Prekarietateari eta iruzurarri ez Anoeta estadioaren eraberritzean

Prekarietateari eta iruzurarri ez Anoeta estadioaren eraberritzean –

Oraingo honetan Igor San Jose ELA sindikatuko eraikuntza eta obra publikoen arduradunaren artikulu hau dakart Zuzeura, gaiak merezi duelakoan:

Prekarietateari eta iruzurarri ez Anoeta estadioaren eraberritzean

ELAk argi dauka Anoeta estadioaren eraberritzearen kostua ANOETA kiroldegiak aurrekontuetan aurkeztu dituen 50 milioi euro horiek baina askoz garestiagoa izango dela. Hori hala izango dela jakinda, galderak datozkigu burura: zergatik beherapen hau? Nork ordainduko du diferentzia? Zer esan nahi du beherapen horrek praktikan?

ELAn egin ditugun kalkuluetatik ondorioztatu dugu eraberritzearen benetako kostua ezin dela 70 milioi eurotik behera egon. Zentzugabekeria hori egiaztatuta, Eneko Goia Donostiako alkatearekin bildu ginen egoera larri honen berri emateko, baina badirudi sinestezin den lizitazio prezio honetan ez dagoela nahigabe egindako akatsik; dirudienez, kudeatzaile politikoak jakinaren gainean ziren eta onartua zuten gauza.

Lehenago aipatutako 70 milioiak ez da txiripaz botatako kopuru bat, Donostian antzeko obretako aurrekontuetan erabiltzen diren prezioekin zorrozki oinarritutako kalkulua baizik. Obra hauetan Anoetako proiektua egingo duen ekipo tekniko berak egiten ditu proiektuak, aurrekontuak eta lizitazioak. Hori dela eta, ELAn geure buruari galdetzen diogu: zergatik merkealdi hau? Eta batez ere: zeren kontura?

Nahita egindako lizitazioaz ari gara, badirudielako kudeatzaile politikoen helburu bakarra dela Realak ahalik eta gutxien ordaintzea edozeren kontura. Eta “edozer” hori erraza da imajinatzea nondik etorriko den, oso litekeena baita langileen lan baldintzek eta lurralde guztitik datorren diru publikoak estaltzea “zuloa”, hau da, prekarietateak eta iruzurrak.

Gauza bat da futbol zaletasuna eta kolore batzuekiko maitasuna, eta beste gauza bat da guztion diruarekin ordaintzen den iruzur planifikatua. Horregatik, ELAtik exijitzen dugu Anoetako eraberritzeak izango duen gainkostu hori Realak bere gain hartzea osoki.

Bestalde onartezina da obra hau lurraldearentzat proiektu handi gisa saltzen zaigun bitartean, “lurralde” kontzeptu hori ez zabaltzea enpresei Gipuzkoako lan hitzarmena betetzea exijituz. Iruzurra txuri-urdinez pintatuta ere iruzurra da, eta RESPECT hitza modan dagoela eta, horixe bera eskatzen dugu langileentzat eta diru publikoarentzat.

Hemen azaldutakoa kontuan hartuta, ELAk Anoeta estadioaren eraberritzerako lizitazio berri bat exijitzen du. Lizitazio honek bermatu eta lehenetsi behar du obra hau eredugarria izatea lurraldea aberastuz, benetako prezio sozialekin eta lan baldintza duin eta kalitatezkoekin. Eta, nola ez, gure diru-kutxa publikoak ere bete ditzala, legea betetzen delako, eta ez hustu, legea ez betetzeak sortutako iruzurragatik.

Prekarietateari eta iruzurarri ez Anoeta estadioaren eraberritzean