Porrontxoak eta Sudurgabeen mugimendua

MjgxMQ==
“Baietz sudurra harrapatu? Hara! Hemen daukat: sudurrik gabe geratu zara! Gogoratzen txikitako jolas hura? Ba orain udala dabilkigu umekeriatan, egiatarroi sudurra kendu nahian”, salatzen dute Donostiako kaleetan gezurrezko sudur erraldoiak jantzirik dabiltzan manifestariek.

30 urte daramatzate egiatarrek beren Porrontxoak ospatzen, eta udalaren murrizketa nabarmenak pairatu dituzte azken urteotan. Txoznak non eta nola jarri behar ziren arautu zuen udalak lehenik, eta geroago, asteburuetan ere 01:00etan ixtea derrigortu.

Jai Batzordeak jasotako azken agiriaren arabera, ordea, aurtengo ekitaldi guztiak 23:00ak aurretik amaitu beharko dira. Batzordearen ustetan, udalak ez ditu ezinbesteko azpiegiturak eskainiko jaietan, eta halako erabakia auzokoez fidatzen ez direlako hartu dutela jakinarazi dio udalak Jai Batzordeari.

Irudimen, dotorezia eta ironiaz hartu dute egoera egiatarrek, eta urtero legez, iraila honetan ere Porrontxoak ospa ditzagun mobilizatu dira. Hona hemen beren manifestu umoretsua:

A–TOTXAko MANIFESTUA

Guk, Porrontxokumeok ez dugu  BARNE PRODUKTU GORDINA gure bizimoduaren maila neurtzeko formula: EGIA IS DIFERENT , “ EGIA EL BARRIO DONDE REINA LA ALEGRIA Y EL BUEN HUMOR” izan da beti. Horrexegatik, BARNE ZORIONTASUN GORDINA zenbatzen dugu guk, produktuaren kuantifikazioa  triste bizi nahi dutenentzako utziaz. Geure formula berritzailea da, I+D+I deitutakoa: IRUDIMENA, DOTOREZIA, IRONIA. Eta gainera badu kalitate zigilu oso berezia eta fidagarria: K-ALAMIDADEAREN “K” zigilua.  

Jai espontaneo, autogestionatu eta autonomo batzuetan sinesten dugu itsu-itsuan, auzokideek eraikiak, eta horregatik bizilagunekin hartu emanak garatzeko beraiei Eskatzen diegu, eurak Eskaintzen dute eta azkenik Eskertza dator. Eta alderantziz.  

Alkate jaunari zera diogu , leku txarrean sartu duela muturra, eta orain iratxoak beharrean sudurrak aterako zaizkiola leku denetan. Prestatu daitezela bera eta bere morroiak SUDURREN GARAIA IRITSI  DA-ETA!! IKUSI, DASTATU, IKUTU, BAINA BATEZ ERE, USAINDU ARO BERRI HONEN ETORRERA.  

Gaur eta hemen, ATOTXAko dorre mitiko honen azpian SUDURGABEEN MUGIMENDUA iritsi dela iragarri nahi dizuegu. Ekinbide berri honek ez du atsedenik hartuko eskubidez gureak diren jaiak antolatzeko hiriko gerifalteek kontrakoa badiote ere!!        

Hauexek dira eskakizunak:  

-Odon Elorzak, Denis Itxasok eta Enrique Ramosek Totxo, Totxa eta Panotxa pailazoz jantzi eta egiatar guztiontzat saio mundiala egin dezatela eskatzen diegu.

-2016an Donostia “Capital de la Sudurra” izendatzea.                                                    

-Eta hirugarrenik, eta azkenik, udal korporazioak Beyonce abeslariaren bideoklip ospetsuaren parodia egin dezan eskatzen dugu. Hori bai, sudur handi bat besterik ez dutela jantzita.  

Soilik hiru eskakizun hauek betetzean, sudurren uholdea desaktibatzeko moduan izango gara. Bitartean presta zaitezte, eta PORRONTXOENGATIK lasai egon, berdin-berdin egingo ditugu-eta gauez zein egunez haur, gazte eta zahar ZIRT ETA ZART!!!  

A! Eta ahaztu gabe, Udalari jakin arazi nahi diogu, aurten ere, Porrontxoak izango direla, 30 urteurrena dela aurtengoa eta mundialak izango direla!  

GORA EGIA! GORA SUDURRAK!GORA PORRONTXO JAIAK!!   

 

Sudurgabeen mugimenduak badu bere gunea sarean ere: http://porrontxojaiak.org/wpmu/sarerroa/

Irudia | sin-totxa mugimendua | Sin-totxa mugimendua | Creative Commons By SA
Egiako Jaiak, Porrontxoak
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude