Realpolitik

Realpolitik

Espainia aldean gauzak dauden moduan, ez dirudi eskuak ur oxigenatutan garbituta ibili beharra dagoenik gure politikagintzari dagokionean. Esan nahi dut, abagunea berezia dela oso eta probestu beharra dagoela handik eta hemendik komeni zaizkigun etekinak lortzeko.

Urriko hauteskundeetan dena ondo bidean badoa, ematen du hiru alderdi nagusituko direla EAEn, PSE eta PP bazter-kontu bihurtuta utzirik: EAJ, EH-BIldu eta Elkarrekin-Ahal Dugu. Inkognita da Ahal Duguk zer egingo duen Madrilerako orain arteko bietan ukan duen arrakastarekin alderatuta, ez baitago aurrekaririk, baina gutxi edo asko, karreraren buruko hiru lehenengoen artean geratuko denik ez du inork ukatzen.

RealpolitikEH-Bilduren baitan ere, ikusteko dago Sorturen birfundaketak nola eragingo duen. Iraganeko kohete kapsulak espazioan atzean utzi beharrak, onurak ekarriko dizkio seguruenik, baina ezin ukatuko da zatiketaren bat ere erein litekeenik.

Beti bezalatsu, EAJ da orain ere giltza. Alderdi klase guztiekin ikusi izan dugu dantzan historian zehar. Horretan ez dauka parekorik. Pragmatismoa deitzen ei diote horri.

Baina EAJ beldur omen dabil PPk eskatuko dion pieza dantzatzen hasteko, hondamendia ekar diezaiokeela eta urriko hauteskundeetarako. Ez dakit, baliteke, gainera nik ez dut nehoiz ezer asmatzen, pentsa, ardo botila bat daukat jokatuta hirugarren hauteskundeen aldeko postura botata.

Izanak izan, abagunea da aparta, edo hala dirudi. Ni EAJko burkidea banintz, argi defendatuko nuke alderdian oraintxe bertako zeregina: falta diren 28 eskuduntzen berreskurapenean eta, batez ere, presoen arazoaren konponketan eta hurbilketan jarriko nuke marra gorria. Irmoki eta kondizione horietatik ez jaisteko baldintzarekin.

Beharrak hartara makurtuta popularrek onartuko balute,  aurrerapauso ikaragarria litzateke guretzat betikotuta diruditen arazo horietan. Eta horiek lortuta, ez dut uste inork ezer leporatuko liokeenik EAJri urriko hauteskundeetan, Arnaldo Otegik berak ere aitortu baitzuen lehengoan gure ikastaroan eman zuen hitzaldian, presoen arazoa Ezker Abertzalearen lepo gainean jarritako zama dela eta nori ez zaio gustuko zama astunak arin diezazkioten.

Aipatu marra gorria gehiegizkoa balitz PPrentzat, ba antzarak ferratzera bidali eta hor konpon, Mari Anton. Txarren txarrenean, ardo botila neuretzat.

Realpolitik
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude