Putreen beldurrik gabe zahartu

Putreen beldurrik gabe zahartu –

Gure ongizate estatu kaskar hau garatu zen berandu (faxismoaren eraginez), halamoduz (90etako olde neoliberalagatik), eta emakumeen kalterako bere egin ditu diskriminazioa eta lanaren banaketa sexuala (hegemonia heteropatriarkalaren ondorioz). Ez da kasualitatea zaintzaren arlo handiak, esaterako haurrena, etxekoa, menpekotasun egoeran dauden pertsonena edo adinekoena, ongizate sistema publikotik at geratu izana, edota modu prekarioan eta azpikontrata bidez sartzea, ez eta lan hauek emakumeen esku uztea ere, hain zuzen gero eta gehiago emakume arrazializatuen esku.
Putreen beldurrik gabe zahartu
Arg: Vinoth Chandar (Flickr)

Alabaina, bizirauteko, jatearekin batera hauek dira bizitzan garrantzi handiena duten kontuak. Zaintza fisikoa eta afektiboa izan beharko litzateke kontu handiz zaindu beharreko arlo bat bere burua “zibilizatu” edo “aurreratu”tzat jotzen duen edozein jendartetan.

Gizartea aldatu ahala, bizikidetza unitateak atomizatzen ari direla ikustean, kapitala laster ohartu zen negoziorako aukera zeukala eremu honetan. Enpresen interesek, batetik, eta herri-erakundeek zein alderdi politiko gehienek oinarrizko zerbitzu hau egitura publiko batean sartzeko borondaterik ez izateak, bestetik, eragin dute zerbitzu gehienak esku pribatuetan egotea. Hau da, enpresen eta kapitalaren irabazien menpe. Noski, “lankidetza publiko-pribatu” totemiko baten baitan, langile-klasearen bizitza guztiko aurrezkiekin eta diru-kutxa publikoekin finantzatua.

Inbertsio-funts britainiar, frantses edo espainiarren esku dauden multinazionalak -Domus Vi, Caser, Clece, Sanitas, Eulen…- gero eta pisu handiagoa dute gure adinekoan zaintzan. Espekulaziorako funtsak, asko funts putreak, zeintzuen etekinak eta errentagarritasuna puzten diren lantaldeak urritu eta lan baldintzak okertu ahala, edota egoiliarrei eskaintzen zaien denbora mozten den heinean.

Gipuzkoan, egoitzetako oheen %90ak finantziazio publikoa du, baina soilik langileen %10ak du zuzeneko kontratua Aldundiarekin edo tokiko erakundeekin.

Ondorioz, duela gutxi langile batek aipatzen zuen moduan, “15 minutu ditugu adinekoak esnatu, jeiki, dutxatu eta gosaltzera eramateko. Okerrik ezean, dutxako ura berotzen ari dela, tarte txiki bat daukagu galdetzeko gaua zer moduz pasa duten. Gero, goiz guztian ez daukagu haiekin hitz egiteko betarik. Hala dago aginduta”.

“Baliabideen optimizazio” honen poderioz lantaldeak murriztu egiten dira, gehiegizko ratioak eta lan karga ezarri, eta nagusi dira bitarteko eta osasuna babesteko neurrien gabezia, soldata oso eskasak eta lan prekarioa. Kontrol publiko ezak eta etekinen maximizazioak eragin du Gipuzkoako Aldundiaren “jardunbide arin eta egokia” izan arren -hala definitu zuten Markel Olano Diputatu Nagusiak eta Maite Peña Gizarte-Politikako arduradunak- nahikoa bitartekorik ez edukitzea krisiari aurre egiteko, edo baliabideak berandu eta gaizki iritsi izana; COVID-19a medio 167 hildako izan dira Gipuzkoako zahar-etxeetan, lurraldean izan diren heriotzen %60tik gora, eta ehundaka langile kutsatuta gertatu dira.

Krisiak agerian utzi du sektoreko langileek, senitartekoek eta beste gizarte-mugimendu batzuek aspaldian salatu izan dutena, eta amaigabeko grebekin aldarazten saiatu direna. Behar-beharrezkoa da eredu hau aldatzea, pribatizazioa eta etekin ekonomikoa baita bere lehentasuna, ez pertsonak. Milaka emakumeren enplegua eta lan baldintzak daude jokoan, eta funtsean baita gure eredu soziala bera ere.

Nola nahi dugu zahartu? Gure zaintza etorkizunean noren esku utzi nahi dugu? Ez badugu nahi osasuna, hezkuntza eta gizarte babesa gutxi batzuren irabazien menpe egotea, gure bizia jokatzen baita, nolatan onartuko dugu gure zahartzaroko zainketa eta urteak multinazionalen altxor bihurtzea?

Ez al dugu zerbitzu publiko baten alde egingo zaintza kolektibizatuko duena eta esklabotasunetik, sasitik edo prekaritatetik aterako dituena milaka emakumeok, jendarte guztiaren zaintzaren zama daramaten langileok? Interes kapitalista edo alderdikoietatik babestuta dagoen zerbitzua, langile publikoekin, lantalde zabalak eta ratio egokiak eskaintzen dituena zaintza gertukoa eta goxoa izan dadin, lan baldintza onekin eta doakoa, finantziazio kolektiboaren bidez, zerga bidez, gehien dutenak ekarpen handiagoa eginez.

Horretara iristeko zaintza ez dago mugatu beharrik etxe partikular atomizatu eta egoitza erraldoietara. Irudika daitezke ere zaintza sareak, beharrizan guztiak asetuko dituztenak, etxebizitza egokituetan edo bizikidetza unitateetan bizitzeko aukera emango dutenak, non intimitate pertsonala bateratuko den bizikidetza- edo jarduera-gune kolektiboekin.

Krisi honekin gauza bat ikasi dugu: zaintzaren garrantzia eta zer nolako arriskua den soilik irabazi gero eta handiagoak nahi dituztenen esku uztea. Orain dugu unea. Borondate politiko kontua da. ELA hortaz hitz egiteko prest dago, mahaiaren beste aldean norbaitek nahi izanez gero behintzat. Eta parean inor ez badago, lan egingo dugu, borrokatuko gara hori lortzeko. Gure jendartearen etorkizuna erabakitzerakoan jokalekua ezin diegu enpresen interesei edo gutxiengo alderdikoiei utzi. Ez dugu putreen beldurrez zahartu nahi.

Putreen beldurrik gabe zahartu
Putreen beldurrik gabe zahartu
Igor Eizagirre

ELAko Zerbitzu Pubikoetako Federazioaren Idazkari Nagusia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude