Prekarietatea bizikleta publikoan doa

Prekarietatea bizikleta publikoan doa –

Aitortu behar dut sekulako amorrua ematen didala goizero lanera joatean bizikleta publikoen auzoko estazioa (Bilbon) berriro hutsik dagoela konprobatzeak.

Zinegotziak adierazi du estazioak hutsik daudenean bizikleta erabiltzen ari direlako dela. Kuriositatez hau idaztera nindoanean aplikazioarekin konprobatu dut zenbat bizikleta libre dauden Bilbo osoan: 18. Gaua da eta euria ari du, baina horren arabera 282 bilbotar jo eta su ari dira uneotan pedalei eragiten. Horrelakoak gara.

Prekarietatea bizikleta publikoan doa
Arg: pearleandpiercehome.com / Hendrik Gassmann Photography

Hala ere, bizikleta publikoen sistema ez egurtzea erabaki dut. Orain arte oso txapuzeroa izan da eta apustu elektriko hau ez da oso ondo hasi, baina benetan uste dut garraio horren aldeko apustua egin behar dugula, agian estrategia integral baten baitan eta itxurakeriatik aldenduta. Edonola ere, apustu propagandistiko hori norabide egokian doa behintzat.

Kritika hori ekiditeko arreta erabiltzaile berrien ohituretan jartzea erabaki dut. Azken egun hauetan, inbidiaz begiratu diet bizikleta elektrikoa alokatzea lortu dutenei. Batzuek jolasteko erabiltzen dute, noraezean mugitzen dira, jiraka zirkuluak eginez, jostailu berri honek transmititzen duen sentsazioaz gozatzen. Eta ondo deritzot, gure hirian, gure kaleetan, gehiago jolastu behar dugu, eta baliabide ez pribatizatuekin baldin bada, hobeto.

Lehengo egunean, bi nerabe ikusi nituen bizikleta gordetzen, erabili barik. Bata saskibaloira aritzen zen bitartean kaleko zelai batean; bestea eserita zegoen banku batean, koadrilarekin berbetan. Bizikleten urritasunaren aurrean badaezpada bizikleta estazioan ez uztea erabaki dute berriro erabili ahal izateko, edo jabetza kolektiboan ez dute gehiegi sinesten eta jabetza pribatuen tendentziak gailendu dira.

Prekarietatea bizikleta publikoan doaBadaude turisteoa egiteko erabili dutenak ere. Alokairuak prezio eskuragarria du, batzuentzat egun batzuetan soilik erabiltzeko errentagarria suertatzen dena. Prezio horren aldekoa naiz. Irisgarritasuna (beharrezko ditugun lekuetara heltzera) eskubide unibertsala baita. Free Biking Tour publikoa dator Bilbora. Camilak MTVaren saraoaren aurretik Bilbo inguruan esango lukeen moduan: I love Spain… la comida, la gente, el flamenco, EL JAMÓN!!! eta bere bizikleta gorriak.

Baina gaur ikusi dudan azken erabiltzaileak txundituta utzi nau. Glovo banatzaile bat Bilboko bizikleta gorri baten gainean, bere kutxa erraldoi horia soinean, propagandarekin. Pertsona migrante bat zen. Marx-ek flipatuko luke eta berehala beste kapitulu bat gehituko lioke Kapitala liburuari. Hasteko nabarmendu behar dugu lan prekario hauek hiriguneetan soilik egon daitezkeela, kontsumo arineko produktuak banatzen dituztelako distantzia laburretan. Marxek azaltzen zuen kapitalistek ekoizpen baliabideak jartzen zituztela eta langileok, ezer ez dugunez, gure lan indarra saltzera behartuta gaudela, eta hemen pertsonen esplotazioa agertzen da, kapitalista gainbalioarekin geratzen delako. Glovo moduko enpresek beste buelta bat eman zioten esplotazioari, eta kontraesana areagotu. Eta langileak jartzen baditu bere baliabideak? Eta hor doaz, normalean, gure gazte migrante prekarioak, bere hankak, bizikleta, motorra edo Barik-a.

Gure hirian bete-betean  sartu dira instituzioak tutik esan barik, lan miserableak direla jakinda. Orain egoera tamalgarriek beste buelta bat eman diote logika horri. Eta administrazio publikoek jartzen badituzte baliabideak lan prekario hauek aurrera eramateko? Eta hor doaz gure bizikleta gorriak fast food edo tabako pakete bat eramaten kutxa hori batean. Orain bai, orain segur aski zinegotzi jaunak bizikleten erabilpen txar hori salatuko du eta neurriak hartuko dira langile horren kontra. Glovo, Uber, Free Tour guide, musika ekimen handiak eta lan baldintza prekarioak bultzatzen dituzten enpresen aurrean hartzen ez direnak.  

Prekarietatea bizikleta publikoan doa
Prekarietatea bizikleta publikoan doa

Guztia guztiona! Hiri komunaren aldeko militantea (Otxarkoaga, Bilbo). Denak ezinezko dirudi egiten dugun arte. @otxargorri