Reset

http://alteretaego.wordpress.com

 

51_begira
Argazkia: Begira
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 2328×3104 px (3:4)
Sortze data: 2013/08/05
Latitudea: 43º 19,357´ N
Longitudea: 1º 58,859´ W
Kamera: Sony Xperia SP
Objektiboa:
Distantzia fokala:
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/6?
Sentikortasun eskala: 320 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Udako oporren ostean, urteek hala irakatsi didate, txarrena ez da bueltatzen garen lehen eguna. Txarrena, oraindik, etortzeke dago.

Gogor egiten zaigu, holakoetan, ordenagailua piztu eta sarrera-ontzian pilatu diren kontaezinezko mezuei ekitea. Baina badakigu, jakin, mezuok irakurtzea baino are gogorrago egingo zaigula eurotan kontatzen denari bide ematen hastea. Beltzez idatzita ageri ziren mezuek, bat-batean, marroi kolorea hartzen dute, gehientsuenetan. Baina txarrena, oraindik ere, etortzeke dago.

Sortu berri diren trabak gainditzen emango ditugu, ziurrenik, hurrengo aste biak. Eta normaltasunera bueltatzen argi garela uste dugunean, orduan bai: normaltasunaren mailuak plaust! joko digu buruaren erdian, gogor bezain gupidarik gabe. Eta orduan konturatzen gara txarrena iristear dela.

Egunerokotasunera ohitzen hasten gara eta horrek, lasaitasunaren ordez, ezinegona dakar berekin. Gustura ibili gara udan, uste dugu buelta nahiko ondo eraman dugula… eta hemendik aurrera, hurrengo udako oporretara bitartean falta den denbora, antzera joango dela konturatzen gara. Batzuk pozik aurkituko dira sentimendu horretan murgilduta baina niri, beti, galdera bera sortzen zait: hau da nire bizi guztirako nahi dudana?

Alde pertsonala ondo zimendatuta izateak asko laguntzen du, baina profesionalean horren moduko galderak sortzen hasten direnean, mamuak uxatu beharra dago. Gauden lekura bueltatzeko baino ez bada ere, baina uxatu. Horrelakoetan, hurbilen geratzen zaidan orkestra sinfonikoa entzutera joateko ohitura dut.

Behin iturrietatik edaten hasita, bidean Rimski-Kórsakov edo Stravinski maisuekin topo egiten saiatzen naiz. Entzun al duzue inoiz azken honen Le sacre du printemps zuzeneko emanaldi batean? Diotenez, obra honen estreinaldian sekulako liskarra sortu omen zen entzuleen artean, poliziak ere esku hartzeraino.

Hori da, hain zuzen ere, edozein sorkuntza lani eskatu behar geniokeena: astinaldi baten katalizatzaile izatea. Zoritzarrez, eta aspaldiko lagun bati behin irakurri nion bezala, sorkuntza, eguneroko produkzio orduak amaitutakoan, seme-alabarik ez baduzu, edo kartesianoki antolatzen bazara, praktika zenezakeen hobbya den gizartean bizi gara.

Ez harritu, hortaz, udako oporretatik bueltako hirugarren astean Hitchcock-en film bat ikusten harrapatzen banauzue, Stravinskiren lagun handia izan baitzitekeen gizon potolo hura.

Baina arrazoi zuen, era berean, Fredi lagun zaharrak sormenaren jabe diren bufoiak ere mezenas baten itzalean hobe bizi direla zioenean. Badaezpada, bikain mugitu zen zentzu horretan gure musikagile jaiotzez errusiarra. AEBetan hil zen, aberats, Hollywood Boulevard-eko 6340an ezarri zitzaion izartxo batek kontatzen digun moduan.

Orduan konturatzen naiz, norbere buruari egindako galdera metafisikoez edo jasotako astinaldiez haratago, hobe dela bizi guztirako antzera jarraitu, ez jarraitzea baino.

Lehen aipatutako marroi koloreari tonu argiagoak bilatzean dago gakoa. Marroia beix bihurtzen hasten denean, beste urte beterako behintzat, aurrera ihes egiten jarraitzeko adorea bueltatzen da eta, kasurik txarrenean, hurrengo udako oporrak iritsi artean eutsiko diogu.

Ego dixi.