Primaderako liliak

Primaderako liliak

Sautrela saiorako bi idazle elkarrizketatu behar ditut eta, gutxitan bezala, poz-pozik nabil. Zergatik eta liburu bikainak dakartzatelako biek ala biek. Ez da askotan gertatzen, izan ere, ia beti hitzordua ixten dugu lehenik idazleekin eta gero maiz, irakurtzen hasitakoan, liburuek zaputz egiten digute.

Bihar ez da halakorik, esan bezala, atsegin handiz irakurri ditugun bi opera prima baitira elkarrizketetarako aitzaki. Bata, Ana Malagonen LASAI, EZ DA EZER GERTATZEN eta, bestea, Danele Sarriugarteren ERRAIAK. Biak ere Elkar etxearen eskutik.

Primaderako liliak

Ana Malagon aski ezaguna dugu, batez ere Interneteko sare sozialetan duen jardueragatik.

Dakarren opera prima hau ipuin bilduma bat da. Zehatzago, mikroipuin bilduma bat, irakurle arruntok asetzeaz gain, gure irakasle andanarentzat material bikaina dakarrena, bai ikastetxeetan eta bai gaueskoletan erabiltzeko. Izan ere, ez baitago liburua zertan osorik eta jarraian irakurri beharrik atsegina hartzeko: aski da noizean behin ipuinetako bati heldu eta egundoko gozamena jasotzeko. Ez naiz ni hemen liburu hau deskribatzen hasiko, ezin hobeki egin baitu lan hori Iban Zalduak hitzaurrean.

Gehiegi lapurtzea ez bada, Malagonen ipuinetako bat nahi nuke hona ekarri. Ez onena delako, ez eta ere txarrena. Aliritzian hartua da, gerta dadin liburuaren erakusgarri. Ketchup du izenburu.

“Alfonbra gainera erori zaidan ketchup tantari begira daramat pare bat minutu. Aho paretik atera dena sudurretik eror zitekeela pentsatu dut. Edo, okerragoa dena, belarri batetik. Belarritik odola isurtzeak ez du ezer onik iragartzen. Gorputzaren kolapso baten seinale. Tumoreren baten abisu. Baina ketchupa da, pelikula merkeetako tiroketetan bezala. Ketchupa besterik ez. Bizirik nago. Ez nago odoletan. Ketchupa da. Bizitza merke baten ketchup merkea.

Garbitu egin beharko nuke. Ahots urduri batek polizia etorri arte itxaroteko esaten du ordea.”

————————

Bigarrena Danele Sarriugarteren lehen eleberria da, esan bezala ERRAIAK izenekoa, eta nik dakidala, gaurdaino gurean irakurri dudan ausartenetakoa, bai behintzat norberaren bazterrak erakusteari dagokionean eta beste alde askotatik ere bai. Eta gainera bikain kontatuta, sekulako egiantzarekin, hainbeste, non pentsa litekeen fikzioa baino, aitormena dela.

 

Hara hemen adibide bat:

“Aitor du: normala izan nahi nuen.

Behintzat nire izate ustez hain periferikoaren alor batean erdigunekoa izan nahi nuen, ohikoa, konbentzionala. Monogamoa, heterosexuala. Jarraitzaile leial bat eduki, kontzertu galeria tanatorio afari ezkontzetara inoiz ez gehiago bakarrik joan, une terribleetarako larrialdi-zenbaki bat markatu ahal izan, desleku desordu deseran ez bizi, taldean ntegratu, inguratzen ninduen mundu txikiari frogatu neu ere banintzela maitatua izateko modukoa.

Edonor eta guztiok bezala, funtsean.

Hipoteka, zakurra, lorategia”

Ba horixe esan nahi nuen blog honetan, ez dakidala elkarrizketak nola aterako zaizkigun, baina batzuetan gustu ematen duela gure ogibideak. Horien artekoa dela honakoa eta pozik noala hitzorduetara aurtengo udaberria bikaina dela jakitearen segurantzarekin.

 (Bidenabar, hau guztia arkeologia apur batez ospatzeko, hara hemen Michel Labeguerieren PRIMADERAKO LILIAK zoragarri hura)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)