Rota la norma

hizkuntzaErdaraz titulatuz ZuZeuko “muga” bat gainditu dut; “euskaraz izatearena”. Hori dion arau bat jarri beharra egoera baten sintoma da.

Baina, ez okertu, ez da nire asmoa arauen aurka egitea. Are gutxiago euskarazko kazetaritzan erabiltzen diren arauen kontra. Arau horietaz idatzi dizut, baita lanbidearen beste ikuspuntu batzuez ere.

Pilula batzuk

Euskal Herriaren eta euskararen egoera ez da normala: bi estatu eta hizkuntza hegemonikoen menpean bizi gara. Horregatik ditu euskal kazetaritzak bereizgarri bitxiak. Utzidazue lanbideko arau batzuen nondik norakoen kronika (umoretsu tankerakoa) idazten. A! Ia ahaztu zait, alaitzeko arrazoiak dituzu: Artikuluaren izenburua ulertu dutenen %99,8 ez da hizki hauek deszifratzeko gai.

  • Nola esaten da “extra de queso” euskaraz? Kontatu zutenez, EITBko lantaldeak bilera bat egin zuen, espreski, itauna ebazteko. Erantzuna zein den? Ahaztu dut; Estra gazta? Gazta bikoitza? Gazta gehigarria? Gazta mordoa?

Euskaraz idazten dugun kazetariak itzultzaile trebeak gara. Trebeak diot, inoiz itzulpengintza ikasi gabe egiten dugulako lanbide hori. Ondo ala gaizki egiten dugun da gakoa. Behintzat, ez da erraza. Euskaratu “paso de ellos”, euskaratu Basagoitik “que les den” dioenean, euskaratu “viene el primo de Zumosol”. Sarritan euskara ere euskaratu behar dugu eta!

  • Badakizu non dagoen Naoned? Nik ez nuen arrastorik, Nantes dagoen lekuan dagoela esan zidaten arte. Bai, hiri berbera da, baina espainierazko izena besterik ez nekien. Ostera, “Zaragoza (Espainia)” argi eta garbi ulertzen dugu.

Mapek ere ez digute asko laguntzen. Non dago Frisia? Zein hiri daude Okzitanian? Ez nuke eguraldi mapako mugak erabaki zituztenen larruan egon nahi. Gureak ere ez dira errazak eta! EAE, Euskadi, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. NFE, Nafarroa. Hegoaldea, Iparraldea. Euskal Herria.

Izen faltarik ez dugu, datuak dira falta zaizkigunak. Hegoaldekoak espainiarrek ematen dizkigute, autonomia erkidegoz sailkatuta, eta, onenean, lurraldez lurralde. Eta Iparraldekoak? Jo Akitania eskualdera edo Pirinio Atlantikoko departamentura edo Paura. Datuen bilketa, interpretazioa eta bateratzea lan koxkorra da.

  • Badakizu Espainiako Lehen Ministroaren abizenaren hizkien %40 aldatzen dugula? R-A-J-O-Y, R-A-X-O-I. Aldatzen dugula esan dut. Onerako moldatzen dugula ere esan daiteke. Izan ere, galizieraz Raxoi da, originala, alegia. Halere, inork gutxik erabiltzen du Raxoi.

Beste kontu bat espainieraz irakurtzera ohituta gauden hitzak euskaraz idaztea da. Hiztegian begiratzeko adibide bat: Purificar. Euskaraz: araztu. Nik neuk ezagutzen ez dudan hitza idatzi behar diet irakurleei. Ño! Mina ematen du horrek! Badakizu horrela egin behar duzula edo hitza saihestu edo sinonimoa bilatu. Baina, ulertzen ez badu? Arantza batek ziztatzen du irakurlea. Esaterako…

  • Film baten izenburua idazterako ordua heldu da. Jatorrizko hizkuntzan idazten dugu, ez bada euskarazko itzulpena duela. Joko bat. Itzuli filmak: Gone with the wind, Der Untergang, Die Hard. (…) Hegoaldean, Lo que el viento se llevo, El Hundimiento eta Jungla de Cristal. Erreferentzia kulturalak zein hizkuntzatan ditugu? ETBk itzuli egiten ditu tituluak: “Kausarik gabe errebelde” izan da entzun dudan azkena.

Kazetaritzak berez dituen hamaika zalantzei, beste mordoa gehitzen dizkio gure izaera bitxiak. Zenbait euskal irakurlek ziur nabaritzen dutela ulergarritasun galera bat zenbaitetan. Zeresanik ez, euskaraz irakurtzera ohituta ez dauden pertsonek.

Oraindik ez dugu erabat “normal” ikusten gure hizkuntza komunikabideetan. Behin gogoan dut ikaskide batek esan zidana Berria irakurtzen ari nintzela: “Obamak euskaraz ikasi du, ezta?”.

Buruhausteak, buruhausteak, buruhausteak. Baina, berriz ere, bada pozik egoteko arrazoirik. Nire oroimenaren arabera, Lorea Agirre Berriako kazetariak esan zigun: “Euskaraz beste hizkuntzen aldean gutxi idatzi da, gauza berriak idaztea errazagoa egingo zaizue”.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra