Printzesak ala superheroiak

Amelia Barquinen bloga da Kinka, inoiz gurera ekarri duguna. Irakasleak zorrotz landu ohi ditu genero kontuak, eta horrelaxe egin du beste behin azken sarrera honetan ere, “Umeentzako ura: printzesak ala superheroiak”.

Bide batez, gaur bertan (19.00etan) “Gazteak eta berdintasuna. Zein oztopo aurkitzen dituzte? Zein baliabide dituzte?” gai duen hitzaldia eskainiko du Barquin-ek Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, XII. Berdintasunerako Gunea-ren barruan.

.

Umeentzako ura: printzesak ala superheroiak

Umeentzako ura: printzesak ala superheroiakIlobekin joan naiz supermerkatura eta begira zer ur botila eder aurkitu ditugun: printsesak (begi handiak, irribarra, pastel koloreak, makilajea, apain-apain…) eta superheroiak (aurpegi serioak, oinarrizko koloreak, makilajerik ez, borrokarako jantziak…). “Ui, binarizatu berriak”, pentsatu dut. Baina ez, hemen irakurri dut hilabete batzuk daramatzatela.

Eta ni konturatu gabe.

Zer ondo, ezta? Ur binarizatua edan dezakate gure umeek Kinder arrautz binarizatuak jaten dituzten bitartean! Eta haien jostailu binarizatuekin jolastu ahal dute aldi berean! Ziur nago laster beste produktu batzuk etorriko direla…

Dirudienez Frozen eta The Avengers filmetan daude inspiratuta. Guk ikusi ditugun botilen artean Sofia printsesa eta Errauskiñe ere bazeuden, ilobek esan didatenaren arabera. The Avengerseko heroien arteko neska bakarra (Black Widow) ere botila moduan agertu zitekeen, baina ez. Frozen filmaren mutilak ere ez ditugu ikusi (googlen irakurri dut pelikularen elur panpina bai saltzen dela). Ez mutil horiek ez beste batzuk. Aber, zertarako. Printzesak eta superheroiak, zer gehiago behar da.

Nire lehengusinak dio inork ez gaituela behartzen superheroia erosten mutilei eta printzesak neskei. Ez horixe, ez da derrigorrezkoa, denok dakigu zer erosi behar dugun. Izan ere, umeek berehala ikasten dute zer dagokien eta ez dira asko izango bide horretatik aterako direnak. Ea zein nagusi ausartzen den printzesa bat edanarazten sei urte baino gehiagoko mutil bati. Nire lehengusinak dio, halaber –berritsua da–, pozik egon gaitezkeela “neskentzako” ura ez delako garestiagoa, zerga larrosa delakoa ez zaiolako aplikatu. Duela gutxi Berrian horren inguruan irakurri du eta: “Premiazkoak_ez direlakoan”.

Botilatxo horiek ikusi ondoren, ilobek ez dute marka zurikoak erostea nahi izan. Tira, kanilako ura bezalakorik ez dagoela esan diet, eta aida.

Ez dira oso konbentzituta geratu.

Umeentzako ura: printzesak ala superheroiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.