Quebeceko hizkuntza-eredua, aztergai

Quebeceko hizkuntza-eredua, aztergai –

Quebeceko hizkuntza-eredua, aztergai

Bertako hizkuntza berreskuratzeko eta nagusitzeko prozesuetan badaude euskaldunontzat eredugarriak diren hainbat adibide: Flandriakoa, esaterako, non bertako abertzaleek lortu zuten XIX. mendearen bukaeran frantsesak zeuzkan prestigioa eta indarra iraultzea, nederlanderaren mesederako; Israelgoa, hilda zegoen hizkuntza bat -hebreera- berpiztea lortu zuena (horrek ez du esan nahi Israel eredugarria denik beste arlo batzuetan, giza-eskubideen arloan, adibidez); Finlandiakoa, suedieraren nagusitasunari aurre egiten jakin zuena; Kataluniakoa, Europako hizkuntza gutxitu guztien artean ondoen mantendu dena eta gizarte-kohesiorako tresna bihurtzea lortu duena; eta Quebecekoa, artikulu honetan aztertuko duguna.

Quebeceko berezitasuna Kanadako beste probintziekiko bere hizkuntzan datza. Quebeceko herritarrak frantses-hiztunak dira nagusiki, Kanadako gainontzeko probintzietakoak ingeles-hiztunak diren bitartean. Horrenbestez, Quebeceko nazionalismoaren funtsa bere hizkuntzaren eta kulturaren defentsan oinarritu da bere sorreratik.

XVIII. mendean hasi ziren gaur egungo Quebeceko lurraldeak ingeles-hiztun bihurtzeko saiakerak, eta horiekin batera hizkuntza-gatazka. 1763ko “Royal Proclamation”-ek benetako asimilazioa proposatzen zuen, lege eta hizkuntza ingelesak frantses-hiztunei ezarriz. Haatik, pixka bat geroago, 1774an, “Quebec Act” deritzonak aurrekoaren neurri zorrotzak ezabatu zituen, eta hizkuntza- eta erlijio-eskubideak eman zizkien quebectarrei.

Kanadako estatua sortu zenean, XIX. mendean, ingeles-hiztunak saiatu ziren berriz ere frantses-hiztunak baztertzen, eta ingelesa bihurtzen estatu berriaren hizkuntza ofizial bakarra. Frantsesaren irakaspena eskoletan debekatu egin zen. Horrek, eta Kanadara ingeles-hiztunak XIX. mendean zehar multzo handitan iristeak ingelesaren aldeko gehiengo baten sorrera eragin zuen Kanadako probintzia guztietan, Quebecen izan ezik.

Harrezkero, Kanadako frantses-hiztunak (Quebecen gehiengoa direnak) borrokan aritu dira euren identitateari eusteko, batez ere hizkuntza- eta erlijio-gaietan (ingeles-hiztunak ez bezala katolikoak baitira). Baina gizartearen sekularizazio gero eta handiagoarekin, frantsesa beren nortasunaren ikur bihurtu da (eta ez erlijioa), eta frantses hizkuntzarekiko edozein mehatxu, frantses-hiztunen aurkako mehatxutzat jotzen da. Mehatxu horiek anitzak dira: Ottawako gobernu zentrala ingeles-hiztuna da, AEBetako geografia-hurbiltasunak eta eraginak ingeles-hiztunen alde jokatzen du, Quebeceko enpresa, merkataritza eta banka handia gutxiengo ingeles-hiztun baten kontrolpean dago, eta gaur egungo kultura-globalizazioak, zalantzarik gabe, ingelesa indartzen du.

XX. mendean ,1960ko hamarkadan, aldaketa sakonak gertatu ziren Quebeceko gizartean, Iraultza Lasaia (“Révolution Tranquille”, frantsesez) izenarekin ezagutzen direnak. Aldaketa horiek Quebeceko modernizazioa eragin zuten, eta hizkuntza-arlora ere iritsi ziren. Urte horietan Quebeceko nazio-sentimendua ere sendotu zen eta 1968an agertu zen bertako nazionalismoaren garapenean eragin handia izan zuen eta duen alderdi politikoa: Alderdi Quebectarra (Partit Québécois).

Kanadaren batasuna arriskuan ikusiz, Gobernu federalak leku berezi bat eman zion frantsesari Kanadako lege-ordenamenduan: 1969an Hizkuntza Ofizialen Legea onartu zuen, ingelesa eta frantsesa -biak- Kanadako hizkuntza ofizialak zirela aitortzen zuena, beren hiztunei antzeko eskubideak emanez.

Baina Iraultza Lasaiak gauzak errotik aldatu nahi zituen. Herbert McNaught-ek oso ondo azaltzen duenez, iraultza horrek “Quebeceko arkaismoen eta ustelkeriaren amaiera ez ezik, ingeles-hiztunen ekonomia eta kulturako menderakuntzaren amaiera ere” bazekarren. Izan ere, garai hartan, bi mehatxu kezkagarri zituzten frantses-hiztunek Quebecen: alde batetik, etorkin “alofonoek” (hots, ez frantsesez ez ingelesez hitz egiten zutenek) beren seme-alabak ingeles-eskoletara bidaltzen zituzten, ez frantses-eskoletara. Joera horri gainera frantses-hiztunen jaiotze-tasa gero eta txikiagoa gehituta, epe ertainera  frantses-hiztunen nagusitasuna kolokan ikusi zuten etorkizuneko Quebecen. Beste alde batetik, ekonomia- eta gizarte-arloan frantsesak mendeko jarrera zuen ingelesarekiko, eta frantses-hiztunek, kopuruz nagusi izan arren, ingeles-hiztunek baino errenta maila baxuagoa zuten.

Horregatik guztiagatik Alderdi Quebectarra Quebeceko gobernura iritsi zenean (1976an) autodeterminazioaren bidean urratsak emateaz gain (1980an egin zuen Quebecek autodeterminazioaren lehenengo erreferenduma) hizkuntza-auziari ere heldu zion, 101 izeneko legea onartuz (1977an) (Hizkuntza Frantsesaren Gutuna). Gutun horrek Quebeceko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa zela argi esateaz gain (handik aurrera Quebeceko administrazioan modu esklusiboan erabiliko zena), lan- munduari eta ekonomia-arloari ere zuzen heldu zion, eta helburu argiarekin heldu ere: merkataritza eta negozioen mundua frantsestea. 50 langile edo gehiago zituzten enpresek frantsesa izan behar zuten lan-hizkuntza, eta elkargo profesionalek  jarduteko lizentzia emango zieten soilik frantsesaren ezagutza egokia zutenei beren lanbidean aritzeko. Irakaskuntzari dagokionez, legeak zioen eskola publikoetan zein itunpekoetan, hizkuntza nagusia frantsesa izango zela, hainbat kasutarako salbuespen batzuk aurreikusiz.

Quebeceko 101 legea argia eta zehatza zen: Quebecen ez zegoen tokirik elebitasunarentzat. Frantsesa nagusitu behar zen gizartearen arlo guztietan, elebitasunak bere aurka eta ingelesaren alde jokatzen zuelako. Eta horretarako, noski, ingeles-hiztunen eskubide batzuk murriztu behar ziren. Kanadako auzitegiek, zer esanik ez dago, behin baino gehiagotan jo izan dute lege horren aurka, baina tirabira horiek ez dute bigundu abertzale quebectarren jarrera hizkuntzaren auzian.

Gaur egun 101 legeak lehengo ingelesaren aldeko joera hura aldatzea lortu du: etorkinen seme-alabek frantsesez ikasten dute, lan-mundua (enpresa handietan, bereziki) frantsestu da eta hizkuntza frantsesak prestigio handia lortu du gizartean. Montreal hiriburuan, baina, ingelesaren aldeko inertziak nabarmenak dira, eta esan daiteke hein handi batean bertan jokatzen dela Quebeceko hizkuntzaren etorkizuna.

Hizkuntza-politikak, orokorrean, bi motatakoak izan daitezke: gutxiengo linguistiko baten eskubideak bermatzeko sortzen direnak, alde batetik (gehien ezagutzen ditugunak), edo gehiengo linguistiko baten hizkuntza babesteko abian jartzen direnak. Bigarrenak ez dira hain ohikoak, baina estatu propiorik ez duten hainbat naziotan, aldamenean hizkuntza indartsuak dituztenetan, garatu izan dira. Flandrian edo Quebecen, esaterako. Kasu horietan hizkuntza-politikak gehiengoaren hizkuntza gizarte-bizitzaren erdigunean jartzen du. Modu horretan gehiengoaren hizkuntza ez dutenek beren “erosotasun-eremu”tik mugitu egin behar dute eta gehiengoaren hizkuntza ikasi eta erabili egin behar dute.

Bestalde, bistan denez, Quebeceko gobernuek lurraldetasun-printzipioa aplikatu dute beren hizkuntza-ereduan, Belgikan edo Suitzan bezalaxe. Lurraldetasun-printzipioaren arabera, lurralde jakin batean bizi diren guztiek lurralde horretako hizkuntza ofiziala erabili behar dute beren harremanetan administrazio publikoarekin, eta beren seme-alaben eskolatze-prozesua hizkuntza horretan burutu behar dute, harreman pribatuetan nahi duten hizkuntzan aritzeko eskubidea izan arren.

Ezberdintasunak ezberdintasun, Quebeceko eredutik badugu zer ikasi. Han, frantsesa nagusitzeko prozesua hiru hanketan oinarritu zen eta hala oinarrituta dago: administrazio publikoa, irakaskuntza eta lan-mundua. Hemen lehenengo bi arlotan urrats batzuk eman dira (ez erabatekoak), baina hirugarrena ez da ukitu ere egin. Inork uste al du posible dela gure gizartea euskalduntzea merkataritzan, lan-munduan eta negozioen eremuan neurriak proposatu eta hartu gabe?

 

EPILOGOA: Frantsesaz eta ingelesaz gain, komunitate autoktonoek beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dituzte Quebecen. Quebeceko gobernua izan zen Kanada osoan herri autoktono horiei beren identitatea, hizkuntza eta kultura aitortzen lehena. 101 Legeak amerindiar eta inuitei beren hizkuntzak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea onartzen die. Hizkuntza horien etorkizuna, hala ere, ez dago bermatuta.

Quebeceko hizkuntza-eredua, aztergai

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

6 pentsamendu “Quebeceko hizkuntza-eredua, aztergai”-ri buruz

  • Oso interesgarria. Badugu zer ikasi, naiz eta frantses hizkuntzaren eta quebecken zuen indarra gurea baina askozaz ere indartsuagoa izan, badugu jarraitzeko moduko esperientzi interesgarri bat. Hori bai, lehenengo euskaltzale asko konbentzitu beharko genituzke. Askoren ustez ezin da inposatu, baina ez al digute gaztelania inposatzen? Hori zergatik ez dute inposizio bezela ulertzen?
    Eskerik asko eginiko lanarengatik.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-08-11 12:13

    Lehenik milesker artikuluagatik zerbait ikasi dut eta
    Idurizen zait Quebeceko gobernuak hemengo bi autonomiek baino libertate eta autodeterminatzeko posibilitate gehiago duela.
    Izan ere, galdu zuen arren Autodeterminazio erreferenduma antolatu ahal izan zuen, eta, lurraldetasun printzipioaren aplikazioari frantsesa inposatu zuen hizkuntza ofizial bakartzat administrazioan, erakaskuntzan ( baita imigratuentzat) eta enpresa gehienetan. Espero dut ongi ulertu dudala.
    Horrek hiru gauza besteak beste bederen erran nahi luke:
    Badutela klase politiko bat gurea baino abertzaleagoa.
    Kanadak Espainiak (eta Frantziak) baino estatu eta konstituzio demokratikoagoak eta federalagoak dituela.( tradizio britanikoa ote?)
    Eta Quebectarrak hizkuntzaren aldetik gurea baino populu homogeonagoa eta deliberatuagoa dela gobernuaren hizkuntza politika segitzeko eta gutiengo ingelesak bere “erosotasun eremu”tik ateratzea onartzeko sobera erresistentziarik egin gabe.
    Azkenean, mesedez, banuke galdera egiteko egileari hizkuntza politiken artean dagizun sailkapenari dagokionaz artikulu egileari:
    Zer duzue EAEn gutiengo baten hizkuntza politika ala gehiengo batena?

  • Mila esker Iker2-ri eta Benati zuen iruzkinengatik.
    Zuri erantzunez, Benat, EAEko hizkuntza politika gutxiengo baten eskubide linguistikoak babesteko egindako hizkuntza politika da, bistan denez. Hauek dira hizkuntza politika ohikoenak, oso jakobinoak ez diren estatuetan martxan jarri direnak. Baina badaude beste hizkuntza politika batzuk, gehiengoaren hizkuntza babesten dutenak, Flandrian edo Quebecen, esaterako, abian jarri zirenak. Katalunia ere kategoria honetan sar liteke (katalana delako bertako gehiengoaren hizkuntza), baina han tarteko formula baten alde egin dute: irakaskuntzan katalanez egiten da dena, administrazio publikoan ere hein handi batean, baina lan-munduaren katalanizazioa ez dute burutu, Quebec-en bezala (gauza batzuk egin arren, hemen baino gehiago).
    Gu kontzienteak gara EHko (edo EAEko) eta Quebeceko egoera soziolinguistikoa ez dela bera, eta Quebecen egindakoa ezinezkoa dela EHan aplikatzea. Baina uste dugu lan-mundua euskalduntzeko ez dela ezer egin, eta hor zerbait egin liteke. Ibarretxeren garaian zerbait egin zen enpresa handiek bezeroen eskubide linguistikoak kontuan har zitzaten, baina hura ez zen garatu. Hor gabezia nabarmenak ditugu, eta ezer egin ezean arriskua da lan-munduan sartzen diren belaunaldi berri euskaldunek euskara baztertu eta erdaraz lan egitea. Lan-mundua euskaldundu gabe euskarak ez du etorkizunik.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-08-11 15:50

    “gutxiengo baten eskubide linguistikoak babesteko egindako hizkuntza politika da” diozu eta ados naiz zurekin. Izatez gune zehatz batzuetan izan ezik euskal jendea egiazko gutiengoa bilakatzen ari da nahiz eta kanpotik edo azalez ikusita ilusio zerbait oraindik egin litekeen.
    Bestela esanda zuenean hizkuntza politika horrek erdaldunak kontsidera ditu gehiengo linguistikotzat. eta hori kontuan hartzen du erran gabe.
    Partiduek hauteskundeen emaitzekin obsesionatuek berdin arrazoitzen dute.
    “Lan-mundua euskaldundu gabe euskarak ez du etorkizunik”diozu eta ados naiz nahiz zaila den arlo desberdinetako praktikak zatikatzea eta imaginatzen dut atakatu beharko ginukeela arlo guzietan batera.
    Baina paria nezake ez dela ezer seriorik eginen lan munduan. Zergatik lan munduaren funtzionamendua moleztatu kalean hitz egiten ez den gutiengo baten euskararekin denek erdara ederki dakigularik?
    Diozu:”Gu kontzienteak gara EHko (edo EAEko) eta Quebeceko egoera soziolinguistikoa ez dela bera, eta Quebecen egindakoa ezinezkoa dela EHan aplikatzea”
    Orduan zer egin?
    Barkatu “kanita zaurian itzultzeagatik” baina gu itzulimitzulika ametsetan ibiltzeak ere pena egiten dit.
    Adeitasunez.

  • JJ Agirre

    Interesgarria oso, iruzkina. Hala ere, ohar batzuk egitera ausartuko naiz.
    Bukaeran aipatu duzue jatorrizko herriekiko hizkuntza eta kulturarekiko ezer gutxi egin dela Quebecen, Kanada osoan bezala. Areago, bietan ala bietan asimilazio eta desagerrerarazte politika bortitzak burutu dituzte, atzo goizera arte. Ez dezagun ahantz, frantsesa kolonizazio-hizkuntza dela Quebecen, ingelesa bezainbeste. Inperio-hizkuntzen arteko demaz ari garela, alegia.
    Beti gogora ekarri behar litzatekeen errealitate gordin hori bazter utzirik, Quebeceko agintarien eta herritarren frantsesarekiko atxikimendua, gurean ikusten duguna baino zinez handiagoa da (inperio baten parte izateko sentimenduak ere izango du zerikusirik horretan).
    “… administrazio publikoa, irakaskuntza eta lan-mundua. Hemen (EAEn) lehenengo bi arlotan urrats batzuk eman dira (ez erabatekoak), baina hirugarrena ez da ukitu ere egin” diozue. Ados oro har, baina:
    Administrazio publikoan emandako urratsak oso gorabeheratsuak eta motzak izan dira. Gaur gaurkoz, EAEko administrazio publiko gehienak erdaldunak dira (GFA eta UEMAko udalak kenduta). Nafarroan udal gutxi batzuk euskaldundu dira, eta Ekialdean zer esan, ezta, Beñat?
    Hezkuntzan hasitako bidean, lehenik egonkorkeria eta ondotik PSE-PPk ezarri eta EAJk onartutako atzerapausuak etorri dira EAEn. Lanbide Heziketak %20 baino ez da “euskalduna”. Nafarroa eta Ekialdea…
    Eta lanmunduan lau gauzatxo egin dira, publizitatea publizitate, enpresa jakinen tema euskaltzaleari esker.
    Jaurlaritzan agintean daudenak euskaltzale epelak dira, platonikoak nolabait esateko, EAJren aldetik, eta erdaltzale sutsuak PSEko bazlideen aldetik. EH Bilduren eta beste eragile abertzale batzuen aldetik ere, askoz gehiago espero genuen.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-08-11 18:33

    Hemen administrazio guziak erdaldunak dira Euskal hizkuntzarekiko hertsiki lotu EKE bezalako bakar batzu izan ezik.
    JJ diozu “Quebeceko agintarien eta herritarren frantsesarekiko atxikimendua, gurean ikusten duguna baino zinez handiagoa da”
    Eni ere iduritzen zait frantsesaren alderako atxikimendua Quebecen eta euskararen alderakoa hemen desberdinak direla. Zergatik?
    zuk diozuna gatik seguraz ere nahiz haiek ere ingelesen arrazismoa jasan zuten ( speak white!)
    Hango elizak eta apaizek ( frantseseak zirenek) ez ote dute frantsesa defendatu hemengo apaizek euskara baino?
    Hango laborariak ez oe ziren hemengoak baino hiritarrek hobeki kontsideratuak?
    Gero biztanleen kopuru handiagoak ere badu garrantzia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude