Radio Euskadi: nortespañako irratia

Radio Euskadi: nortespañako irratia
Askotan izan dut Radio Euskadiren euskararekiko utzikeriaz eta errespetu faltaz jarduteko gogoa, baina animatu banaiz, Olaizola eta Bengoetxearen arteko finalaren ingurukoak entzun eta gero izan da.
Ez dakit nahita ala nahi gabe egiten duten. Kasurik onenean, ardura gabe, arretarik batere jarri gabe egiten dute, euskara hixkuntza baitzaie, hizkuntza txikia alegia, ezgauza, balio handirik gabekoa. Askoz gehiago saiatzen dira Bush, Jatsikaris, Ahmadineyad, Madalene Albraigt edo  Schwarzenegger  esateko orduan, Iraizoz, Munian, Haritz, Oinatz, Gatzaga edo Plentzia esatekoan baino. Zer esanik ez, Diaz de vivar, Bahamonde, Despeñaperros edo LLorente esateko legarrik ez dute ahoan. Garbi eta zilar ahoskatzen dituzte espainierazko izenak, korapilatsuenak ere.
Radio Euskadin euskal herritar askori izena aldatu diete, baita zenbait herriri ere. Hala, oso ohikoa da Iraizóz, Muniaín, Chabi edo Arich, entzun behar izatea Iraizoz, Muniain, Xabi edo Haritzen ordez. Misterioa ere bada zergatik Muniain Muniaín bihurtu duten, baina Indurain ez den Induraín, adibidez.
Atzokoan, ”El de Leicha” gora eta behera (Goizuetak ez die hainbeste lanik ematen antza) eta “Oiñach” dela eta ez dela aritu dira behin eta berriz, lotsa barik. Zorionez Aimarrek ez du tz-rik eta Olaizola ez dute oraindik Olaizolailo bataiatu… Inork ez ote die esango zenbait esatariri, euskarari eta entzule euskaldunoi arreta pixka bat jartzeko?
Ez diegu ezer “inposatu” nahi, baina belarria ez diezagutela zapaldu, behintzat.

Radio Euskadi: nortespañako irratia

9 pentsamendu “Radio Euskadi: nortespañako irratia”-ri buruz

  • Beno…. ez dut inor mindu nahi, baina, konturatzen al zarete Bizkaiko gaztetxo euskaldun (hau da, euskaradun) gero eta gehiagok nola ahoskatzen duten TZ? Hau da, nola ez duten ahoskatzen?
    Euskaldunek egiten ez badute, zoaz erdaldunei eskatzera.

  • ua, azken esaldiak aulkitik altxarazi nau! 10 puxtarri Itzainentzat.

  • Nik ez nuke esango Bizkaiko gazteek tz > tx ahoskatzen dutenik, leku batzuetan (Gernika aldean, kasu) aurkakoa gertatzen da: tx > tz. Entzuten dira “kotzie” bezalakoak. Baina, horiek hizkuntzaren bilakaera normalak dira, aizu! Garai batean bizkaitar guztiek bereizten zituzten z-ak eta s-ak, baina gero sistema murriztu egin zen (eta Gipuzkoako inguru batzuetan beste horrenbeste gertatu da).

    • Ez nuen ahoskatzearen gaineko eztabaidan sartu nahi, nire “meritu” bakarra bizkaitarra izatea baita, baina aipamenak ikusita, horra nire ustea. Egungo egoerak eta bilakaerak ez du zerikusirik hizkuntzaren bilakaera naturalarekin, hizkuntza gutxitu baten aje eta itogin festarekin baizik. Tz-ren desagertzea oso zabalduta dago Bizkaian eta gazteenen artean gehienbat. Bizkaieraz “tz” ahoskatu behar ez delako ustea ere oso zabalduta dago, batek daki zergatik.
      Tz ez ahoskatze hori, euskararen degradazio zantzu bat besterik ez da, tamalez, eta Radio Euskadik bere ekarpentxoa egiten du hor ere.

    • Ez, ez, Iñaki.
      Gauza bat da s/z neutralizatzea, eskualde askotan gertatzen dena. Eta beste gauza bat da duela generazio batek edo bik TZ ondo esaten zuten herri askotan orain TX (edo ia TX ere ez den gauza gazgabe bat) esaten dutela gaztetxo gehienek. Zer esanik ez Bilbo Handian.

  • Ana Sagasti 2012-12-17 20:35

    Onda vascari ere, Onda del nortespaña hobeto datorkio. Euskaraz egun onik ere ez aizue.

  • Martin Rezola 2012-12-19 17:18

    Aholku bat baino ezin dizut eman, Itzain: entzun kirolak euskarazko irratian. Esatari/kazetari euskaldun bikainak ditu; kirol-saioak ez dira futbola-futbola eta futbola (beste kirol “txikiago” asko ere badaude), eta zure belarri gaixoak ez du sufrituko.

    • Zinez eskertzen dizut aholkua, baina inguruotan arazoak izaten ditugu Euskadi Irratia ondo sintonizatzeko. Bestela dudik ez izan, ez nuke belarria gehiegi zigortuko Radio Euxkadirekin, eta edonola ere, EAEko irrati publikoak zuzen antzean ahoskatu behar lituzke izen eta deitura euskaldunak, ala?