Prestige: zigorgabetasunari stop

prestige
Kalte ekonomiko zein sozial larriak pairatu genituen duela 11 urte. “Prestige” petrolio-ontzia zela eta, Penintsula nahiz mundu mailan eman zen ezbehar ekologiko astunenetarikoa gertatu zenetik. Gaur egun, oraindik, Rajoyren arabera “hilillos de plastilina” ziren haiengatik ez da eman erantzukizun politikorik, ezta dimisiorik ere.

Orduan ere haserrarazi gintuzten, eta orain, gure usteak baieztatzean, haserrealdia are handiagoa bilakatu da. Hondamendi haren erantzuleak zigorgabe deklaratu baitituzte.

Guzti honen hasiera, oso toxikoak diren petrolio-hondakinen milaka tona, desegitear zegoen ontzi batean itsasoratzea erabaki zutenean eman zen. Hala, itsaso zabalean ehunka kilometro egin behar zituelarik.

63 milioi litro txapapoteren isurketarekin, kostaldeko ehunka kilometro kutsatu ziren, ekosistema osoari kalte larriak eraginez. Garbiketa lanean aritu ziren boluntario nahiz arrantzaleek ere kutsadurak eragindako kalteak pairatu behar izan zituzten. Euretariko askok, gaur egun ere, buruko minak, arnasketa gaitzak, begietako narritadurak, heste eta urdaietako arazoak, etab. jasaten dituztelarik.

Coruñan burutu den epaiketan, ezbehar honen erantzuleak ez dira akusatuaren aulkian jarri. Pretige2Politikariak, ontziaren jabea, ontzia ustiatzen zuena edota ontzi hauei hain baldintza txar eta karga arriskutsuekin itsasoratzea baimentzen zienak… ez dira ezeren erantzule. Ez da zehaztu ere, eragindako kalte guztiengatik ekonomikoki nork ordainduko duen. Eta larriena, hurrengoa dugu: ez da inolako neurririk hartu etorkizunean “Prestige”-n antzeko kasu bat gerta ez dadin.

Barre egin digute guztioi. Batez ere, kostaldean garbiketa lanetan aritu ziren milaka boluntario eta arrantzaleei. Eurak, hiru botereak, dira tartakadak ematen dabiltzanak. Eta ez, hain zuzen ere, merenge tartakadak, txapapote toxikozko tartakadak baizik.

Pertsonaia hauek, kapitalismo basatiaren defendatzaile sutsuak, patrikak txanponez betetzeko asmo hutsarekin, ez dute eskrupulorik. Baimentzen baldin badiegu, berriro berdina egingo lukete. Eta hala, gure etorkizuna eta datozen belaunaldiena babesteko helburuarekin, berriro txapapotez zipriztindurik aurkituko ginateke.