Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea

Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea –

Festetan izandako gertakari baten harira Ramon Etxezarretak idatzitakoak mindu egin ditu Urrestillako festa batzordeko kideak. Gauzak horrela, politikari sozialistak Azpeitiko Uztarria atarian idatzia eta jasotako erantzuna dakartzagu bata bestearen segidan:

Manadak, saldoak (Ramon Etxezarreta)

Manada izeneko gizataldekoek ezarri zaien zigorra, behin betiko epaiaren zain, baldintzapeko askatasunean betetzeko aukera izango dute. Arrazoi osoz, desosegua eta haserrea dira nagusi gure artean, arrazoimena lausotu eta lainotuz haren kikarak erretzeraino. Ez dago erraza funtsak argi eta bere lekuan edukitzea.

Lehen espetxealdia eta orain baldintzapeko askatasunaren ebazpenean erabakigarri izan den andre epailearen fede onean sinesten saiatu arren, izango zituen horretarako argudiorik eta atxiki ezin diodan zuzentasuna ere. Baina ezin. Ezin delako nire inguruetako zenbait girotan zalantzarik izan, eta ezin delako giro espezializatuetan iritzi bakar eta garbirik ikusi. Denetarakoak daude.

Adiskide penalista batek aurrez esaten zidan erabaki zuzen eta ohikoenak baldintzapeko askatasuna beharko lukeela. Magistraturatik bertatik ateratzen dira ahots koalifikatu askoak disparatea dela esanaz. Nahi dut nik sinetsi fede onean baina zail da sistema den puzzle horretan pieza guztiak egokitzea.

Hemen gabiltza guztiok bakoitza bere fobia, amorrazio eta berotasun eta berokeriak aireratzen, ezberdin ari zaigunari arrazoia ukatzen. Eta ez dakit. Geureganatu dugun sexukeriei, abusuei eta erasoei buruzko arbuioa sendotzea on bada, eta emakumeen duintasuna bere osotasunean bermatzea ezinbesteko, zalantzak ditut zenbait jokaerari egiten ari garen lekuak ez ote digun luzerako kaltea ekarriko.

.

Jaietan gertatu omen

Gure inguruetako jaietan gertatu omen. Ez oso aspaldi sexu erasoaren salaketa baten jomuga izan zen mutil bati, epaitegian biderik izan ez zuen salaketa jaso zuenari, gertatua omen. Herriko plazako txosnan edaria ukatu diote handik aldegitea exijituz, argiak piztuz eta oholtzako musika taldearen kontzertua isiltasunez etenez. Jarraian gauza bera egin omen diote herriko taberna batean, mutilak herritik aldegin duen arte.

Horrelako jokabiderik ere ezin dugu onartu. Aurrez aurre, pertsonaz pertsona, pentsatzen duena esateko balorerik ez duen pertsona taldeak, besteen arteko saldoan gordez, ezkutatuz, isilean eta multzoan jazarpena egiten duen jendea, ez da ezer konpondu eta bideratzeko gai, horrelako jarrerek ekarri ditzaketen ondorioak neurtzeko gai. Besteri emandako minean dute beren plazerra.

Ezin ahaztu Europan azken mendeetan izan ditugun kataklismo kriminalen bezpera luzeetako jokamoldeak direla horiek, haiek ere arrazoi zutela uste izateak bultzatzen zituztela horretarako zilegitasuna bazutela pentsatzera.

Hauek, eta emakumeei sexu erasoak salatzerik merezi ez duen ustea hedatzen ari den iritzi korronteak nahastuz, ezin da sexuzko bortxaren arazo kriminal hau ez konpondu eta ez aurreikuspen neurririk hartu.

Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea

Urrestillako Festa Batzordeko kideok Ramon Etxezarretari erantzunez

Urrestillako Festa Batzordeak oharra kaleratu du, Ramon Etxezarretak Diario Vasco egunkariko testu batean eta Uztarriaren 207. zenbakiko kolaborazioan esanei erantzunez.

Honako hau da Urrestillako Festa Batzordeak osatutako eta XJ Auzolaneanek, Haujijijai Batzordeak, Azpeitiko Gaztetxeak eta Basanderiek talde feministak atxikimendua agertu dioten testua:

«Festak pasatuta, Ramon Etxezarreta herrikideak Diario Vasco egunkarian argitaraturiko A Manadas zutabea eta Uztarria herri aldizkariko 207. zenbakian argitaraturiko Manadak, saldoak artikulua direla eta, geure burua hainbat balorazio eta hausnarketa egin beharrean ikusi dugu. Testu hau horren emaitza da.

Hasteko, Urrestillako Festa Batzordeko kideok hainbat hausnarketa eta eztabaida emateko beharra dugula ikusarazi digu festetan jazo den gertaera horrek. Orain arte, kudeaketa hutsera bideratu den eragile bat izan da gurea, festen formari eta egitarauaren oparotasunari erreparatu diona batik bat, festetan plazaratzen genuen edukiari garrantzia handirik eman gabe jardun duena. Gertaerok erakutsi digute gure herriko festa eremua ez dela jendartetik kanpo dagoen festa eremu bat, ez dela festa eremu neutro bat, eta, ondorioz, erabaki batzuk hartu beharrean gaudela. Festa hauetan sentitu dugun baliabide faltak hausnarketa sakon bat egitera garamatza, aurtengoan hartu ditugun norbanako erabakien ordez, guztion artean eztabaidatuko ditugun erabaki kolektiboak adostea ekarriko duten hausnarketetara.

Alde batetik, zure testuetan darabiltzazun konparazioen onartezintasuna azpimarratu nahi dugu, Ramon. Ez dugu onartuko gure jardunak Europan azken mendeetan izan ditugun “kataklismo kriminalen bezperetako jokamoldeak” direla esatea; ez dugu onartuko gure jarduna holokaustoarekin konparatzea; ez dugu onartuko, gure jardunaren bidez, sexu eraso bat ez salatzea bultzatzen dugunik egoztea; eta, azkenik, ez dugu onartuko gure jarduna guztiok ezagutzen dugun Manada izeneko boskote nazkagarriarekin alderatzea.

Bestetik, testuetan zehar jorratu duzuna baldintzatzen ez badu ere, ohar bat eman beharrean gaude. Ondo egiten duzu testuaren hasieran omen partikula erabiltzearekin, ez baitzabiltza erabat zuzen zure jardunean eta hainbat kasu nahasten baitituzu. Informazio ona omen testu onen oinarri. Hala ere, esan beharra dugu, zuri beste hainbat gauzak sortzen dizuten asaldura, guri zure testuetan justizia formalari egiten diozun apologiak eta ematen diozun zilegitasunak sortzen digula. Zuretzat, justizia formalaren bidez kondenatu ez denak, zilegitasuna du kalean nahieran ibiltzeko. “Me niego a aceptar que la justicia es una utopía, un imposible“, diozu; zoritxarrez edo zorionez, ordea, justiziak ez dio zure pentsamenduei edo onarpenei erantzuten, ez dio zuk onarekiko edo txarrarekiko dituzun kontzepzioei erantzuten. Ondotxo dakigu justizia formalaren atzean gure eskuetatik alde egiten duen zerbait dagoela. Guk, elkartasunezko eta askea izango den jai eremu bat egiten dihardugunok, zuk justiziarekiko duzun ulerkerarekin ez dugu bat egiten, eta jai eremu aske eta parekidea izan dezagun beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu. Festen lehen egunean egin genuen elkarretaratzean eta festetan zehar zintzilikatuta egon diren aldarrietan berresten gara, eta ozen diogu ez dugula ez erasorik ezta erasotzailerik onartzen ez gure jaietan, ez inon!

Azkenik, Ramon, gogorarazi nahi genizuke, ondotxo dakizula nor garen eta non gauden, non biltzen garen, zein etxetakoak garen eta noren seme-alabak, ilobak edota bilobak garen. Beraz, eskertuko genizuke, komunikabideetan gure izena zikindu ordez, gugana etorri eta eztabaidatzea».

Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea  Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea  Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea  Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordeaRamon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea Ramon Etxezarreta eta Urrestillako festa batzordea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.