PPk Berriako azalean iragarkia ordaindu du gaur

Gauzak aldatzen ari diren seinale: PP Berrian bozka bila. Antonio Basagoiti euskaraz aritu da kanpainan, kale iragarkiak euskaraz jarri dituzte, Laura Garrido Berrian izan zen elkarrizketa digitalean. Euskal esparruan arrotz izateari utzi nahi al dio PPk?

Lagundu Aldatzen

Azalekoa edo faltsua dela pentsatuko dute askok, baina gertatzen ari da. Alderdi espainiarretan espainiarrenak, euskara kriminalizatu eta, besteak beste, Egunkaria ixtea agindu zuen horrek, euskaldunen ohean lekutxoa izan nahi du. Aipatzekoak dira Basagoitik euskara baldarrean egin dituen adierazpenak edota “Lagundu Aldatzen” slogana. Eta, gaur, pentsaezina zena, PPk Berriari dirua eman dio bertan iragartzearen truke.

Estrategia aldaketa baten seinale da, itxuraz euskara aintzat hartzen duen jarrera. Ez dugu su festarik egiteko, baina bada neurri batean albiste ona alderdiak euskara beretzat har dezala. Ikusi nahi nuke PP bozkatu nahi dutenen aurpegia kalean horrelako iragarkiak ikustean: sorpresa, poza, mesfidantza, harridura?

PPk abertzaleei egotzi izan die euskara politizatu izana. Txinak tibetarrei hori bera egoztea bezain inozoa da. Hizkuntza batek bere soziologia du eta beraz hizkuntza baten adierazpenak hiztunen pentsamenduaren araberakoak izango dira. “Politizazio” hori aldatzea haien eskuetan dago, ez gurean. PPko bozkatzaileen seme-alabek, hautagaiek… euskara beraiena dela ikusten badute denoi egingo digute fabore, epe luzera. Hizkuntzaren osasuna arnasberrituko litzateke euskara orain arte arrotz izan den esparru sozialetara hedatuz gero. Lagunduko diegu aldatzen?

Urrutiregi noa? Iluntasuneko argi zirrikitu iheskorra besterik ez da? Baliteke, bai, hala delakoan nago.

Baina euskaldunok hobe genuke poztu. Dagoeneko lortu dugu zer edo zer: egunkariak dirua lortu du. Zeren truke?

6 pentsamendu “PPk Berriako azalean iragarkia ordaindu du gaur”-ri buruz

  • Eta atzo Berriak Leopaldo Barredari egindako elkarrizketaren hasiera?:

    “BERRIAri eskainitako lehen elkarrizketa, adeitsu hartu gaitu Barredak (Bilbo, 1960), PPren Bilboko egoitzan. Bina musu eman, eta kafea ere eskaini digu…”

    Ui, ui, ui…:-)

  • Iñaki Larrañaga 2011-11-18 10:52

    Love is in the Air…

  • ondo dago Berriari kanpinan dirua eman izana, baina Madrileko boterea (eta Gasteizkoa neurri handi batean izanda) urtean zehar zer egiteko asmoa dute?

  • PPek Berrian PROPAGANDA!!!
    Frankistek separatisteei dirua ematen!!!
    Atzo bertan hau ikusteko biziko nintzenik ez nuen uste!!
    Eta,bozkak harrapatzea espero al dute??!! (jua,jua!)

    GARAn noizko?? Autonomikotan?

  • Egia esanda, hamaika tv-en tertulia politikoan askotan agertzen dira PPkoak.
    Normalizazioren bidean urrats ttiki bat 🙂

  • ZER ZER ZER???? Nire bixi laburrian ikusi dotrn gauzarik harrigarrijenetarikua dala aitortu bihar dot…eneeei!! Basagoiti EUSKARAZ mintzatzen? Edarra dauke desesperaziñoia honek…Iual nonor kamelako dabe, baña bixi guztiko PPkuak eztakitx nik zer eingo daben hau ikusitxa..