Quisiera ser alcalde Donostiyakua

08Quisiera ser alcalde Donostiyakua –

Quisiera ser alcalde,

Donostiyakua.

Daría yo a los pobres

pattarra nahikua…

Quisiera ser alcalde Donostiyakua
Arg: Juanedc

Eusebio Mugerza (1874-1955), Mendaro Txirristakak sortu zituen bertso famatu hauek XX. mendearen hasieran. Bretxako merkatuan jartzen ohi zen bertsopaperak saltzen eta poltsa ona lortzen omen zuen.

Egun ez dut uste Bretxan jarriko litzatekeenik Eusebio. Sekulorun sekulotan obretan baitago, egoera negargarrian. Mundu zabalean hamaika lekutan berritu dituzte merkatuak, berezko izaerari eusten. Hemen, ordea, asmatu zuten merkatu eredugarria hondatzen, balio estetiko eta ondarezkoa trauskilkeria bihurtzen. Horixe da gure diruak xahutzea. Inork aterako zuen bentaja.

Inoiz zabalduko den eraikin berrian, merkatuari lekutxoa utziko zaio. Auzorako ekipamendu publiko batzuk izango dira (fede eskaseko pertsonak!), baina mila bat metro geratuko omen dira sobran. Horiek baliatzeko, zer bururatu zaie gure agintariei? Itxura antzeko komun publikoak jartzea? Plaza estalia egitea eguraldi txarretan herritarrak elkar daitezen eta datozen beroaldietan babesleku klimatikoa izan dadin? Liburutegia, bizikletetarako aparkaleku txukunak…? Ez noski: ostalaritzako jardueretarako uztea. Gutxi izan eta amona haurdun.

Bretxakoa gure auzoan gertatzen den kalamitateetako bat besterik ez da. Hogeita hamar urte dira Udalak, kostata, onartu behar izan zuela Parte Zaharra tabernez saturatuta zegoela. Begien bistakoa eta belarrien belarrikoa zelako. Handik aurrera, zer egin du arazoa konpontzeko† Auzo elkartearen eskaerei entzungor eginez, saturazioa areagotzeko trikimailuzko ordenantzak jarri (beste izen bateko lizentziez tabernak ugaltzen utzi edo bultzatu, hauen kaleetako inbasioa ontzat eman, ordutegiak zabaldu, kontrolik ez jardun horietaz…). Zentzu guztietan, behar lituzkeen kontrako neurriak hartu. Azeria dugu oilategiaren zaindari.

Orain ostatu eta hotelen saturazioa dago Donostian. Eta turista jendearena ere bai. Eta Alkateak aitortu omen du aurre egin nahi diola. Bide beretik badoa, leku berera iritsiko da. Saturazioaren saturaziora. Osasun sozialaren arazo potolo hau sendatzeko tirita proposatu du: tasa turistikoa jartzea komeni ote litekeen pentsatzeko aukera izan litekeela agian, patsadaz eta soseguz noski, 2050erako edo. Berehala oldartu zaizkio gobernu kideak. Ez da horretarako momentum, Eneko, txotxolokeriarik ez. Komunista!

Turismoa laguntzeko garaia dela esan diote. Beti da edonori lagunfzeko aro egokia. Zer da, baina, laguntzea? Maiz bide okerretik doanari, estrata egokia non den argitzea. Mundu osoan ari dira adituak euren buruei galdetzen nolako turismoa komeni den egun, bizi dugun egoera ekologiko eta sozial kalamitosoan. Biltzarreak egiten dituzte eta liburu ugari argitaratzen modu berriak proposatzen. Hemengo eredua, Fraga Iribame Información y Turismo ministro ohiaren ildoari jarraitzen diona, denek arbuiatu egiten dute. Ikusi da Espainiako eta beste leku askotako itsasertzetan nolako eragina duen.

Aberastasun handia asezinentzat. Giroarentzat kalte eta herritar soilentzat bizi kalitate eskasagoa.

Lehengo lepotik, Donostian eskaera prestatzen ari omen da Ostalaritza Federazioa: terraza gehiago nahi dituzte: handiagoak, ordutegiak ere zabalagoak, musika eta telebista jartzeko baimenak… ¡Es la guerra! ¡Más madera! Garbi dago zeinek agintzen duen.

Orain hiru urte, gure auzoa Multzo monumentaltzat eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Bertakook ez dugu harrez gero inongo hobekuntzarik ikusi. Soilik aurreko saturazio saturatua areagotu egin dela. Eta zabarkeria ere bai. Adibide txikia: egunero uda honetan, goiz osoa eta maiz arratsaldez ere, Udaletxe zaharraren arkupeak tabernetako edarien biltegi bihurtu dira. Eraikin monumentalean desastrearen monumentua. Inori ez omen dio lotsarik ematen.

Auzotarroi kaiko arranpalan eguzkia hartzea debekatu egin digute, Nautikoan oin azpiak arriskuan jarri gabe ezin bainatu… Gogorazi egiten digute: txingurriak zarete. Kontuz txingurriekin baina! Ozpina botata ere, ez gara desagertzen.

Donostia ez zen munduko bosgarren marabila, ezta ehungarrena ere, donoxtiar askok horixe sinistu nahi izan badute ere. Baina moñoñoa bazen. Gero eta gehiago, ínguru batzuetan, gure auzoan nagusiki, arrunkeria eta kutreziaren gailurra ukitzen ari gara, Everesten bezala.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Quisiera ser alcalde Donostiyakua Quisiera ser alcalde Donostiyakua

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Zer duzu buruan “Quisiera ser alcalde Donostiyakua”-ri buruz