Realak egiten gaitu espainiar

Realak egiten gaitu espainiar
Danel Agirrek futbol taldeen gehiegikeriez idatzi du Gipuzkoako Hitzan. Errealean jarri du arreta, baina beste edozein talderengan ere izan zitekeen… ala ez?

Eufemiano Fuentes sendagileari bere fitxategiko Rsoc siglak Realari zegozkion galdetu zioten behin Madrilgo kazetariek, Puerto auzia zela-eta epailearen aurrean egotetik irteterakoan. Gogoan dut oraindik bere irribarrea, hizkiei “ardo marka on baten traza” hartzen ziela erantzun, eta “gezurra esan, egia ezkutatu edo isiltzeko eskubidea” zegokiola esanez urrundu zenean. Zubietan ez zuen inork gisako azalpen xelebrerik asmatu behar izan. Dopin kontuetan tradizioak gurean agindu legez, kirol berriemaileak gure lana egin gabe geratu ginen, eta klubeko langile eta jokalariak ez zituen inork estuegi hartu. Holandako kirol berriemaileek bere lana egin zaleago dirudite zorionez: txapeldunorde izan zen Real hartako Sander Westerveld atezaina itaundu zuten. Partidak hasi baino lehen eta bukatu berritan injekzioak ipintzen zizkietela azaldu zuen hark, baina ez zuela uste substantzia arraroren batenak zirenik, ziztadekin batera “oldarraldi apartekorik” ez zuelako antzematen.

Realak egiten gaitu espainiarProbokazio merkea dirudi hori idazteak, baina azken bi hamarkadetan askoz harreman estuagoa izan du Realak jarduera kriminalekin, gurean epe horretan legez kanpokotzat jotako erakunde politiko eta itxitako egunkariek baino. Fuentesen aferaz gain, taldeko izarrei soldataren zati handiena Panaman ordaindu ahal izateko egitura bat eratu zuen zuzendaritzak. Eta BEZa modu ezin abantailatsuagoan kitatzen hamarkadak igaro zituen klubak. Azken bi aldrebeskeriak dopinarena baino asaldagarriagoak izan ziren: argitara emandakoan jakin zen aldundia bera konplize izan zuela. Panamako lardaskagatik kargu hartu ordez, dirutzak erbesteratzeko prozedurak fintzeko aholkularitza eskaintzen zion Ogasun Sailak.

Agintari ustelak dituen liga bateko partaide otzana izaten jarraitzen du Realak, agintari ustelak dituen futbol federazio baten gerizpean. Transparency International erakundearen arabera, opakuenetakoa da bere kontularitza Espainiako kluben artean. Atariko bi paragrafoetako pasadizoen derrigorrezko protagonista behar zuen gerentea zuzendaritza guztiek mantendu dute lanpostuan. Foru Aldundiak ere lehengokoan darrai. Realaren kudeaketa tamalgarriak burugogor saritu ditu diru-laguntzekin iraganean. Eta egunotan estadioa eraberritzeko lau milioi euro emango dizkiola iragarri du, jokalarien salmentak eta telebistarekin sinatutako hitzarmen garestiak direla-eta klubaren altxortegia gainezka badago ere. Mimo faltarik ez du Realak. Donostiako Udalak prestu berridatzi ditu Anoeta berritzeko behar ziren lehiaketa publiko guztiak, helegite gogaikarriekin kikildu gabe. San Mameseko barrabaskeriaren kontzientzia txarragatik edo, soberan zituen milioi batzuk hitzeman dizkio Eusko Jaurlaritzak ere.

Futbol taldearentzat atletismoko estadio bat eraiki zuen Donostiak behin. Zezen-plazan saskibaloi talde bat eduki izan du apopilo, eta kontzertuetarako belodromo bat erabili. Anoetara gogoz kontra mugitu ginela sinetsarazi izan du Realak faltsuki urtetan, eta fruitua jasotzera doa. Txoratzen estreinatu genuen zelaiaz aspertu garenez, erreformaren fakturarekin lagunduko diote, eta alokairu soziala ezarri, ito ez dadin. Idatz dezadan behingoz: Realak —bere narraskeriarekiko gure tolerantziak— oso espainiar egiten gaitu.

Realak egiten gaitu espainiar Realak egiten gaitu espainiar Realak egiten gaitu espainiar
Erreala, futbola, gehiegikeria
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude