“Postontzietan jasotzen dugun publizitateak ez du euskaldunen ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzen”

Orotara 104 enpresek zein establezimenduk banatutako 244 euskarri aztertu dira lagin moduan, Barañain (Nafarroa), Donibane Lohizune (Lapurdi), Gasteiz (Araba), Getxo (Bizkaia) eta Oiartzunen (Gipuzkoa).

104 enpresa horietatik 34 establezimendu txikiak dira. Gainerako 70ak, aldiz, merkataritza-handiaren, kateen edo denda erraldoien barruan kokatzen dira.   Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik azaldu duenez, “oro har, euskararen presentzia nahikoa eskasa dela ondorioztatu ahal izan dugu; izan ere, 244 euskarrietatik 191k ez dute euskarazko hitz bat ere jasotzen.

Gaztelania edo frantses hutsean daude eta ezin dugu ahaztu publizitateak kontsumitzaileen bizitzan eta kontsumoan erabateko eragina duela”.   Publizitatea komunikazioa da eta komunikazio prozesu horren  eragile nagusiak iragarlea eta kontsumitzaileak izanik, bi hauei begirako mezua zabaldu du Behatokiak.  

Kontsumitzaileei begira, Petriatik azaldu duenez, “euskaraz bizi nahi dugunok, gure burmuinera, bihotzera eta patrikara iristen den hizkuntza euskara dela erakutsi behar dugu. Bide horretan ere, kontsumitzaileok sortzen ditugun erosketa prozesu guztietan euskara erabili eta eskatu behar dugu”. Ildo horretan ere, Petriatik kontsumitzen ditugun produktuen hornitzaileei, ekoizleei… gureganako harremanetan euskararen erabilera eskatzeko deialdia ere egin du. 

Euskaraz kontsumitzea (eta garai hauetan kontsumo maila handitzen denez),  kontsumo arduratsua egitea ere badela aipatu du Behatokiko zuzendariak. “Gure jarrerak euskararentzat ondorio onuragarriak izan ditzan eta inguru euskaldunago bat  sortzen lagundu dezaten, garrantzizkoa da gure kontsumo ohitura arduratsuen artean euskara erabiltzea.  

Iragarleei begira, Petriatik azaldu duenez, enpresa askorentzat euskara bigarren mailako hizkuntza da. Baina, publizitatearen helburua bezerogaiak izanik, “euskarak balio erantsia eskaintzen duela publiko zabal baten onespena lortzeko ulertu behar da”, azaldu du Petriatik. Bestetik, bezeroak egin eta mantentzeko euskararen erabilerak izan ditzakeen abantailak ere aipatu ditu Behatokiko zuzendariak.  

Publizitatean euskararen erabilera garrantzitsua da produktuen kontsumoa euskaraz egin dadin eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatu eta urraketarik eman ez dadin.

Behatokiko agerraldia - Koldo Mitxelena- Donostia

Irudia | Behatokiko agerraldia – Koldo Mitxelena- Donostia | behatokia | Creative Commons By SA

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.