Programa bat opari

Espainiako hauteskunde orokorrak izateko berrogeita hamahiru egun falta direnean hasi naiz idazten. Kanpaina hasi baino lehen bukatu nahi dut. Garaiz ibiliko naiz, behingoz. Ez dut azken ordurako utziko. Publizitatezko esloganak prestatu aurretik zabaldu nahiko nuke, gainera. Lehenbailehen.

Denbora eman nahi dizuet, hautagai agurgarriak, nire proposamena kontuan har dezazuen. Orain arte, berandu ibiltzen nintzen beti eta presaka hautatu behar izaten nuen, azkenean, zegoenarekin konformatuta. Baina diferentea izango da oraingoan… nik neuk esango dizuet agindu beharko didazuena zuen hautua egitea nahi baduzue. Eta, ez luzatzeko, dekalogoan idatzi dut. Usadio zaharrean. Nik aukeratzea nahi duenak bete beharko dituen hamar manamenduak:

Lehenengoa, Demokrazia maitatuko dut gainontzeko guztiaren gainetik.
Bigarrena, Ez ditut herritarren botoak alferrik galduko.
Hirugarrena, Langileen jaiegunak bermatuko ditut.
Laugarrena, Ekintzez ohoratuko ditut hizkuntza gutxituak.
Bosgarrena, Ez dut bultzatuko bizitza suntsitzen duen ekimenik.
Seigarrena, Ez ditut gurtuko eskuzko jainkoak ezta rating enpresak ere.
Zazpigarrena, Ez dut lapurtuko ezta lapurren laguna izango.
Zortzigarrena, Ez dut testigantza faltsurik egingo, ezta gezurrik esango ere.
Bederatzigarrena, Ez dut proiektu erraldoi lizunik onartuko.
Hamargarrena, Ez ditut boteretsuenen botoak desiratuko.

Eta eskupeko moduan, datozen hauteskundetan erabiltzeko halako programa txukuna oparitzearen truke, azkenaren ondokoa: Ez ditut onartuko herritarren atsedena eragozten dituzten ordenantzak, beraz, tabernetan toldo-txapela insonorizatzaileak derrigortuko ditut edo, horren ezean, erretzaileak lokalen barrura berriz!

Horiek guztiak (bere nominaren gainean) zin egiteko prest ez dagoena ez dadila etorri nigana boto bila.

Zuen erantzunaren zain, adeitasunez

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Programa bat opari”-ri buruz

  • Dekalogoa sinatzen dut nik ere. Eskupekoaren inguruan dator nere Iruzkina. Joan den asteko Argian Jose Inazio Ansorenak jaiei buruz idatzitakoa gehituko nioke nik
    Jai jasangarriak

    2291. alea
    2011-09-25

    Eutsigoiari!

    • Ona eta egokia Ansorenaren “Jai jasangarriak”, irakurri gabe neukan. Ontzi berdeen beste erabilera bururatu zait niri, baina ez zait iruditzen arhitaratzeko modukoa denik.