“Profesional arduratsua izango den ikaslea bilatzen dugu”

Arantza Ozaeta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) Unibertsitate Masterren koordinatzailea da. MUko Fakultate horretan hezkuntza arloko hainbat master espezializatu eskaintzen dituzte, beti ere metodologia aktiboak, zeharkako konpetentziak eta partehartzea euren hezkuntza proiektuaren ezaugarrien ikuspuntutik. Elkarrizketa honetan azalduko digute zertan datzan HUHEZIren Unibertsitate Masterren eskaintza.

HUHEZIn, baduzue eskarmentua Unibertsitate Masterretan. Zer moduz doa azken urteotako esperientzia, ikasleak ondo egokitzen ari dira?

HUHEZIn hiru urte daramatzagu jada Unibertsitate masterrak eskaintzen. Bi urtetan 3 unibertsitate master eratu ditugu: Bigarren Hezkuntza Masterra, Berrikuntza Didaktiko-Metodologiko masterra (Berrimet) eta Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleanitzena (Ekomu). Azken bi master horiek, gainera, %100 online eskaintzen dira. Erronka nagusia izan da gure Hezkuntza Proiektua –hau da, metodologia aktiboak, zeharkako konpetentziak, partehartzea, eta abar– masterretara eta online ikasketara eramatea. Gure masterrak oso aproposak dira bai ikasle bukatu berrientzat, bai lanean ari den jendearentzat, online ikasteak errazten baitu lana-familia-ikasketak uztartzea. Izan ere, ikasle bakoitzak egokitzen du programa eta bere ibilbidea dituen aukeren arabera. Masterrean, bakoitzak duen asmoen arabera, ibilbide profesionala edo ikerketa ibilbidea egin daiteke.

Zuen Fakultatean Hezkuntza arloa lantzen duzue, zer programek osatzen dute HUHEZIren eskaintza?

Gure masterretan Hezkuntza unibertsoan pil-pilean dauden erronkei erantzuten saiatzen gara: batetik, Bigarren Hezkuntzako masterrean, BHn irakasle izateko formazioa eskaintzen dugu, lau espezialitate eskainiz, disziplinartekotasun ikuspuntu batetik, eta curriculumaren begirada globalizatzailetik eta teoria eta praktika uztartuz. Bestetik, Ekomu masterrean lantzen da hizkuntza eta kultura aniztasunean sakontze eta kudeatzen. Azkenik, Berrimet masterrean sakon jorratzen da nola eraldatu ikastetetxea, metodologia aktiboak inplementatuz. Masterretan, betiere, hezkuntza eraldatzeko eta ikasleen beharretara hurbiltzeko beharrezkoak diren oinarriak, esperientziak eta esku-hartzeak jorratzen dira. Horretarako baliatzen ditugu gure eredu pedagogikoa eta hezkuntzarekiko dugun ardura eta berrikuntza ikuspuntua.

Zein izaten da masterren iraupena?

Masterrak urte batean, bitan edo hirutan egin daitezke, kasuen arabera. Erabiltzen den metodologia oso aktiboa eta praktikoa da, eta praktikak eskakizunen neurrira egiteko aukera badago ere. Master hauetan ikaslearen amaierako proiektuak pisu handia dauka eta ikasleak berak aukeratzen du, dela formaziorako, dela ikerketarako, bere intereseko esparrua.

Ikasi eta gero, zer nolako irteerak dituzte ikasleek?

Gure masterreko kasu guztietan, bi ibilbide profesional daude. Batetik, ikerketa ibilbidean doktorego programara bideratzen da, eta ikasleari ikerketa eta tesia bertan egiteko aukera ematen zaio. Bestetik, ibilbide profesionalean, masterren jakintza arloetan espezializatzeko aukera badago, esate baterako, Bigarren Hezkuntzako BHn irakasle jarduteko, lau espezialitatetan. Bestetik, Ekomu eta Berrimet masterretan ikastetxeetan, Berritze guneetan, argitaletxeetan edo administrazioan jarduteko aterabideak eskaintzen dira.

Aurtengoa lehen promozioa da. Datorren urteei begira, bertako ikasleez gain, beste unibertsitateetako ikasleei heltzeko erronka duzue, ezta? Kanpoko ikasle berriei dagokienez, zer helburu duzue, nola marraztuko da unibertsitate masterraren HUHEZIko etorkizuneko ikaslearen profila?

HUHEZI unibertsitate euskalduna da, hogeita hamabost urteko eskarmentua du euskarazko irakaskuntza ematen eta sustatzen. Hala ere, merkatu berrien bila eta teknologia berriak baliatuz, Ekomu eta Berrimet masterrek, %100 online izanik, aukera eman digute beste lurralde batzuetara iristeko. Hartara, Espainiatik, Frantziatik, Andorra zein Latinoamerikatik datozen ikasleak baditugu.

Eta zer profil bilatzen duzue?

“Profesional arduratsua izango den ikaslea bilatzen dugu, hezkuntza munduan eragilea izango dena eta kultura berria bultzatuko duena”