#ResistOndarru antxoaren turrune

turrune

Donostiako Boulevardean bizitakoa anekdota hutsa izango zela pentsatzen zutenak ixilik dira, Ondarruko #ZubiHarresia-n azken egunotan jazotakoarekin. Urtza Alkortaren kasuistika ezberdina izan arren (ETArekin kolaboratu izana egozten zaio, torturapeko autoinkulpazioa oinarri), ehundaka euskal herritar bildu da bere inguruan Ertzaintzak ez dezan eraman. Argi geratu da AskeGunea ez dagoela espazio fisiko bati lotuta, AskeGunea indar handiko kontzeptua dela, eta han sortzen dela, jende askeak aske segi nahi duen lekuetan.

Atzo iritsi ginen, gaua ate joka, #ZubiHarresia-ren ingurumarietara. Kosta zitzaigun arrantzale herriko bidezidor bihurrietan aparkalekua topatzea. Kosta zitzaigun pare bat buelta, baita galtzea ere Lekitxorako kostako bidetik, AskeGunetik metro gutxi batzuetara irten behar zuen auto bat aurkitu genuen arte. Zortekoak gu, bertan lo egin baitugu bart eta gauak gorriak baitira Ondarrun.

Gaubela giroa zen AskeGunean, umore ona, irriparre asko eta hastear zen berbena. Sekulako egitarauaren azken ginda izango zen MP5 talde eibartarraren festagiroa. Lehenago Donostian gertatu bezala, artisten elkartasunik ez da falta izan. #ZubiHarresi-ko eskilaretatik segi genuen twitter gosea asetzen, behean jendea dantzan zebilen bitartean.

Donostiko izpiritu bera nabari da Ondarrun; bai pankarten mezuetan, bai jendearen jarreran eta elkartasunean. Boulevardeko esperientzia eredu hartuta, sekulako komunikazio gunea jarri dute martxan. Imanol Muruak atzo ZuZeun bertan argitaratu bezala “iritzi publikoaren gerra” baitago jokoan berriz ere. #ResistOndarru da traola, etenik gabe dantzan dabilena sarean.

01:30ak aldera arte komunikazio gunean ibili ostean, gaua autoan igarotzea erabaki dugu kanpoko hotz ankerra saihesteko-edo. Gau osoan zehar bi alarma izan dira (02:00ak aldera lehena, 05:00ak aldera bigarrena), baina ez da turrun hotsik entzun, biak faltsuak baitziren. Ondarrun ohikoa da turrune entzutea goizetan, antxoaren abixu gisa. Aitzitik, egunotan gehiago entzuten da bestelako arrazoi batengatik, Ertzaintza datorrela abisatzeko erabiltzen baitute.

06:30ak jota AskeGunerantz abiatu gara eta 07:00etan jo du turrunak kanpin denda guztiak salto batean jarriz. Segundu gutxitan ibaiaren bi aldeetan korrika zihoan jendea #ZubiHarresia osatzera. Antxoaren Turruna zen, eta beste alarma faltsu bat. Beste egun batez Urtza Alkortak aske segiko du AskeGunean. #ResistOndarru.

askegunea, herriharresia, ondarru, turrune, urtza alkorta, zubiharresia
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

8 pentsamendu “#ResistOndarru antxoaren turrune”-ri buruz

  • Abertzale puroak, hemen bertan hain hiper-kritikoak (batipat ezker-abertzaleekiko :-))…non hago, ze larretan ?
    Ondarruko ZubiGainean baduzue non erakutsi zein den zuen ALTERNATIBA (besteak egiten dutena kritikatzeaz gain, frustrazio pertsonalak besteei leporatzeaz gain…).
    AUPRA ONDARRUTARROK (edo hau ere “apologia” ote da?)

  • Gogorra da herrikide bat kartzelaratua izatea. Oso gogorra auzipetze oinarria tratu txarren ondorioz sinatutako deklarazioa izatea. Ez dago eskubiderik!
    Hunkigarria da, zahar eta gazte harresian ikustea. Sentitu egiten da jendearen arteko elkartasuna. Errezena #ResistOndarru idaztea da.
    Eztabaidari ordea, ez zaio inoiz uko egin behar. Herriarentzat onena dena aurkitu nahian eginiko eztabaidei ez behintzat:
    Zein da herri harresiaren helburua? Atxiloketa gelditzea? Herri mugimendua indartzea?
    Herri mugimendua indartu zertarako? Desobedientzia erakunde, partidu, eragile… guztietara zabaltzeko? Gure herriaren askatasunaren alde borrokatzeko?
    Badugu estrategiarik amorrutik sortu den hau bideratzeko? Badugu estrategia gidatuko duen lidergorik? Finean, badugu estrategiarik?

    Antton, baduzu erantzunik? Nik, ez dudanez, berriz galdera bera buruan: Zein da herri harresiaren helburua?

  • Fermin Galparsoro 2013-05-14 17:50

    Harresi hauen eta beste askoren muiniean, herriaren min eta fruztrazioa nabariak dira. Eta eskerrak horreri ze bestela duela asko desagerrazita egongo ginateke.
    IkerA-gaz bat nator, herriaren indar guzti hori estrategia nazional baten inguruan batuko dauan lidergo bat behar dogu.

  • Estrategia zero. Turruna, durundia, zarata, burrunba, azantza eta hotsa…eta azken baten, hutsa. Eta bitartean Bildudiputatuak astero txintxi-txintxo madrileratuak eta piper-potoak airean dantzan..

    • Banengoen bada…
      Orain ere: EZ DAGO estrategiarik, EZ DAGO norantzerik, EZ DAGO…deus; azken batean, hutsa (baina EZ huts sortzailea, Oteizarena; kakarena baizik. Denak kaka batzuk ZERATE (batez ere Bildukoek, Bildu diputatuak…).

  • “”Antton, baduzu erantzunik? Nik, ez dudanez, berriz galdera bera buruan: Zein da herri harresiaren helburua?””

    Nire erantzuna emanen nizuke, nirea, kaxkarra doike, kaxkarra naizenez gauzak teorizatzen: herri harresiaren helburua zera da, IKUSARAZTEA Madrilena eta beren benetako nagusiena eta beren morroiena dela POTEREA (indarkeria, legea, agintea, “historia” kontatzea komunikabideetan…) baina IKUSARAZTEA herria ez dela mozoloa, indarkeriaren argazkia IKUSARAZTEA, hori da niretzat Herri Harresiaren arrazoia: ekitea.

    Nazio estrategia orokorrerik ez dela? Agian ez. Baina amorrazioa ematen didazute, polizia (lerdea dariola) indarrez eta bortxaz atxilotzen ari diren hunean eta gunean, herritar mordoa ERRESISTENTZIA esku hutsik erakusten ari den hunean eta gunean, orduantxe zuetariko baten batek: “alperrikakoa da, dena hutsala, kakaren hurrengoa da zuen ahalegina”.
    Nazka ematen dit horrek, Urkulluren hitzak nazka ematen didaten bezainbeste, nazka. Besteek egiten dutena, beti da EXKAX batzurentzat. Eta nik, hain hain hiper-kritikoa eta purua naizen honek, nik neuk ze PROPOSATZEN DUT? Ze egiten dut? Deusezak zeratela ohiukatu eta telebasura irentsi, agian?

  • Antton, laguna, ez nekatu. Gure lagun ziber-iraultzaileek erantzuna jakin badakite; badakite zer egin behar dugun besteek herri hau askatzeko (haiez ezin baitituzte eskuak zikindu, artikulu guztietan iruzkinak egin behar dituzte, ziberiraultza, eta ez dute denborarik iraultza erreala egiteko). Herri hau askatzeko bidea badakite, baina ez dizute esango. Oso erraza litzateke hori, haiek esatea eta guk egitea, errazegia. Guk, izaki arruntok, argiaren bidea aurkitu behar dugu. Argia aurkitzeko bidea markatu digute, baina gure ergelkerian ez dugu ikusten. Eta ez ahaztu, haiek bezalaxe noizbait argia topatzen baduzu, arau bakarra bete beharko duzula: EZ KONTATU INORI. Pista batzuk botako dizkizut: Euskararen etsairik handienak: Gara, Ikastolak eta AEK. Euskal nazioa eraikitzeko oztopo nagusiak: Donostiako Udaletxeko bandera espainola, Biduko salduak eta Gran Hermanoko Argi. Euskal Herriko askatasunaren kontra lanean dabiltzanen top five-a: 1-“Herri harresietan” parte hartu duten ezjakinak. 2- Ezker abertzaleko kolaborazionistak. 3- Manifestazioetara joaten diren zokor-mazoak. 4- Sindikatu sasi-abertzaleetako arbi jaleak 5.- Judeako Askapenerako Astasun Frontekoak. Disidenteak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude