Rudyard Kipling ez zen nazia, ezta euskal abertzalea ere

Actions and reactions - Rudyard Kipling

 

Milaka espioi ditut Iruñean barna barreiatuak, jendeak nitaz duen iritziaren berri eman diezadaten. Neronek ere oharrak hartzen ditut; hartara, badakit halakok euskal talibantzat naukala eta, ondorioz, nire galdemodu guziak kritika linguistikoekin nahasten dituela: adibidez, nik galdeginda, sukaldeko haria –haragia lotzeko-eta– beharbada ferreteria batean erosten ahalko nuela erran zidan; “ferreteria batean?” galdetu niolarik, harritua –ezjakina bainaiz sukaldeko hariari dagozkion kontuetan–, haren arrapostua berehala etorri zen, beldurra begietan –“zer, bada, ez da horrela esaten?”–.

Nolanahi ere, nire ohar horietaz gainera, hainbat adiskide, lankide eta ezagunen bidez –hiri buruzagiaren tamaina txikia lagun– ailegatzen da nire belarrietara zer dioten nitaz mihi gaizto zein onek. Horri esker –nire espioi batek kontatuta, alegia–, badakit, errate baterako, halakori xelebreak iduritzen zaizkiola nire elastikoak, edo bertze halakori grazia egiten diola nire bilakaera ideologikoak. Azken horrekin, zer nahi duzue erratea, nahiko ados nago: niri ere bitxia egiten zait nire ibilbide ideologikoa.

Hori baino bitxiagoa da, halere, zeinen erraz biltzen dugun klixe batean jendearen gainean dugun irudia, eta maiz zeinen erraz onartzen dugun geronek ere ingurukoek gutaz osatu duten topiko sorta hori. Konparaziorako, nire lagun batzuek nonbait uste dute –eta, neurri batean, neronek bultzatu dut uste ustel hori– B serieko beldurrezko film txarrak bertzerik ez dudala ikusten: ez da egia, zenbaitetan, Z serieko film arras txarrak ere ikusten ditut, bai eta, tarteka bada ere, film onak ere. Orain, DVDa salgai dagoela aprobetxatuta, Boyhood ikusi nahiko nuke, baina egia aitortzeko, Musarañas da –hau da, beldurrezko film merke samar bat– zineman ikusi dudan hondarrekoa.

Oraindik ikuskizun dudan arren, badakit Boyhood, oker ez banabil, hamabi urtean filmatu zutela, aktore berberekin denbora guzian, eta horren bidez mutiko baten ikusmoldea erakusten zaigula. Musarañas-en, berriz, konbentzio bat erabiltzen dute denboraren igarotzea adierazteko: bi ahizpa gazte dira protagonista, baina flashback-etako haurtzaroko pasarteetan, bi aktore diferentek –bi umek– egiten dituzte haien pertsonaiak. Filmatzeko bi manera horietan, zein da errealistena, zeinek islatzen ditu hobekien denborak eragiten dituen aldaketak? Pertsonaia baten eboluzioa erakusteko, hamabi urtean aktore bakar baten aldatze prozesua filmatzen duenak, edo bi aktore diferente erabiltzen dituenak, pertsonaia bakar baten haurtzarotik helduarorako saltoa erakusteko. Zer gara gu, zer da gure iraganeko nia eta gure gaurko nia? Bat eta bakarra da; edo bi diferente, eta soilik haurtzaroko hura eta gaurko hau fisikoki antzekoak direlako atxikitzen dugu –konbentzioz, zineman bezala– bat eta bakarra diren fikzioa? Iraupen fisiko hutsak identitatea ziurtatzen du?

Duela hogei urte –artean atorra normalak erabiltzen zituen mutiko tonto gatzgabea nintzelarik, eta ez, bilakaera ideologiko irri-emangarri baten ondotik, tixert xelebreak janzten dituen gaurko gizon xarmagarri bezain umila–, Rudyard Kipling-en liburu bat erosi nuen, Alemanian, amerikar batek zuen bigarren eskuko liburu-denda batean. Azalean, elefante baten marrazkia, eta, haren ondoan, svastika bat; barnean, svastika bat, baina adarrak ezker aldera begira dituena –lauburu bat, alegia–. Edizioa 1910ekoa zen, baina, halere, galdera egin nion saltzaileari: nazia ote zen Kipling? Ez, svastika hura suerte onaren sinbolo indiar bat zen, Kiplingek, Indiarekin zuen lotura azpimarratze aldera, maiz erabiltzen zuena. Uste izatekoa da, galdegitera ausartu ez nintzen arren, euskal abertzalea ere ez zela.

Duela aste pare bat, Nafarroako Parlamentuak gibelat bota zuen sinboloen legea aldatzeko herri proposamena: proposamenean, bertzeak bertze, eskatzen zen zilegi izatea udaletxeetan ikurrina paratzea, betiere herritar gehienak horrekin ados baleude. Biharamunean, Diario de Navarra-n, César Oroz marrazkilariak (oharra: Oroz umoregile fina iduritzen zait, tarteka topiko-urratzailea, baina –aitortuta erraz biltzen dugula klixe batean jendearen gainean dugun iritzia– uste dut navarrista klasiko bat daramala bihotzean, eta egoki dagoela –noizbehinkako heterodoxia gorabehera– dagoen hedabidean) honako zinta hau egin zuen: gizon bat etxean dago; paretan zintzilik, margolan baten antzera, Nafarroako bandera handi bat; gizonak atea ireki dio bertze gizon bati, ikurrina eskaintzera etorria den bertze gizon bati hain zuzen ere; etxeko gizonaren erantzuna: “ez, esker mila, mendeak dira bandera bat badudala”.

Bada zinta horretan nafar estatuaren doktrina aldarrikatua sentitu duenik; niri kosta egiten zait betiko navarrismo zaharminduaren ustel urrineko betiko topikoa ez den bertze zerbait harrapatzea: euskal abertzaletasuna eta haren sinboloak asmatuak dira –beraz, gezurrak dira–, Nafarroako sinboloak eta historia antzinakoak eta, hortaz, bene-benetakoak. Bitxia da, halere, zeren 1910ean –Britainia Handian Kiplingen liburua argitaratu zuten urte berean–, Nafarroako Diputazioak batzorde bati eman baitzion bandera bat diseinatzeko enkargua: gaurko bandera hortik sortu zen. Bistan da kateak-eta agiri zaharretan ageri direla, baina, banderaren diseinua adituen batzorde bati eskatu ziotenerako, ez zen sinbolo moderno gisa hain begi-bistakoa izanen. Nolanahi ere, zer da errealistagoa, pentsatzea sinbolo horren iraupen fisikoak gauza bat eta bakarra –Nafarroa nonbait betierekoa– irudikatu duela Erdi Arotik gaur egun artio, edo itxura fisiko bakar baten azpian hainbat esanahi –Erdi Aroko erresuma, probintzia foral eta espainola, komunitate autonomoa, balizko nazioa– ditugula?

Ez litzaidake inportako, bilakaera ideologiko xelebre baten ondorioz noizbait Nafarroako kateak euskaldun guzion sinbolo nazionala bihurtuko balira, baina amorragarria egiten zait Orozen argudio ezin atzerakoiagoa, arrunt maskulinoa –nirea zurea baino luzeagoa da; nire historia, alegia–. Ez naiz bereziki ikurrin-zalea, baina bandera hori zerbaitengatik maite badut –pixka bat bada ere–, berria delako da. Zuena zaharragoa da. Ados. Nirea espero dut toleranteagoa izatea, justuagoa, demokratikoagoa. Horiek ere franko gauza berriak Nafarroan, ikurrina bezala.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Rudyard Kipling ez zen nazia, ezta euskal abertzalea ere”-ri buruz

  • Santi, handia zara umorean, handia zara ironian eta handia zara gauza serioetan ere. Badakit ez zaizula tamaina inporta, baina esan beharra dizut: handia zara.