Proposamen lizuna

Proposamen lizuna –

Proposamen lizunaEa, gaurkoan aitorpen txiki bat: abertzalea nauzue. Bai, bai, badakit gaur egun ez dagoela batere boladan, ez dela mainstream, eta anitzez errazago salduko nukeela nire motoa “independentista” naizela erranen banu. Baina inor ez da perfektua, eta ni abertzalea naiz.

Gure Euskal Herri imajinarioa dut maite, istorio asmatuez beteriko gure Historia loriatsua, gure etorkizun utopikoa, langileen herri langilea, zazpi probintziak, lauburua, irrintziak, euskara, ikurrina, eta bla bla bla.

Eta, jakina, Aberri Eguna ere badut gustuko. Aurten, baina, ezin izan genuen behar bezala ospatu, itxialdian harrapatu baikintuen. Eta, horregatik, proposamen lizuna egin nahi nuen hemendik.

1935. urtean, laugarren Aberri Eguna ospatu nahi izan zuten Iruñean. Garai hartan, Iruñea erreketea ez zen tokirik onena izanen halakorik antolatzeko eta ez zuten Berpizkunde Igandean ospatu. Ekainaren 16ra gibelatu zuten kontua. Baina ere ez, agintari eskuindarrek debekatu baitzuten. Azkenean, ekainaren 30ean egin zuten, Euzko Eguna izendatuta, eta zezen plazan eginiko mitin handi batera mugatuta.

Laster, 85 urte beteko dira Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta Manuel Irujoren parte-hartzea izan zuen ekitaldi hartatik. Denbora gutxi gelditzen da, eta garai arraroak dira halako gauzetarako, baina inork hartu nahiko luke lekukoa eta ekainaren 30erako aberri egun txiki bat antolatu?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 2koa]

Proposamen lizuna

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.