Promesen eta frustrazioen presidentea

Jose Luis Rodriguez Zapatero talantearen presidentea zen orduan. Garrasirik gabe hitz egiten zuena, edozein arazo elkarrizketarekin  konponduko zuena. Lehen inpresiora behintzat, aurrekoen ezberdina zen hitz eta jarreretan: ulerkorra, saiatua, jatorra. PSOEren inguruko prentsa eta egunkariek irudi hori eman nahi izan ziguten behintzat, liskarretik urrun, malgutasun eta gertutasun sentipena helaraziz.

Alderdi sozialistarentzat ere, azken zortzi urtetako zatiketa eta krisiak gainditu zituena izan zen, barne egitura batuz.

Lehen legegintzaldian Espainiari bultzada ekonomiko handia eman zion, Barne Produktu Gordina Italiaren gainetik jarriz eta hiru miloi lanpostu sortuz. Horrezaz gainera, sexu berekoen arteko ezkontza legeztatu zuen, “euskal arazoari” irtenbide negoziatu bat bilatzeko keinua egin zuen (bukatu bezala bukatu zen arren) eta Genero Indarkeriaren eta Memoria Historikoaren lege bana ere egin zituen. Eta hauteskundetako bere promesa nagusienetako bat zena: Iraketik Espainiako tropak atera zituen.

Baina proposamen horiek sarritan ez ziren azkeneraino eraman edota beste alderdiekin negoziaketetan aldatu egin behar izan zituen, ia ezertara murriztuz. Promesen presidentea izan zen haseran, eta promesa horietatik oso gutxi eraman zituen azkeneraino.

Espainiako presidentearen popularitate maila oso goitik zebilen hala eta guztiz ere lehen legegintzaldian.

Lehena amaitzearekin heldu ziren krisiaren lehen hotsak, eta honi irtenbidea aurkitzetik urrun, hauteskundeak irabazi zituen.

Bestelakoa da Zapateroren irudia orain: aspaldiko talanterik ez, krisi sakona Espainian (eta egoera hobetzeko Europan zailtasun gehien Espainiak izango duela ari dira esaten), “euskal arazoa”ri irtenbide negoziaturik ez eta makilasalda, Ibarretxe planari jarritako topea, Kataluniako estatutuaren “zepillatzea”, Memoria Historikoaren legearen porrota, Afganistanera soldadu gehiago bidaltzea, Parlamentuan aliaturik gabe geratzea, alderdi barruko ustelkeria kasuak…

Ez dirudi Zapatero bere egunik onenetan dagoenik.

“Euskal arazoari” konponbidea eman zion presidentea bezala gogoratu genezakeenean, krisiari irtenbiderik topatu ez zion presidentea bezala gogoratuko dugu?

Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude