Rihanna eta Podemos jomugan…

Rihanna eta Podemos. Podemos eta Rihanna. Biak ala biak maiz aipatzen dira telebista kate gehienetsuenetan, eta biek twitterren gisako sare sozialetan jarraitzaile andana dute. Ez da hori ordea Podemos eta Rihanna zaku berean sartzera naramana, azken aldian erakutsi duten jokabide koldarra baizik.

Izan ere, berriki biek traizionatu dituzte euren ideia eta iritziak, zale/jarraitzaile/hautesle kopurua mantentzeko. Zilegi da, eta pragmatikoenarentzat, baita ulergarria ere. Baina ez ditu inork lerron jomugan izatetik libratuko.

Rihanna eta Podemos jomugan

Rihanna: #FreePalestine, ya tal

Egunotako Israelen erasoen harira, eta Palestinaren askatasunaren aldeko jarrera azalduz, “#FreePalestine” idatzi du Rihannak twitterren. Txioak eragindako zalaparta -kontrako zein aldeko iruzkin zaparrada- ikusita ordea, 8 minutura ezabatu du. 36 miloitik gora jarraitzaile dituenez gero, nahikoa izan da denbora tarte hori 7.000 bertxio jasotzeko.

Txioa ezabatzearekin nahikoa ez eta bere lagun baten bitartez hedabideei aditzera eman die nahi gabe zabaldu duela eta ez dela Palestinaren aldekoa, bakearen aldekoa baizik. Hortaz, aukera Gazan gertatzen ari dena salatzeko baliatu beharrean, posizionatzeri uko egin dio, bere hasierako adierazpena (eta Palestinarrak) alboratuta.

Podemos: “Herrirarekin bildu ginen baina zuek ETArekin”

Ez da denbora asko Espainiako egunkari nagusiek Podemosek Herrira eta Ezker Abertzalearekin zuen “harremanaren” berri eman zutela.  Baten bat harago joan eta ETArekin ere lotu zituen. Une horretan eta foku mediatikoa bere gain zutela, aukera ezin aproposagoa zen aldarrikatzeko Herrirak ez lukeela ilegala izan behar, eta presoen eskubideen aldeko defentsa zilegi bakarrik ez, beharrezko ere badela. Ziur naiz halaxe pentsatu eta sinesten dutela Pablo Iglesias eta konpainiak.

Hala egin beharrean ordea, eta balizko bozen mesedetan, PP eta PSOEko Gobernuak ETArekin bildu zirela gogorarazi zuten, eta baita Herrirarekin elkartu zirenean erakunde legala zela ere, posizionatzeari uko eginda.

Biharko egunean Rihannak mundu osoko aretoak beteko ditu, eta akaso -poztuko ninduke- Podemos gobernatzeko gai izango da Espainiako  hainbat udalerri eta erkidegotan. Hori bai, bidean utzitako orban ilun hauek ez dituzte aise ezabatuko.

Rihanna eta Podemos jomugan

5 pentsamendu “Rihanna eta Podemos jomugan…”-ri buruz

  • “bidean utzitako orban ilun hauek ez dituzte aise ezabatuko…”, bai, ziur aski Pablo Iglesias gauetan lo egin ezinda ibiliko da…

  • Berria 2014-07-06 / Iñaki Petxarroman
    …….

    Iñaki Petxarroman- Presoei dagokienez, zer planteatzen duzue?

    Pablo Iglesias- Gutxienez, Espainiako espetxe legedia betetzea. Hark hainbat neurri aurreikusten baitu gaixorik dauden presoekin, bai eta presoek eskubidea dutela zigorra betetzeko etxetik gertu. Beraz, salbuespena amaitu egin behar da, eta hori positiboa da ikuspegi demokratiko batetik.
    ……

    Elkarrizketa irakurri ez baduzu, ba zer nahi duzu esatea.
    Irakurrita bazenu, berriz, …pufff

  • Amonamantangorri 2014-07-17 17:42

    Hemen Iglesiasek erantzuten dio Inda, El Mundoko sasikazetariari. Uste dut espainiar jende askoren begietara, Iglesias politikari serio eta duin gisa geratu dela, eta Inda morboso ziniko bat bezala.
    https://www.youtube.com/watch?v=8VGw3uK0S9k

  • Artikulu honen autorea banintz, aurreko hiru iruzkinak irakurri ondoren, berehala ezabatuko nuke testua Zuzeu-tik, Rihannak bere txioarekin egin bezala.

  • Amonamantangorri 2014-07-18 17:01

    Podemosen auroparlamentariek beren eserlekuetatik kartelak erakutsi dituzte “END OCCUPATION OF PALESTINE” lemarekin. https://www.youtube.com/watch?v=xgnpXXn-ET4

    Iglesiasek ez zuen une horretan Herrira defendatu beharrik; Iglesiasek Herrirarekin elkartu eta mintzatzeko beharra eta eskubidea defendatu behar zuen, eta espainiar eskuinaren hipokresia eta moral bikoitza salatu.

    Azken aldian batzuk esaten dabiltza Podemosek bere diskurtsoa leundu egin duela, moderatu. Niri, berriz, iruditzen zait espainiar gizartearen parte zabal bat gero eta gehiago politizatzen ari dela posizio erradikaletara. Pentsatzekoa da, espainol haserratu eta erradikalizatu horiek batez ere Podemosen alde jarriko direla.