Prezioaren presioa

Argazki honek piztu dit kandela. Sevilla probintziako Carmona herrian atera dut, ustekabeko ibileran aurkituta. Udalaren gauza da eta, antza, herritarrak zintzotu egin nahi ditu gauzen prezioa agerian jarrita.

FullSizeRender (1)

 

Goiko aldean datorren EN TODA LA PLAZA EXCEPTO RESIDENTES horri baino, errepara iezaiozu apur bat beheratxoago. Argazki gainean klik egind,a erraz ikusiko duzu SEÑAL DE TRAFICO 325€ dioen ohar hori. Alegia, trafiko seinale hori 325 euro ordaindu dituela udalak eta ibiltzeko arretaz gauza guztiekin ez baita deus aingeruek oparituta etortzen.

Pentsatzen jarrita, garestia da ala merkea seinale batek 325 euroko prezioa izatea? Eta, gainera, hori zer da, bere zuloan zutik jarrita ala burdindegiko hornitzaileak kobratu duena?

Izanak izan ez dago txarto inguruan dagoen gauzen prezioaz ohartaraztea. Esate baterako horixe da aldeetako bat Iparraldeko eta Hegoaldeko osasun zerbitzuen artean. Iparraldean ordaindu egiten duzu midikuari egindako kontsulta bakoitza eta ohartzen zara 23 euro balio duela zure bisitak, gero diru horretatik gehiena itzuliko badizute ere. Hegoaldean, ostera ez zara jabetzen ahal egindako gastu horretaz.

Adibideak baizik ez dira nahiz eta jakin balioa eta prezioa ez direla gauza bera, egia esan,  ohituta gaude biak nahasian erabilzera. “Zenbat balio du trafiko seinale horrek?” galdetuko genuke, edo “zenbat balio du midikuaren kontsultak?”, jakin nahi duguna prezioa baizik ez denean.

Gauza eta zerbitzu guztien prezioa jakiteak, lagundu egingo liguke, nolabait, zintzoago bizitzen, urrea eta gorotza bereizten. Batez ere gauza asko doan direla dirudien garai hipermoderno honetan. Mila adibide eta galdera egin genitzake.

Urrutira joaten ibili gabe,  zein prezioa dauka alua.mundua blogeko  sarrera honek? Doakoa dirudi, nik ez dizut deus eskatuko, zuk ez duzu berehalakoan txanponik ordainduko… Baina jarri pentsatzen hau jasotzeko behar dituzun konexioak, zure ordenadore edo  telefontxoa erosteko ordaindu dituzunak,  Zuzeu mantentzeak eta abarrek zenbat balio duten… Eta azkenean doakotasunaren gozoa hondatuko dizugauza guztien  prezioaren presioak, izan ere, esan bezala, Carmonako seinaleak erakutsi bezala, deus ez dago hemen aingeruek zerutik behera jaurtita.

 

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)