“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (III)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” –

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (I)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (II)

Mario Zubiagaren “El ciclo de protesta en Euskal Herria: Hegemonía y radicalización democrática” artikuluak, La rebelión vasca. Una historia de la izquierda abertzale liburuan (Icaria editorial, 2014), Rekondo eta Lizarralderen karikaturatik harago jo eta eztabaida aberatsago bat baimentzen du askapen mugimenduaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz. Zeren egur politiko berdineko ezpal kultural-literariotik bere garaian, Julio Medemen La Pelota vasca: la piel contra la piedra (Aguilar, 2003) famatuan, hain justu,  Ramón Saizarbitoriak batere gorritu gabe gaitsetzi zituen “15% de bichos” horiek (literal, espainolez, ez euskaraz esaten den moduan hi haiz hi bitxoa! ez), bidea aurkitu badugu gure jarduera politikoaren lerro nagusiei uko egin gabe, koalizio irabazle batean indar eragile garrantzitsu gisa berkokatzeko, % 30 bat inguru gaur egun, hain zuzen, zenbat gehiago izango ote gara bihar, %51etik gora akaso?

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”
Arg: Gorka Estrada (DEIA)

Testuinguru itxaropentsu horretan, Zubiagaren artikulua erreskatatzea instrumentala iruditzen zait. Alde batetik, askapen mugimenduaren ikuspegi konplexuagoa eta, beraz, errealagoa eskaintzen duelako. Hori egiteko, beste aldetik, Badiouren beraren eragin gaizto famatuaren ezaugarri nagusiak argitzen laguntzen dizkigulako, ezker abertzalearen errotiko singulartasun murrizezinaren izaera ulertze aldera gertakizuna edo akontezimendu kontzeptuaren azalpen argigarriak emanez.  Eta, azkenik, Zubiagaren azalpen hori berori kualifikatuz, niri ere tesi bat aurreratzera baimentzen didalako, giza-zientzietako jarraitasuna eta aldaketa bikotik tiraka berriro.

Zer esan nahi du, zehazkiago, askapen mugimendu historikoak eta, argudiatzen saiatuko naizen bezala, baita egungo ezker independentista berak ere, singulartasun murriztezin bat osatzen (jarraitzen) duela? Gertakizun zehatz baten ondoren, eta ondorioz, garatu eta sendotu den singulartasun murriztezin bat alegia!

Ezker abertzalea edota askapen mugimendua dela-eta, Zubiagak bereizketa zehatza egiten du, batetik, ETAren sorreratik bukaerara identifikatzen duen eta amaitutzat ematen duen protesta ziklo zabalaren eta, bestetik, ondoren irekitzen den denbora politiko berriaren artean, ezker abertzalearen instituzionalizazio handiago batera daramana giza-mugimenduen eta erakunde politikoaren arteko harremanen parametroak aldatuz.

Zubiagaren arabera, iraganeko protesta ziklo zabalaren zehar, ezker abertzalea erakunde sozial eta politikoen konglomeratua izan da, non bere antolakuntza moduen konplexutasuna funtsezko ezaugarrietakoa baita barne erakundeen arteko muga argirik gabe. Era batera edo bestera, izan ere, ENAM-en aterkiaren pean hauteskunde-plataforma zabalak eta gizarte-mugimenduetako erakundeak, sindikatu eta hiritarren ekimen autonomoak, koordinadorak, abangoardiako alderdiak eta talde armatuak bildu izan dira. Honetaz gainera, ezker abertzaleak ebaketa horizontaleko antolamendu-formak hartu ditu, baina praktika hierarkikoak ez zaizkio arrotz izan; mugimendu aurrerakoia izan da marxismo klasikoaren klase-ikuspegiarekin, baina eraikuntza nazionalari amore eman gabe diskurtso eta balio alternatiboak bere gain hartuz klaseen arteko herri batasunerako bokazioarekin; hauteskundeetara aurkeztu da eta kargu instituzionalak izan ditu, baina sistemaren aurkakoa izan da eta egungo eredu konstituzionalaren aurka erantzun bortitza legitimatu du.

Zubiagaren argudioak jarraitzen duen bezala, hain zuzen, ENAM-en konplexutasun organizatibo eta ideologikoa da kategorizazio teoriko erraz bat onartzen ez duena — Rekondoren, Lizarralderen eta beste mota denetako aditu-edo askoren buruko minerako, betiere beraien imajinaziozko muga ideologiko tinko, puru eta zehatzetan babestu nahiz-edo: zein logika politikori erantzuten dio ezker abertzalearen jardunak urte hauetan guztietan? Sistemaren aurkako mugimendu abertzalea al da? Oinarri identitarioa duen gizarte mugimendu alternatibo berri bat? Erakunde armatu baten beso soziopolitikoa besterik ez da? Ezkerreko batasun herritarra? Nahiz eta galdera horiek guziek direla-eta, antolaketa-taxonomia argi eta zehatzik ezartzea posible ez bada ere gauza bat nabaria baita:

“ENAM gizarte-erakundeen konglomeratua den aldetik, ageriko sintonia ideologiko eta errebindikatiboan oinarritzen da: Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala”.  

Rekondo eta Lizarralderen gertakizun iraultzaile bat-batekoaren ikuspegi banalatik harago, Zubiagaren azken esaldi honek Badiouren gertakizuna edo akontezimendu hitzak dagokigun testuinguruan hartzen dituen esanahiak azaltzera laguntzen du. Hartzen dituen esanahiak diot, gertakizuna bera ETA erakundearen hasieratik bukaerara doan borroka ziklo hertsi batekin lotzeak, Zubiagak egiten duen erara, nahasmena dakarrelako eta, hortaz, zehaztapen gehiago eskatzen.

Ernesto Laclau eta Badiouren oinarriko kontzeptu batzuk erabiliz, Zubiagaren arabera:

Baiezta dezakegu ETA gertakizun gisa definitu behar dela eta ez simulakro gisa, bere “partikularrak” ez duelako inoiz arraza edo biztanleria euskalduna bezalako substantzia komunitario uniboko bati erreferentziarik egin. Azaldu berri dugun mugimendu herritar zabal horren parte zen neurrian, ETAren praxiak eta diskurtsoak bere gain hartu zuen «euskal herri» unibertsala [aka adierazle hutsa] partikular zehatz batez bete behar zela, «euskal nazio politikoa».

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”

Gertakizun gisa, Zubiagak darrai, “ETAk frankismoaren zapalkuntza politikoaren egia agerrarazi zuen eta berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran gerra zibilean garaitutakoek bizi zuten marasmoa astindu zuen”. Zubiagaren arabera, ETA protesta zikloaren mugimendu abiatzailea edo goiztiarra (iratzarlea) izan zen, edo Badiouren hitzetan, “gehiegizko eratzailea”, jada aipatu Arroz Urez  liburuaren inguruko iruzkinean aurreratu genuen bezala. ETA, horrela, gertakizuna abiaran jarriko zuen eragile nagusia izango zen garaiko (Frankismo berantiarraren) sistema politikoan zauri bat irekiz «egiari fideltasuna»ren aldeko apustu etiko baten bidez.

Eta testuinguru honetan da, «gertakizunaren egiari fideltasuna» esamoldearen esanahia argitze aldera, hain justu, Rekondok eta Lizarraldek aintzat hartuko duten Badiou mamu maoista frantsesaren lanez jabetzea ezinbesekoa dela — izan ere, J. Agirre kolektiboa delako sekta jarraile beldurgarriak non eta Eliza 2000 Herria ekimen kristau oinarrizkoaren barruan egingo zutena, askapen mugimendu historikoaren izaera interpretatzeko orduan; Zubiagaren arabera, hain zuzen, J. Agirre kolektibokoek azalpen argigarria emango baitzuten dagokigunaz zera ziotenean:

«ENAM anitzeko osagai askok bertan kidetza ez badute erraklamatzen edo aitortzen modu ireki edo zuzenean ere, bere kideen artean lotura organikorik ez badago ere, sorrerako gertakizunari (ETAri) fideltasuna urrutikoa edo lausoa agertzen bada ere, nazio eta herri aldarrikapenen adierazpen eta harrera lekuak direnez, Estatuaren eta egungo erakundeen aurka ezinbestean agertzen dira. Konfrontazio hori ENAMko kide izatearen egiazko froga da.”

Zalantzarik gabe, konfrontazioaren zentraltasunari dagokionez, ETA erakunde armatuak mugimendu sare honen sorreran eta ondorengo garapenean izan zuen papera garrantzitsua da, erdi-erdikoa. Alta, zenbait zehaztapen beharrezkoak dira hemen, dagokigun gertakizunak, Frankismoaren zapalkuntza politikoaren egia azaleraziz gain, inportanteagoa baita egia propio bat sortu zuela, egia propio bat subjektu etiko-politiko zehatz eta singular baten fideltasuna ardatz — eta zeinaren lelo nagusia ezker abertzaleak ENAM izena bera hartu aurretik txanpoinduz gain ENAM izen zehatzaren erabilera murriztu eta gero askapen mudimenduan, modu generikoan ulertuta, oraindik ere irauntzen duena, ETAren jarduera amaitu eta gero.

Gertakizuna, izan ere, independentzia eta sozialismoa batzean datza, askasun politiko konkretuen giza-emantzipazio unibertsalaren testuinguruan elkarlotzearekin datorrena.  Gertakizuna, hortaz, hau da, askapen mugimenduko gizarte-erakundeen konglomeratu zabal baten barruan subjektu etiko-politiko singular batek Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala aintzat hartzen duen erreibindikazioarekin abiatuko dena, ezin da, berez, ETAren sorrerarekin lotu zentzu estriktoan, eta gertakizunaren eragina ETA amaitu eta gero darrai — hara hor, bada, aurkeztu nahi nuen tesia, Badiouk berak erabiltzen dituen zenbait adibide argigarrien bidez gehiago zehaztu daitekeena.

Ezaguna da, horrela, Badiou lotuta agertzen dela Maiatzak 68 suposatu zuen gertakizunari oraindik ere zor dion fideltasunarekin. Alta, Badiourentzat gertakizuna ez da, berez, Maiatzak 68. Maiatzak 68 gauza asko dira — baita, besteak beste, gaur egungo kontsumismo hedonistaren aintzindaria. Eta ETA berdin, mundu guzia ados dago, gauza asko izan da — baita, besteak beste, estatuaren aparatu ideologiko eta errepresiboei mainabat kideohi emandakoa.

Zentzu horretan da gauza pare bat zehaztu behar direla; bat: Badiourentzat gertakizuna ez da Maiatzak 68 oro har, bertan, erdi aldera, hirugarren astean-edo Sorbonako ikasleen, Renault-eko langile grebalari eta bera moduko intelektual desklasatuen Bat etortzea baizik; eta bi: dagokigun gertakizuna, berdin, ez da, berez, ETAren sorrera, bertan aurrerago gertatuko den askapen nazionala eta askapen soziala Bat etortzea baizik — geroztik iraun duena, gertakizunaren egia singular horri fideltasun kolektibo nahi beste nahasi eta inkonsistentziez betea baina betiere jarraitu baten froga ukaezinak erakusten duen bezala, Badiouk onartuta, aldiz, Maiatzak 68ko gertakizunarekin ezin dena esan, berea moduko fideltasun indibiduala azpimarratzekoa baldin bada ere.

Rekondok eta Lizarraldek aditzera ematen duten kaos suntzitzailetik harago, beraz, Badiourentzat gertakizunaren azken froga gertakizunatik bertatik sortzen den subjektu etiko-politikoaren fideltasuna da. Eta horregatik, sostengatzen dut, J Agirre kolektiboa eta Zubiaga ankamotz geratzen dira gertakizunaren ulertzeko moduan. Bai, askapen politiko konkretu baten giza-emantzipazio unibertsalaren koordinatuetan batzetik abiatzen den gertakizunaren mugimendu abiatzailea edo “gehiegizko eratzaile” iratzarlea ETA da — zehazkiago, nahi bada, V. asabladaren momentu ikonikora lotuta legokeena. Baina ez, gertakizun horren egia ez da agortzen ETAren amaierarekin batera automatikoki-edo amaitu omen zen borroka zikloarekin — getakizun horren egia, independentziaren eta sozialismoaren arteko topaketan gauzatzen dena, gertakizuna bera ahalegindu zuen egoeratik harago bideratzen baita gaurdaino trazatu edo delineatu daitekeen fideltasun baten etengabeko jarraipen baten bidez.

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”

Gertakizunak, bestela esanda, iraupena eskatzen du, topaketa kontingente eta ez-usteko batekin abiatuko da baina etengabeko prozesua ahalbideratzen du, are gertakizunaren egiari buruzko etengabeko bilaketa. Gertakizunak, ondorioz, eraikuntza iraunkorra eskatzen du eta argudiatzen amaitu nahi dut egungo askapen mugimenduaren konfigurazio generikoan oraindik ez zaiola bere buruari buruz pentsatzeari utzi, berrikuntza eta sortzailetasuna gidari.

Noski, esan beharrik ere ez dago: ez dago hasiera eta bukaera absolutorik: aurrekariak beti daude iraganean — errealak (historikoak), sinbolikoak eta imajinarioak…; eta etorkizuna irekia dago — ez dago esaterik –chance. Nostalgiarik ez, hortaz, are eta guxiago, malenkoniarik. Edonola ere, dagokigun gertakizunaren singulartasunari fideltasuna amaituta dagoela modu batera edo bestera ezker posizioetatik sostengatzen dutenek, zer edo zer gehiago ekarri beharko dute eztabaidaren mahai gainera, askapen mugimenduaren egungo konfigurazio betiere konplexu baina integral eta positiboari bakoitzak bere posizio partzialetatik luzatutako kritika gehienbat ezkorrak baino.

Zeren Zubiagak berak azpimarratzen zuen bezala, ezker abertzalearen “izaera konplexu hori kudeatzeko dauden zailtasunez harago, ziur aski hori da denboran zehar iraun izanaren sekretua”. Bakarrik adierazpen hori ez dela aplikagaria soilik iraganeko protesta ziklo amaitu-edo batera eta egungo ezker independentistaren jarduera generikora luzatu behar dela, darabilzkigun objetibotasunaren parametro enpiriko kuantifikatuek azaltzen dutenaren arabera, behinik behin.

Eta, zuir aski, izan ere, hori da “Rekondo eta Lizarralde” izenek ordezkatzen duten posizio ideologiko kontserbakoi eta konformistatik abiatzen diren kritika ez hainbeste etiko baizik eta politikoen azpiko ardura nagusia — Euskal Herriko gizartearen errealitatea ihes egiten ari zaien bitartean posible dela etorkizuneko euskal errepublika bat irudikatzea, non balioetsiko diren E- (euskaldun edo euskal herritar) batez bestekoaren ezaugarri bereizgarrien multzoan, gaur egun profesatzen eta sustatzen duten moldakoitasun pusilanimoa ez den iritzi-inkestetako aukera-zerrendan agertuko.


Ps. Baten iraganeko erru intelektualen aitormen gisa, dohakiela J Agirre kolektibokoei miresmenez beteriko agur berantiar beroenak eta izan beza nire berrerospen edo erredentzio zintzoaren froga ukaezina hurrengoan Alain Badiouren Etika – Gaizkiaren kontzientziari buruzko saioa (1994) zoragarriaz baliatzea, Emilio López Adan ‘Beltza’ren “ETAren estrategia armatuaren historia” eta Joxe Iriarte ‘Bikila’ren “Eman Zesarri Zesarrena – Biolentziaren buruzko ‘errelatoaz’ zenbait burutazio” idazlanen inguruko erreseinaren testuinguruan egingo dudana. Badiouren urrezko liburutxoaren beste hizkuntza batera lehenengo, edo akaso bigarren, itzulpenaren atzekaldean egoteak, urte berean esloveniarrarekik tête á tête ezin hurbilagoan (1996), nahikoa eta sobera esaten du talde honen aintzindaritza bisionarioaz, askapen mugimenduaren gertakizunari fideltasuna ardatz.

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (I)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (II)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes”

Edge Hill Universityko Hizkuntza sailean irakasle. International Journal of the Žižek Studies (IJŽS) aldizkariaren editore. Aretxabaleta

3 pentsamendu ““Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (III)”-ri buruz

  • Ea ondo ulertzen ditudan Gertakizuna edo Akontezimeduren ezaugarriak.
    1. Egia. “are gertakizunaren egiari buruzko etengabeko bilaketa”
    2. Fideltasuna. “ETA, horrela, gertakizuna abiaran jarriko zuen eragile nagusia izango zen garaiko (Frankismo berantiarraren) sistema politikoan zauri bat irekiz «egiari fideltasuna» ren aldeko apustu etiko baten bidez.”
    3. Giza-emantzipazio unibertsala. “Gertakizuna, izan ere, independentzia eta sozialismoa batzean datza, askasun politiko konkretuen giza-emantzipazio unibertsalaren testuinguruan elkarlotzearekin datorrena.”
    4. Iraupena. “Gertakizunak, bestela esanda, iraupena eskatzen du, topaketa kontingente eta ez-usteko batekin abiatuko da baina etengabeko prozesua ahalbideratzen du”

    Orduan, Covid-19 edota Ukrainiako ez-ustetik abiatuta eta horien inguruan ezaugarri hauek garatuz gero:
    1. Egia, nolakoa? Iraultzailea esango nuke, egia iraultzailea da eta.
    2. Fideltasuna. Edozein antolakuntza baliogarria izango litzateke etsaiari borrokatzeko eraginkorra den bitartean.
    3. Unibertsala. Sozialista.
    4. Iraupena. Etengabeko borroka.

    Borroka horiek Gertakizuna bihurtuko al lirateke??

  • Imanol galfarsoro 2022-07-05 11:53

    Galdera ona. Zure zerrendan bigarrenean inportantea da ez ahaztea fideltasunaren subjektua.

    Badiourentzat gertakizunen 4 ezaugarri nagusiak hauek dira, orokorrean esanda: 1/gertakizunak guztiz kontingenteak dira; 2: leku partikular edo zehatzetan ematen dira, gertakizunaren tokia; 3/ ezinezkoa da esatea gertakizuna egoera eman bati dagokion ala ez 4/ gertakizuna erreflexiboki identifikatu daitekeelako bakarrik, izan ere identifikatzeko aukera hartuz — zeinak gertakizuna batez ere kanpotik aztertzeko eta berreskuratzeko saiakerak zapusten dituen: gertakizunaren ezagutza eskatzen du bere izaera berrasmatzeko.

    Covid dela-eta horrela, baten batek gertakizun gisa aurkeztu nahi balu non dago subjektua galdetu beharko luke; zer apurketa ekarri du dagoen ordenarekiko? Eta abar.

    Ukraniarena ezberdina da. Ez da ados edo desados egoteko kontua baina posible litzateke baten batek Ukraniakoa eraikuntza nazional berri bat gisa aurkeztea, ez iraganeko izate nazioal bat berreskuratze zentzuan, inbasioaren kontra sortutako erresistentziatik baizik: izate nazional berria, galdu ala irabazi. Gero beste kontu bat litzateke naziotasun berri horren zein ezaugarri nagusi jdentifikatzen dituzten gertakizuna bera simulakro erreakzionario hutsa bilaka ez dadin, ailegatzen zaigun informazioaren arabera behinik behin.

    Ez dakit erantzunak balio dizun. Edonola ere jakin ezazun hurrengo irunskinean egiaren etikaz eta antolakuntzaren inguruko arazoez aritzea tokatzen zaidala (zure 1eta 2) Lehenean, Arroz Urez, gertakizuna ‘deklaratu’ nuen, agerpen (irrupzio) momentua, gertakizuna non datza, zein da subjektua… (zure 3) eta bigarren honetan gertakizunaren egiak nola iraun duen azaltzen dut gehienbat (zure 4).

    Gogoratu, bestalde, Badiouren filosofian gertakizunak ez direla politikoak bakarrik, zientifikoak, artistikoak eta amodioskoak ere badaude. Hau esaten dizut, eztabaidaren marko orokorra kontuan hartzeko. Nahi baduzu pasa emaileren bat-edo eta zer irakurri bidaliko.

    Eskerrik asko.

  • Eskertzen dizut erantzuna. Saiatuko naiz ahal dudana sakontzen. Hurrengo lanen zain geratzen naiz.