”-ri buruz