Poztu zaitezte!

By Arrate Rodriguez

Urtero-urtero kaleratzen dute bestsellerrak maite ez ditugunontzako bestseller erakargarriren bat. Aurten, Stéphane Hesselen “Haserretu zaitezte!”ren txanda izan da. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hamabi erredaktoretako batek injustiziaren aurrean sumintzera xaxatzen gaitu, harridura ikur eta guzti. Ezin uka izenburu zoragarria ez duenik. Ezin uka une batez sinetsi ez nuenik mundua aldatzeko gai izan zitekeela. Eta jakina, erosi egin nuen.

Nahiz eta frantsesez kaleratu bezain pronto euskaratua izan den, hamarkada batzuetako atzerapenarekin iritsi zaigu euskaldunoi panfletoa. Ukatutako herriari, aspaldi ukatu baitzaio baita haserretzeko eskubidea ere. Diotenez, izan zen haserretu eta harriak patriketan kalera irteten zen herri bat. Ondoren, antolakuntzak emozioen bat-batekotasuna ordezkatu zuen, eta jendeak, abstrakzioak aldarrikatuz ikasi zuen oinez. Handik ez askora, eta sarraskiak ebitatze aldera, haserrea erakusteko baimena eskatzea hobetsi zen. Aurrerantzean, haserrarazten gintuen gobernuaren poliziak zedarrituko zituen manifestazioak eta legez onartutako irainak soilik ziren oihukatuko. Segidan etorri zen manifestazio isilen garaia: okasiorako jantzita eta pipa zorroa aldean, sumindura bolanten auziak edo euskararenak sortua zen ahaztu zitzaigun, baina aurrera jarraitu genuen. Hura ere amaitu zen. Eta haserretu egin ginen haserrarazten gintuzten haiei haserrea erakusteko baimena eskatuta ere ez zigutelako ematen eta gure aldarriak entzunarazi genituen haserretzen utzi ez izanak sorturiko haserrea bideratzeko manifestazioetan.
Pixka bat erridikulua da dena. Pixka bat aztoragarria. Gurean aspaldi amaitu dira haserrerako garaiak. Gurean pozaren garaia heldu da. Edo hobe, pozaren garaiari heldu behar diogu. Ongi pentsatuta ez da hain plan txarra.

Hamaika motibo ditugu ospatzeko. Harro egoteko moduko zientoka lagun. Milaka dira asmatutako proiektuak eta oraindik asmatu gabekoak.

Behinola haserrea nola, gure poza konstituzionala den ala ez dabiltza kalibratzen orain. Espetxetik irtendakoari ongi etorri festa bat egitea, ospitalean dagoenari maitasun adierazpen bat egitea edota ihauterietan konpartsek giroa alaitzea, gaiztaginen gauza bilakatu dute, jazarri beharreko jarduera kriminalak.

Ez gaitezen burokraziaren bidezidorretan gal. Ez gaitezen despista. Ez gaitezen haserra poza debekatzen digutelako. Garai berri baten aurrean gaude. Haserra daitezela haiek.

Izenburua polita dauka. Eta mundua alda dezake.

(Zazpikan argitaratua)

ALDAPEKO